Aukeren hiria bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko
Goiza hainbat gazterekin pasatzeko aukera izan dut Loiolan, euren beharrei buruz hitz egiten. Gauza askori buruz hitz egin dugu, baina bereziki etxebizitza beharrari buruz, euren bizitza proiektuak hirian egiten jarraitu ahal izateko.
Horren harian, laster hasiko dira 2.000 etxebizitza eraikitzen hainbat eremutan, eta Loiolako Kuartelen salerosketari esker beste 1.700 egingo dira, eta asko babes publikoko etxebizitzak izango dira. Horretarako, Udalak 73 milioi euroko inbertsioa egingo du, eta bertan, auzo moderno bat sortzeko aukera izango dugu, XXI. mendeko arkitekturarekin, berdeguneekin, Intxaurrondo eta Erdigunearekiko loturarekin, Urumearekin integratuta eta ekipamendu publikoak eta zerbitzuak sortzeko aukerekin.
Eta hori lortzeko, nazioarteko arkitektura-lehiaketa bat sustatuko dugu, eremu horrek merezi duen kalitatearekin eta altuerarekin definitzen eta diseinatzen lagunduko diguten hirigile onenek parte hartu dezaten.
Lau seme-alabaren aita naizen aldetik, gazteek gure hirian beren bizi-proiektua egiteko zailtasunak izateak kezkatzen nau, eta, beraz, hurrengo belaunaldiari zentzu horretan ondare bat uztearekin tematuta nago.
Gainera, beharrezkoa da etxebizitza berri horiek familia mota ezberdinak hartzeko egokiak izatea, izan familiabakarra, bi senidez osatuak; eta mota ezberdinetako etxebizitzak izan behar dira: publikoak, tasatuak, jabetzan, iraupen laburreko edo luzeko alokairuan, errenta altu, ertain edo baxuetarako, dauden tipologia eta eskaera desberdinei erantzun ahal izateko.
Aukeren hiria
Lan egiteko hiriak eskaintzen dituen aukerei buruz ere hitz egin dugu. Donostiak Euskadiko eta Estatuko langabezia-tasa baxuena duen hiria izaten jarraitzen badu, gazteek hemen lan egin ahal izango dute. Horrekin batera, etxebizitza berriak egiteko gai bagara, gazteak hemen bizi ahal izango dira. Eta hemen lan egiten badute eta hemen bizi badira, hemen gozatu ahal izango dute.
Hortaz, konpromiso argia hartu dugu: Hiri oparo bat izateko lan egiten jarraituko dugu, kalitatezko enplegua eta aukerak sortzen dituen hiria, hainbat arlotan erreferente den hiria. Horretarako osagaiak baditugu, izan ere, Donostia bizitzeko, gozatzeko, kirola egiteko, gastronomiaz eta kulturaz gozatzeko hiria da, eta hala izaten jarraitzeko lan egingo dugu.
Gure helburua da aurreko belaunaldiek gurekin egin zuten bezala, ondorengo belaunaldiei hiri hobeagoa uztea.