Merkataritza txikia indartzeko plana bultzatuko dugu, belaunaldien arteko ordezkapena erraztu eta bere digitalizazioa bultzatuz

Gertuko merkataritzak auzoak dinamizatzeko eta egituratzeko duen papera oso garrantzitsua da. Gaur goizean Egian izan gara hainbat denda bisitatzen taldearekin batera. Denda txikiak, bizilagunei zerbitzuak eskaintzeaz gain, bizi-kalitatea ematen du, eta funtsezkoa da komunitatea taxutzeko eta sendotzeko.

 

Azken hamarkadan gertuko merkataritzak krisiaren eragina jasan du, baita kontsumo-ohituretan izan diren aldaketen inpaktua ere, batez ere on-line erosketetatik eratorria. Populazioaren zahartzeak eta belaunaldien arteko aldaketak ere erasan diote. Horren harira, merkataritza txikia bultzatzeko plana egitea proposatu dugu, alde batetik belaunaldien arteko erreleboa erraztuz, eta, bestetik, digitalizazioa bultzatuz.

 

Hurbileko merkataritzari, auzokoari, lagundu behar diogu, jauzi teknologiko bat eman eta kontsumitzaileengana hurbiltzen, batez ere gazteengana. Izan ere, gazteen eguneroko ohituretan teknologia mugikorra indarrez txertatu da, baita erosketak egiteko garaian ere. Gertuko merkataritzari sarean sartzen lagundu behar zaio, gazteengana heltzeko, auzoko betiko dendetan konfiantza izaten jarrai dezaten.

 

Horretarako, Donostiako Sustapenaren eskutik, merkatari txikiei aholkularitza eta laguntza emateko plan bat egitea proposatu dugu, lehiakorragoak izan eta teknologia berriek eskaintzen dituzten abantailak aprobetxatzeko.

 

Jarraipenik ezaren ondorioetako bat da hiriari zerbitzua eman dioten saltokiak ixtea.   Belaunaldien artean falta izan den erreleboa bermatzeko pizgarri fiskalak aztertzeko konpromisoa hartu dugu, negozioak hurrengo belaunaldiei transmititzea erraztuko dutenak. Horrela, enplegu aukerak sortuko dira, eta merkataritza txikiaren jarraipena ziurtatuko.

 

Hirugarren sektoreko erabilerak murriztu eta erresidentzialak handitu

 

Txikizkako merkataritzaren gaineko presioa handitu egin da, batez ere kate handien saltokiak ireki izanaren ondorioz, bai erdialdean eta bai saltoki handietan. Ildo horretatik, hauteskunde-programan jaso dugu Plan Orokorrean aurreikusitako eraikigarritasun tertziarioa murriztu eta bizitegiak eraikitzeko proposamena, baita lurzoru gehiago ez birgaitzekoa ere, kate handiak gehiago ez hedatzeko.

 

Bi neurri horiek ahalbidetuko dute, alde batetik, bizitegi-dentsitatea handitzea, eta, bestetik, hurbileko merkataritzarentzat gune berriak sortzea, garapen berri horietako biztanleei zerbitzua emateko, komunitate sendo batekin auzo dinamikoak sor daitezen.

 

Inguruko produktuak

 

Amaitzeko, inguruko produktuak merkaturatzea bultzatzearen alde egin dugu, Bretxa berriaren antzeko ekimenak abian jarrita, non bertako produktua den protagonista nagusi.

 

Donostiako merkataritza ez da ulertzen tokiko produktua merkaturatu gabe. Lehen sektorea funtsezkoa da hiriko merkataritzarentzat, kalitatea eta hurbiltasuna ekartzen baititu, hiriari eta lehen sektoreari dinamismo eta sendotasuna ematen dioten bi ezaugarri.

Donostiarako dugun proposamenak proiektu estrategikoak eta auzoen zaintza batzen ditu

EAJk datozen lau urteetarako aurkeztuko duen proposamenak hiri gisa hazten lagunduko diguten proiektu estrategikoak jaso ditu, ikuspegi lokalarekin eta auzoen beharretan zentratua.

