Nazioarteko lehiaketa egitea proposatzen dugu Sagueseko urbanizazioa diseinatzeko

Spread the love

Sagues berrantolatzeko proposamena aurkeztu dugu kanpainako lehen igande honetan. Nazioarteko lehiaketa egitea proposatzen dugu auzoaren urbanizazio berria diseinatzeko. Izan ere, Sagues hiriaren gune oso berezia da eta irtenbide egokia behar du, hain zuzen ere, gunea biziberrituko duen eta hirian integratuko duen kalitatezko irtenbidea. Helburua, soluzio integrala eta kalitatezkoa ematea litzateke, hirigintzaren ikuspuntutik hiriarentzat garrantzi haundia duen espazio hau osatzeko.

 

Eta horretarako, hiru ardatz hartu behar dira kontuan: Sagüesek duen auzo izaera; erabilera anitzeko hiri gune aparta, aisialdirako asko erabiltzen dena; eta natura eta hiriaren batasun egokia.

 

Sagüesen donostiarrok hamaika gauza egiten dugu: paseatu, kirola egin, patinatu, surfa egin, kontzertuetara joan, terraza edo horman arratsaldea pasa edo, soil soilik, hiriak duen bista ederraz gozatu. Gainera, bertan bizi den jendea badugu, eta beste batzuk ikastetxera ere joaten dira.

 

Sagüesen azken urteotan eman diren soluzioak modu soltean hartu dira, inungo irizpie bateraturik eman gabe, eta horrek zati askoz osaturiko multzoa utzi du. Uste dugu ordua dela ikuspuntu orokor eta oso batetik soluzio integral bat mahai gainean jartzeko espazio hau eraldatzeko asmoz.

 

Horrenbestez, nazioarteko lehiaketa antolatzearen alde egin du, auzoaren erabateko biziberritzea egiteko, eta horretarako hirigintzan zein arkitekturan adituak diren taldeak deitzearen alde egin du. Horren harian, EHU/UPVko Arkitektura Eskolako ikasleek legealdi honetan egindako lana, auzoan hartu beharreko neurrien inguruan hamar irizpide utzi dituztelarik, eta jarraitu beharreko bidea erakutsi digutelarik.

 

Aldi berean, bertako bizilagunekin prozesu partehartzailea egitea beharrezkoa ikusten dugu, eurek esan dezaten zeintzuk diren auzoaren beharrak eta proposamenak.

 

Hortaz, argi gelditu da irtenbidea ez dela eraikinak egitea, baizik eta gunea auzoan eta hirian orokorrean modu egokienean integratzea. Horrenbestez, auzoaren beharrei erantzungo dien gune funtzional baten alde egiten dugu, baita hiriak dituen erabilera ezberdinei erantzuna emango dien diseinu baten alde ere.

 

Helburua da bertan bizi direnak gustura bizitzea eta euren auzoko bizi baldintzak hobetzea; baina baita Donostiatik zein kanpotik hurbiltzen direnei ere aukera ezberdinak eta hobeak eskaintzea ere.

 

Lur azpiko aparkalekua haunditzea

 

Horiek horrela, proposatu dugu, lur-azpiko aparkaleku handiago bat egitea, kalean dauden ibilgailuak kentzeko eta, beraz, donostiarrak disfrutatzeko gune handiago bat izateko. Eta gune hori auzoarentzat funtzionala izango litzateke, eta hiriak ere aisialdirako eta kultur zein kirol erabileretarako gunea irabaziko luke.

 

Neurri horrekin ibilgailuak kenduko ditugu kanpoaldetik, eta bertako pertsonen joan-etorria erraztuko dugu, baita bertako terraza eta ostalarien jarduna biziberritu ere.

 

Gure iritziz, irtenbideak auzoa eta hiria lotu behar ditu, gunearen erabileraz baliatuz, eta beti natura eta hiria integratuz eta auzoaren beharrei erantzunez.