2024, bultzadaren urtea

Spread the love

Urte berri baten hasieran ohi dugun bezala hurrengo hilabeteetarako ditugun erronkak aipatu ditugu, hain zuzen ere, Donostia hiri hobea bihurtuko duten proiektu garrantzitsuenak.

Aspalditik martxan dauden proiektu asko azken fasean sartuko dira edo amaitzen joango dira; eta, hasiko diren beste proiektu asko amaitutakoan, gure hiriak itxura guztiz berritua eskainiko du.

 

Beraz, zalantzarik gabe, 2024a Donostiarentzako bultzadaren urtea izango da. Horretarako, lehen erronka, 2024ko aurrekontua onartzea izango da; proiektu asko gauzatzen ahalbidetuko duen aurrekontua. Urtarrilaren amaieran Udal gobernuaren proposamena aurkezteko moduan egongo gara, eta dagoeneko aurreratu dezakegu, %4 handiagoa izango dela, inflazioari aurre egiteko eta Udalaren historiaren finantza-kreditu eragiketa handienari, hau da, Loiolako kuartelak erosteko eragiketari aurre egiteko.

Garapen berriak eta proiektuen amaiera

Loiolako Kuartelen eremua diseinatzeko prozesua hasteaz gain, hiria pixkanaka berrantolaketa urbanistikoan aurreratzen joango da: Lorategi Hiriko urbanizazioa; Infernua, Igara eta Illarrako eremu berriak garatzeko obren hasiera; Martuteneko espetxearen leku-aldaketa…

Horrekin guztiarekin batera, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aurrerapena onartuko da eta plana idazten hasiko da. Ildo beretik, ostatu-erabilerei buruzko egungo Plan Orokorraren aldaketari hasierako onarpena ematea ere aurreikusten da, hotel berrien lizentzien etenaldia beste urte batez luzatzeko”.

Era berean, beste hainbat proiektu zehatz garatuko dira, besteak beste segidakoak: Antso Jakitunaren alde bikoitiaren espaloia urbanizatzea; Bidebietako parkea berritzea; Anoeta ingurua urbanizatzeko lehen fasea; Martuteneko biribilgunea egiten hastea; San Martin eta Bretxa merkatuak berritzea;  ZM berria; eta Kontxako barandaren berritzkeo azken fasea.

Etorkizuneko mugikortasuna

Hiriko Mugikortasun Plana onartu ondoren, etorkizuneko mugikortasunerantz urratsak ematen jarraituko dugu. Gure helburua argia da: oinez edo bizikletaz joatea bezalako modu aktiboak sustatzea, garraio publikoa bultzatzea eta hori guztia erraztuko duten hiri-inguruneak sortzea.

Dbusen flota berritzeko lanean jarraituko dugu, eta Monseko kotxetegiak elektrifikatzen hasiko dira. Eta bizikleta bidezko mugikortasuna bultzatzeko, hiriko bizikleta-sarea hobetzeko lanean jarraituko dugu, eta amaituta ikusiko ditugu Bidebieta eta Trintxerpe lotzen dituen  bidegorri-zati estrategikoak edo Boulevard, Erregina Erregeordearen eta Zurriolako zubiaren arteko zatirako proiektua.

Topoaren lanek ere aurrera jarraituko dute. Egungo bi tunelak laster egongo dira lotuta, eta beraz, inguruaren berrurbanizatzeko lanak hasiko dira, hala nola, Easo eta Xabier Zubiri kaleetan.

Eta hiri gero eta iraunkorrago baterantz aurrera egiteko Isuri Gutxiko Eremuarem proiektua garatzen jarraituko dugu. Aurreikuspenen arabera, urtearen amaieran ezarriko da, datozen hilabeteetan aplikazio-esparrua adosteko egingo den partaidetza-prozesuaren ondoren.

Kultura eta Kirola

2024an ere kultura eta kirol ekitaldi garrantzitsuak izango ditugu hirian. Horien artean, Eduardo Chillida jaio zenetik mendeurrena beteko da, eta urteko erreferentzia kulturaletako bat izatea nahi dugu. Horretarako, Haizearen Orraziaren mendi-magala birmoldatzeko lanei ekitea dugu helburu, Kostaldeetako Zuzendaritzak baimena ematen digunean.

Kirol arloan ere helburu handiak ditugu. Horietako bat, eta garrantzitsuena esango nuke, gainerako erakundeekin akordioa lortzea Illunbe eraberritzeko eta erabilera anitzeko pabilioian bihurtzeko. Baina, akordioa lortu bitartean, ez gara geldi egongo, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu gainerako kirol-instalazioak berritzeko pausoak emateko, besteak beste, miniestadioa, belodromoa edo Anoetako Estadioaren ikusle kopupurua handitzeko lanak.

Ezagutzaren hiria

Donostia Zientza eta Ezagutzaren hiria da, eta argi gelditu da azken urteetan garatutako hainbat proiekturi esker. Hori sendotzen jarraitzeko helburua dugu, eta horretarako, lanean jarraituko dugu 2024an ere, Miramongo Parke Teknologikoa handitzeko, edo martxan dauden hainbat eraikinen lanak bultzatzeko: ordenagailu kuantikoaren egoitzaren eraikina, Donostia International Physics Center-en egoitza berria, edo MUBILek Eskusaitzetan duen egoitza.

Donostiar guztien bizi-kalitatea hobetzea helburu

Gure helburu nagusiena donostiar guztien bizi-kalitatea hobetzea da. Villa Salia edo Abegi Etxea berritzeko lanak garatuko dira hasi berri den urte honetan. Eta era berean, donostiarrekin komunikazioa errazteko Donostia Eskura APP berria aurkeztuko dugu, hain zuzen ere, hiritarrei udal administrazioarekin kudeaketa eta izapideak modu eroso, azkar, eta errazago batean egitea ahalbidetuko duen APP berria.

Eta Udalak berak bultzatutako proiektuez gain, beste eragile eta erakunde batzuek martxan jarritako beste proiektu handi batzuek ere indartuko dute hiria 2024an. Horien artean, Donostia Ospitaleko Osasun Hirian egingo diren hobekuntzak (aparkaleku berria, Protonterapia eraikina eta Kanpoko kontsulten eraikina), Bretxan dagoen Erdigunea-Alde Zaharra Osasun Zentro berria, edo Basque Culinary Centerren GOe eraikina eraikitzeko lanak.

 

Urte luzea dugu aurretik, eta proiektu asko esku artean. Atsedenik gabe horiei guztiei heltzeko unea da. Eta bide hori hiritarren eskutik egin nahi dugu. Jarrai dezagun guztion artean Donostia hobea egiten.