 

Hautagaitzako kideekin batera, hauteskunde-proposamen nagusien laburpen bat egin dugu, eta garrantzitsuenak iruditzen zaizkigun aspektuak zehaztu ditugu, herritarrek ondo aukera dezaten datozen lau urteetan hiriaren gidaritza nork eramango duen.

 

Kanpainan zehar aurkeztu ditugun proiektu estrategiko nagusiak gogoratu nahi izan ditugu: UNESCOk Haizearen Orrazia Gizateriaren Ondare izenda dezan emandako pausoak; Anoetako kirol instalazioen berriztapena bultzatzeko proposamena, Foru Aldundiarekin batera kudeatuko lukeen partzuergoaren bitartez; nazioarteko lehiaketa bat bultzatzea, Sagues auzoaren behin betiko diseinua zehazteko; 2021. urterako hiritik plastikozko poltsak kentzeko plangintza; nazioarteko ikertzaileei ostatu emango dien bigarren Talent House-a; Loiolako Erriberan tren aldageltokia eraikitzea; Donostia Kulturaren sarearen barruan kultura digitaleko lehenengo etxea sortzea; erabat elektrifikatutako dBus linea bat martxan jartzea; etxebizitza formula berriak bultzatzea; edo Eskusaitzetako industrialdea merkaturatzea, hirira aberastasuna ekartzeko.

 

Orain arte aurkeztutako proiektu horiekin batera, beste egitasmo batzuk ere badaude, Donostiari hiri gisa jauzi bat egiten lagunduko diotenak: AHT-ren geltoki berria eraiki eta Tabakalerako eraikinean integratzea; Easoko trenbide-hondartzan 20.000 m2 berreskuratzea, Topoa lurperatu ondoren hirigune bihurtuko direnak; eta azkenik, Loiolako kuartelak eta Martuteneko kartzelak hartzen dituzten eremuak hiriarentzat bereskuratzeak etxebizitza parkea hobetzen lagunduko lioke Donostiari.

 

225 proposamen auzoetarako

 

Hiri mailako dimentsioa duten garrantzi handiko egitasmo horiekin batera, auzoetarako EAJk diseinatu duen plan anbiziotsua zehaztu dugu. Alderdiaren programak 225 proposamen bildu ditu, auzo guztietara hobekuntza nabarmenak ekartzeko. Begirada makroari “mikroa” erantsi diogu; hirirako plangintza globalari eta proiektu estrategikoei, akupuntura soziala, auzo guztietarako ekintzekin.

 

EAJk auzoetarako jasotako ekintza-programak honakoak zehazten ditu: Aieten bidegorri bat eraikitzea; Bretxako merkatu berria; igogailuak jartzea Larratxon eta Heriz Pasealekuan; Amaran, Isabel II.a oinezkoen eremu bihurtzea; Loiola eta Añorga bulevarizatzea; Grosen haurreskola zerbitzu berria; Bidebietan kultur ekipamendu hobeak; edo Egian Iztueta biaduktuaren berrantolaketa. Horrekin batera, hirirako beste sarbide bat proposatzen du Marrutxipitik, Ilarra eta Infernuko hirigintza-garapenak Antigua-Igaran, eskola-jolaslekuak estaltzea Altzan eta Intxaurrondon, edo Txomin eta Martuteneko trenbide-pasaguneak ezabatzea.

 

EAJk hauteskunde hauetara aurkezten duen programa anbizio handikoa da, hiriarentzat erronka berriak planteatzen ditu eta; orekatua, auzo bakoitzaren beharrak eta egungo egoera kontuan hartzen baititu; eta errealista, izan ere, burutazio xelebre edo proiektu handiez harago, datorren legegintzaldian burutzeko moduko ideiak planteatzen ditu.

