Aurrekontu soziala, inbertitzailea eta jasangarria

Spread the love

2024ko Donostiako Udalaren aurrekontu-proiektua aurkeztu dugu gaur. Guztira 483,6 milioi euroko aurrekontu kontsolidatua izango dugu, iaz baino %4,68 handiagoa. Eta helburua argia da: donostiarren bizi kalitatea hobetzea auzoetan jarduketa berriekin; gehien behar duten pertsonei laguntzea; eta hiriko ingurumena eta iraunkortasuna hobetzea.

Aurrera egiten duen hiriarentzat diseinatutako aurrekontua da, hurrengo hogei urtetara begiratzen duen aurrekontua. Hurrengo belaunaldiei hiri hobea utzi nahi badiegu orain hartu behar ditugu hainbat erabaki: etxebizitza gehiago egiteko pausoak eman, lan egiteko aukerak sortu, ingurumena zaintzeko ekimenak egin, gizarte-kohesionatua izateko neurriak hartu edota erakargarritasuna duen hiria izaten jarraitzeko jarduketak burutu.

 

Gastu arrunta nabarmen handitu da, besteak beste, pertsonal gastuari bideratutako aurekontu sailen handitzea dela-eta, eskaintzen diren udal zerbitzuen kostuaren igoera dela-eta, eta zor publikoaren handitzea dela-eta Euriborraren igoera eta Loiolako Kuartelak erosteko sinatuko den maileguak sortuko dituen interesen ordainketagatik.

 

Udalak gastu korrontearen handitzeari aurre egiteko gai izango da Udalak Finantziatzeko Foru Funtsaren ekarpena iaz baino %7,05 handiagoa izango delako eta zerga-politikaren eguneraketaren ondorioz diru-sarrera arruntak handitu egingo direlako.

 

Helburua da, eskaintzen diren kalitatezko zerbitzuak ematen jarraitzea.

 

Gizarte gastua

 

Aurrekontu proiektua diseinatuta dago gehien behar duten pertsonei laguntzen jarraitzeko. Eta horretarako Gizarte Ekintza departamentuak 36,3 milioi euroko aurrekontua izango du, iaz baino %8,5 handiagoa, eta historian izan duen handiena.  Horri esker, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak handitu ahal izango dira (%14,7), baita Lan Partekatuaren Planaren Lagunak eta elikadurara bideratzen direnak ere (%9,3).

 

Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu sendoa

 

Aurrekontuaren beste ezaugarri nagusienetako bat da Udalatik egiten ari garen mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu sendoa berresten duela. Dbus-ek Udaletik jasotzen duen diru ekarpenari esker autobus elektriko gehiago erosteko eta kotxetegiak elektrifikatzeko pauso sendoak egingo ditu.

 

Era berean, mugikortasun bertikalean inbertsio berriak egin ahal izango dira, besteak beste, Heriz inguruko igogailua, eta Erregina Erregente ingurua berrantolatu eta Zurriola Zubiaren egokituko dira oinezkoen eta bizikleten aldeko apustua sendotuz. Izan ere, Bulebarreko eta Zurriolako bidegorrien arteko lotura hobetuko da.

 

Inbertsioak

 

Udalaren finantza-egoera ona da. Horri eta Europako Batasunatik etorriko diren funtsei esker, inbertsioak egiten jarraitzeko gaitasuna izaten jarraituko dugu. Guztira, aurrekontuak 100 sail baino gehiago ditu martxan dauden garapen urbanistikoekin jarraitzeko (10,8 milioi euro bideratuko dira), kirol eta kultura instalazioetan inbertsio berriak egiteko (besteak beste Herrera eta Añorgako futbol zelaiak), eta hiriko auzoetan dauden hainbat behar eta proiektu gauzatu ahal izateko.

 

Su-Itzalketa, Prebentzio eta Salbamendu zerbitzuak ere makina berriak, instalazioak eta tresneria berritzeko aurrekontu-sailak izango ditu, baita 3 kamioi eta 4X4 ibilgailu bat erosteko ere. Eta gainera suhiltzaile gidari izateko 3 plaza eta komunikazioen operadore izateko plaza bat sortuko dira. Udal langile berri horiek sortuko diren 16 lanpostu berrien artean daude.

 

Inbertsioen artean Igeldo eta Ekialdeko Barrutiari bideratutakoek tarte berezia merezi dute. Izan ere, Igeldo Entitate Txikia izateko prozesuak aurrera jarraitzen duen bitartean – espero dugu urte amaierarako Tokiko Entitate Txikia Eratuta egotea -, Entitatearentzat behin behineko lokala egokitzeko edo Igeldoko eskola zaharra  berritzeko prozesua hasteko hainbat inbertsio egingo ditugu.

 

Ekitaldeko Barrutian ere, 2024 eta 2025eko aurrekontuak osatzeko parte hartze prozesuan erabakitako hainbat proiektu gauzatuko ditugu aurten, eta Barrutiaren Batzarrak ia 360.000 euro kudeatuko ditu adostutako beste hainbat proiektu egiteko. Horiez gain, Udalatik Barrutiaren lokala egokitzeko lanak martxan jarriko ditugu, Altzako hiri-berroneratzearkin jarraituko dugu, eta besteak beste, Sorleku Parkearen poriektua garatzeko eta Nao Etxea berritzeko aurrekontu sailak aurreikusi ditugu.

 

Hiriko gainerako auzoetan aurreikusitako inbertsioez gain, beste 1,5 milioi euro bideratuko ditugu 2024ko eta 2025eko aurrekontuak osatzeko Parte hartze prozesuan erabakitako hainbat proiektu garatzen hasteko.

Donostia aurrera egiten duen hiria da, guztion ekarpenei esker. Gaur hasiera eman diogu aurrekontua onartzeko prozesuari, eta martxoan emango diogu hasierako onarpena. Guztiokin hitz egiteko prest gaude hiriak aurrera egiten jarrai dezan akordioak lortu eta hiriarentzat onak izango diren proiektuak gauzatzeko.