Auzoz auzo donostiarren eskaerak erantzungo ditugu

Spread the love

Gaurkoan Donostiako EAJ-PNVren hautagai-zerrenda ostatzen dugun taldearen bilera egin dugu, hurrengo asteetan jarraituko ditugun lan-ildoak zehazteko.

 

Hurrengo asteetan, auzoz auzo ibiliko gara donostiarren eskaerak erantzuten. Eta horretarako, auzo guztietan egongo gara, modu zehatzean egindako esku-orriak banatzen. Eta esku-orri horietan azken hilabeteetan donostiarrek zuzenean zein sare sozialen bidez egin dizkiguten eskaerei erantzunak aurkituko dituzte.

 

Hala ere, hau ez da orain martxan jarri dugun zerbait. Legealdiaren hasieratik, 2015-2019 legealdian hasitako prozesuarekin jarraitu dugu, eta astero hitzordua eskatu duten ehun hiritar baino gehiagorekin egoteko aukera izan dut.

Era berean, behin osasun-larrialdiaren konfinamendua amaituta, auzo mahaiak antolatzeko ekimenarekin jarraitu dugu, Amara Berrin eta Loiolako Erriberatan, auzo horiekin lotura zuzena duten gaiei heltzeko. Eta gainera, auzo elkarte ezberdinekin izandako harremana, etengabekoa, arina eta oso emankorra izan da. Horri esker, besteak beste, honako proiektuak martxan jarri ditugu: Bidebietako plazaren berrantolaketa – laster hasiko dira lanak – Sorleku parkea Dbusen kotxeren ondoan sortzeko proiektua, edo Antiguako frontoiaren harmaila berritzea.

 

Halaber, arlo ezberdinetako 200 pertsonarekin – gazte, adineko pertsona edota gizarte-, ekonomia- eta kultura-eragileak – bilerak egiteko aukera izan dut. Horiekin guztiekin, zuzenean eta modu zintzoan, hitz egin eta eztabaidatu ahal izan dugu martxan dauden proiektuei zein Donostiako etorkizuna guztion artean eraikitzen jarraitzeko hainbat proposamenari buruz.

Argazki hauetan ikusten duzuen lan-taldea ilusioa eta bide-orri argia duen lan-taldea da. Eta entzute aktiboan oinarritutako politika egiten jarraitu nahi du, enpatiatik eta hiritarrek eskatzen duten atentzioa emanez.

 

Laster aurkeztuko dugu gure hauteskunde-egitasmoa. Ehunka donostiarren ekarpenetik egindako programa da, Donostiatik eta Donostiarentzat egindakoa. Eta programak helburu nagusi bat izango du: Donostia bizitzeko, bizikidetzarako, lan egiteko eta disfrutatzeko Europako hiri onena egitea.