 

Uste dugu hiriak aurrerapauso handia eman duela lau urte hauetan, baina aldaketa hori finkatzea beharrezkoa da, lau urtez bakarrik eta akordioetara heltzeko gaitasunik gabe agindu zutenek eraman gintuzten paralisira berriz itzul ez gaitezen.

 

Hori dela eta, berriro alkate izateko aukera emango balitzait, egonkortasuna emango duten akordioak lehenetsiko nituzke.

 

Akordioak programa eta hiri-proiektua oinarri dutela, Udala berriz ere paralisiak jota gelditu ez dadin, gero eta hiri hobea izaten jarrai dezagun.

 

Aldi berean, erakundeen arteko lankidetza aldarrikatu dugu, inbertsio handiak eskatzen dituzten proiektuak martxan jartzea ahalbidetzeko. Adibide gisa jarri ditugu Eusko Jaurlaritzarekin lortutako hitzarmenak -Anoeta Estadioa, Topoa, Eskusaitzetako poligonoa, dBus-en elektrifikazioa-, Foru Aldundiarekin erdietsiak -Elektromugikortasun Gunea, Tabakalerako laborategi gastronomikoa-, edota Espainiako Gobernuarekin lortuak -AHTaren geltokia…-, tamaina handiko proiektuak ekarri eta ekarriko dituztenak, hiria benetan eraldatzen dutenak.

 

Azkenik, hiri osoaren espiritu kolektiboa” aldarrikatu dugu, “horrek eramaten baikaitu helburu berriak finkatu eta gauzatzera.

 

Alkate batek edo udal batek ezin ditu martxan jarri hiri batek aurrera egiteko behar dituen ekimen guztiak. Horrek herritar guztien parte-hartzea eskatzen du. Donostiaren kasuan, ondo baino hobeto erakutsi dute gizarte zibil dinamiko eta kritikoa dela, askotan erakundeen aurretik doana, hiriak etorkizunerako behar dituen erronka berriak planteatu eta exijitzeko orduan.

Nazioarteko lehiaketa egitea proposatzen dugu Sagueseko urbanizazioa diseinatzeko

Sagues berrantolatzeko proposamena aurkeztu dugu kanpainako lehen igande honetan. Nazioarteko lehiaketa egitea proposatzen dugu auzoaren urbanizazio berria diseinatzeko. Izan ere, Sagues hiriaren gune oso berezia da eta irtenbide egokia behar du, hain zuzen ere, gunea biziberrituko duen eta hirian integratuko duen kalitatezko irtenbidea. Helburua, soluzio integrala eta kalitatezkoa ematea litzateke, hirigintzaren ikuspuntutik hiriarentzat garrantzi haundia duen espazio hau osatzeko.

 

Eta horretarako, hiru ardatz hartu behar dira kontuan: Sagüesek duen auzo izaera; erabilera anitzeko hiri gune aparta, aisialdirako asko erabiltzen dena; eta natura eta hiriaren batasun egokia.

 

Sagüesen donostiarrok hamaika gauza egiten dugu: paseatu, kirola egin, patinatu, surfa egin, kontzertuetara joan, terraza edo horman arratsaldea pasa edo, soil soilik, hiriak duen bista ederraz gozatu. Gainera, bertan bizi den jendea badugu, eta beste batzuk ikastetxera ere joaten dira.

 

Sagüesen azken urteotan eman diren soluzioak modu soltean hartu dira, inungo irizpie bateraturik eman gabe, eta horrek zati askoz osaturiko multzoa utzi du. Uste dugu ordua dela ikuspuntu orokor eta oso batetik soluzio integral bat mahai gainean jartzeko espazio hau eraldatzeko asmoz.

 

Horrenbestez, nazioarteko lehiaketa antolatzearen alde egin du, auzoaren erabateko biziberritzea egiteko, eta horretarako hirigintzan zein arkitekturan adituak diren taldeak deitzearen alde egin du. Horren harian, EHU/UPVko Arkitektura Eskolako ikasleek legealdi honetan egindako lana, auzoan hartu beharreko neurrien inguruan hamar irizpide utzi dituztelarik, eta jarraitu beharreko bidea erakutsi digutelarik.

 

Aldi berean, bertako bizilagunekin prozesu partehartzailea egitea beharrezkoa ikusten dugu, eurek esan dezaten zeintzuk diren auzoaren beharrak eta proposamenak.

 

Hortaz, argi gelditu da irtenbidea ez dela eraikinak egitea, baizik eta gunea auzoan eta hirian orokorrean modu egokienean integratzea. Horrenbestez, auzoaren beharrei erantzungo dien gune funtzional baten alde egiten dugu, baita hiriak dituen erabilera ezberdinei erantzuna emango dien diseinu baten alde ere.

 

Helburua da bertan bizi direnak gustura bizitzea eta euren auzoko bizi baldintzak hobetzea; baina baita Donostiatik zein kanpotik hurbiltzen direnei ere aukera ezberdinak eta hobeak eskaintzea ere.

 

Lur azpiko aparkalekua haunditzea

 

Horiek horrela, proposatu dugu, lur-azpiko aparkaleku handiago bat egitea, kalean dauden ibilgailuak kentzeko eta, beraz, donostiarrak disfrutatzeko gune handiago bat izateko. Eta gune hori auzoarentzat funtzionala izango litzateke, eta hiriak ere aisialdirako eta kultur zein kirol erabileretarako gunea irabaziko luke.

 

Neurri horrekin ibilgailuak kenduko ditugu kanpoaldetik, eta bertako pertsonen joan-etorria erraztuko dugu, baita bertako terraza eta ostalarien jarduna biziberritu ere.

 

Gure iritziz, irtenbideak auzoa eta hiria lotu behar ditu, gunearen erabileraz baliatuz, eta beti natura eta hiria integratuz eta auzoaren beharrei erantzunez.

Auzo Plangintza Donostia hobetzeko 225 proposamenekin

Donostiako auzoak hobetzeko Plana egin dugu, eta bertan 225 ekintza zehatz proposatu ditugu hiri osoan. Proposamena EAJ-PNVren maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako hauteskunde-programaren barruan dago, eta azken hilabeteetan hainbat hiritar eta elkarterekin egindako lan saioetan jasotako proposamenetan oinarrituta dago. Hortaz, planak auzo ezberdinetako hiritarrek proposatutako beharrak eta lehentasunak jasotzen ditu.

 

Planak, besteak beste, segidako ekimenak jasotzen ditu: Katalunia plaza estaltzea, Isabel II eta Gregorio Ordoñez kaleak oinezkoentzat egitea, Altza eta Larratxoren arteko bidegorria egitea, Heriz pasealekuan igogailuak egitea, edo Easoko Topo geltokiaren eremura Musika Kontserbatorioa eramatea.

 

Auzoek eta bertan dauden azpiegiturek garrantzi handia dute donostiarrei bizi-kalitatea eskaintzerako orduan. Hori dela eta, Auzo Plana egin dugu, eta bertan diagnosia egin dugu erabaki egokiak hartu ahal izateko.

 

Hiria egitea auzoak zaintzea da. Eta horretarako azken hilabeteetan, egin daitezkeen hainbat proiektu identifikatu ditugu Donostiako auzo guztietan.

 

Hortaz, 225 ekintza identifikatu ditugu modu orekatuan hiriko auzo guztietan, hain zuzen ere, auzo bakoitza hobetzeko abiapuntu diren ekintzak. Eta hau lehen diagnostiko bat da, hain zuzen ere, EAJ-PNVk partekatu nahi duen lehen diagnostikoa. Beraz, dokumentua irekita dago donostiarrek egin nahi dituzten proposamenak hartzeko.

 

Identifikatu diren proposamen eta proiektuak Euskara, Donostia Lagunkoia, Ingurumena eta Berdintasunaren arloetatik harago doaz. Izan ere, lau arlo horiek transbertsalak dira eta, beraz, hiriaren garapenerako politika guztiak egiterako orduan kontuan hartu beharrekoak.

 

Kontsultatu Auzo Plangintza hemen:  Auzo Plana

Kiroldegi berriak eta egungo udal gimasioak Altzako kirol instalazioak hobetuko dituzte

Donostiako alkategai Eneko Goiaren hautaigai-taldeak Altzako auzotarren proposamenak eta iradokizunak jaso ditu. Egungo Kiroletako zinegotzi eta Ekialdeko Barrutiko presidente orde Martin Ibabek aditzera eman du, laster eraikitzen hasiko den kiroldegi berriak – eraikitze-lanak aste honetan esleituko dira – eta Eraikuntzaren Institutuan jarri berri den udal gimnasioari esker Altzak kirol-instalazio hobeak izango dituela.

 

Horiek horrela, Ibabek honakoa azpimarratu du: “Legealdia zaila izan da eta kiroldegi berria eraikitzea eta inguruan agertutako lur-kutsatuen kudeaketa egitea izan dira gehien axola gaituzten gaiak. Orain kiroldegia errealitate bihurtzen amaitu behar dugu, auzoak bere onera itzultzeko”.

 

Era berean, Kiroletako ziengotzi eta EAJ-PNVren hautagaiak adierazi du, Herrerako futbol zelaia Merkear-eko lursailera aldatzea hobekuntza handia izango dela, eta ez bakarrik instalazio berria eta modernoa izango delako, baizik eta leku irisgarriago batean egongo delako eta, bertan, altzatarrok disfrutatzeko parke berria egiteko aukera emango duelako.

 

Irisgarritasunean hobekuntzak

 

Eneko Goiaren hautagaitzak proposamenak eta iradokizunak Larratxon jaso ditu, hain zuzen ere, Larratxo pasealekua eta Leosiñeta kalea Larraundi kalearekin lotuko duen igogailu inklinatua jarriko den tokitik gertu. Martin Ibabe pozik agertu da, inguruko irisgarritasuna hobetzeko lortu den irtenbidearekin. Izan ere, horrenbestez, Larratxo behekaldea Altzako kaskoarekin modu irisgarrian lotu ahal izango da igogailu eta eskailera mekanikoen bidez.

 

Ibabek, halaber, nabarmendu du Topoaren iritsiera Altzara, eta honakoa esan du: “Zalantzarik gabe garraio publikoan auzoak izan duen hobekuntza nabarmenetakoa izan da”. Horren harian, segidako gaineratu du: “Renferen geltokian hobekuntzak egiteko ordua da, eta Adifekin beste gune batzuk hobetzeko ditugun elkarrizketetan Herrerako geltokia hobetzeko eta irisgarri egiteko proposamena egingo diogu”.

 

Gune estali berriak

 

Altzatarrek disfrutatzeko gune berriak sortzean ere sakondu du Ekialdeko Barrutiko presidente orde eta EAJ-PNVren hautagai Martin Ibabek: “Auzoa asko hobetu da San Jose de Calasanz eta Harria parkearen gune estaliekin eta Oletako behatokiarekin. Orain beste pauso bat emateko garaia da eta, beraz, Harria parkearen estalkia jolas-lekura zabaltzeko lan egingo dugu, auzotarren eskariei erantzunez”.

 

Gainera, Ibabe pozik agertu da Harri-Berri ikastolako jolastokia estaliko delako. Izan ere, horri esker, ikasleek euria egiten duenean bertan jolasteko aukera izango dute, eta era berean, altzatarrok leku estali hori erabili ahal izango dugu eskola ordutik kanpo.

Gune estali berriak, zerbitzuen modernizazioa eta Intxaurrondora sarrera eta irteera berria

Donostiako alkategai Eneko Goiaren hautagaitzaren kideek Intxaurrondoko auzotarren proposamenak eta iradokizunak jaso dituzte Sagastieder plazan. Donostiako EAJ-PNVren hautagaitza-zerrendako kide Nekane Arzallusek azpimarratu du, Intxaurrondo auzo zabala eta anitza dela, gizarte zerbitzu ugari dituela, eta auzotarrekin elkarlanean aurre egin behar diegun beharrak dituen auzoa dela.

 

Horiek horrela, gune estali berriak sortzearen alde egin du, egun auzoari bizitza handia ematen dioten jarduerak eguraldi txarra egiten duenean ere egin ahal izateko. Hortaz, aditzera eman du, Donostia Kirola Zarategi pasealekuan petankan aritzeko gunea estaltzeko proiektua egiten ari dela. Izan ere, gune hori intxaurrondotarren elkargunea da. Eta era berean, gogorarazi du udan Intxaurrondo Ikastolako patioa estaltzeko lanak egingo direla, eta gunea eskola ordutik kanpo erabilgarri egongo dela.

 

Marrutxipiko lotunea eta irisgarritasuna

 

Era berean EAJ-PNVren hautagaiak pozik agertu dira Donostiako saihesbidetik auzoko sarrera eta irteera hobetzeko emandako irtenbidea dela-eta Marrutxipiko lotunearen bidez. Izan ere, lotuneak auzotarrek eskatutakoari erantzuten die, saihesbidearen bi norabideekin egingo da, eta ez die eraginik sortuko Etzieta eta Castelao parkeei.

 

Horren harian, egungo Mugikortasun zinegotzi eta jeltzaleen hautagaitzako kide Pilar Aranak honakoa esan du: “Egun auzora sartzeko Garberako biribilgunea erabili behar da, eta bertan trafiko handia egoten da. Beraz, lotune berriari esker trafikoa arinduko da. Gainera, Intxaurrondoko beheko aldeko auzotarrek azkarrago sartu eta irten ahal izando dute.

 

Gainera, Aranak nabarmendu du, auzoaren irisgarritasuna hobetzea dela hurrengo legealdirako Udalak izango duen erronketako bat. Eta helburua da Intxaurrondo Zaharra, Ipar Intxaurrondo eta Hego Intxaurrondoren arteko kohesioa hobetzea. Horrenbestez, adierazi du, mugikortasun bertikalaren zuzendaritza planaren bitartez Udala lanean ari dela irisgarritasuna segidako lekuetan hobetzeko: Zubiaurre pasealekua, Luistarrak eta Zarategi pasealekuaren artean; eta Zubiaurre pasealekua eta Mons pasealekuaren artean Irurak Taldearen bidez.

 

Kultur Etxeak eta Intxaurralde Zahar Etxea

 

Halaber, Jon Insaustik, egun Kultura zinegotzia eta Eneko Goiaren hautagaitza-zerrendaren kide, esan du, lanean jarraituko dutela Intxaurrondoko bi Kultur Etxeetan ematen diren zerbitzuak modernizatzeko eta hobetzeko.

 

Alde batetik, Larrotxene Kultur Etxearentzat plana dutela esan du: “Larrotxene erreferente da, batez ere, ikusentzunezkoan. Kultur Etxeak hobekuntzak behar ditu eraikinaren barruan, baita bideo zerbitzuan ere. Azken hau, gainera, gazte askok erabiltzen dute euren proiektuak garatzeko”. Bestetik, Felix Gabilondo plazan dagoen Kultur Etxeari buruz, honakoa adierazi du: “Behin ikusita 2018ko udan irekitzeak emaitza ona eman zuela, 2019an ere udan irekitzeko asmoa dugu”.

 

Azkenik, hautagai jeltzaleek garrantzia eman diote adineko pertsonentzako zerbitzuak hobetzeari. 2017ko irailean Intxaurrondo Zaharreko Aitona-Amonen Etxeak egoitza berria estreinatu zuen. Egoitza hori auzotarren elkargunea da. Eta orain, Udala lanean ari da Intxaurralde Jubilatuen Elkarteak egoitza berria izan dezan. Egun Txara I-eko lokal batean daude, eta egoitza berria Zarategi pasealekuan egingo da, lokal handiago eta berri batean. Horretarako, Udalak 472.000 euroko aurrekontua du.