Astelehenean zabalduko ditu ateak Parte Zaharrak hainbeste behar eta merezi zuen osasun zentroak; berria eta modernoa. XX.mendearen hasieran Arraindegiaren eraikina zen, hain zuzen ere, arraina saltzen zen merkatua. Bretxako merkatuaren eraikinetako bat zen. Erabilera komertzialarekin sortu zen.
Ondoren, gertuago, beste erabilera batzuk ere ezagutu ditu. Denok gogoan dugu bere azken erabilera: zinema batzuk zeuden hemen, jatetxeak, tabernak, dendak…. Beste erabilera komertziala, beraz.
Orain, eraikin honen bi heren erabilera publikorako berreskuratu ditugu: batetik, kirol instalazio bat. Eta, bestetik, osasun publikoaren lehen mailako harreta eskainiko duen gunea. Donostiak aspaldi espero zuen osasun azpiegitura da. Behar beharrezkoa.
Alde Zaharrari eta Erdialdeko donostiarrei zerbitzua emango dien osasun etxe berria, ondo hornitua eta profesional ezin hobeekin.
Osasun zentro honek lehen mailako arreta emango die 16 mila biztanleri. Eta ziur naiz hemen jardungo duten profesionalek euren jakintza eta ahalegina egingo dutela arreta hori lehen mailakoa izan dadin.
Osakidetza apustu garbia egiten ari da Donostialdean dituen zerbitzuak eta azpiegiturak hobetzeko.
2021ean Aieteko osasun-zentroa ireki zuen. Astelehenean Parte Zaharrekoa irekiko da. Eta etorkizun hurbilean Txomineneakoa irekitzeko elkarlanean ari gara dagoeneko.
Gainera, hurrengo urteetan hainbat inbertsio garrantzitsu egingo dira Donostia Ospitalean, bai lehen arretan, baita protonterapia tratamendua hartzeko azpiegitura berria. Horri guztiari esker Donostialdeako ESIak jauzi kualitatiboa emango du eskaintzen dituen zerbitzuetan, izan ere, arretaren kalitatea hobetuko da.
Hori guztia dela-eta, Eusko Jaurlaritzari eta Osakidetzari eskerrak eman nahi dizkiet gure hirian osasun sistema publikoa indartzeko egiten ari diren apustuagatik.
Eraikinaren bi heren erabilera publikora bideratuta egongo dira. Alde batetik, Udalaren kirol instalazioa; bestetik, osasun zentro berri eta modernoa, hain zuzen ere, hiriaren bihotzean zerbitzu emango duen zentroa.
Nahiz eta baztuek modu maltzurrean pribatizazioari buruz hitz egiten duten, hemen dago errealitatea: inbertsio publikoa, zerbitzu publiko bat emateko, hain zuzen ere, pertsonentzako zerbitzu publiko bat, donostiarrentzako zerbitzu publiko bat.
Beste urtebetez San Sebastian egun borobila ospatu dugu. Donostiarrok kalera irten gara, eta gure danbor eta upelekin Sarriegiren doinuak interpretatu ditugu hiriaren egunik handienean.
San Sebastian eguna urtarrilaren 20ko 24 orduak baino askoz gehiago da. Prestaketak, ensaioak, aspaldiko lagunekin topaketak…, horiek guztiek ere egiten dute San Sebastian eguna oso berezia. Baita bezperan zein egunean bertan Udaletxean egiten ditugun ekitaldiek ere.
Hiritar Merezimenduaren dominak
San Sebastian bezperan, jaiari hasiera eman aurretik, dagoeneko izaten dugu zer ospatu. Gure hiriaren alde lan egiten duten hainbat pertsonari eta erakunderi merezitako aitortza egiten diegu eta Hiritar Merezimenduaren domina ematen diegu.
Aurten, ADSIS Fundazioa, ATECE, Bizikletan Adinik Ez, Angel Rueda Aramaio eta Mentxu Medel izan dira sarituak. Haiei guztiei esker, gure hiria hobea da.
Lehen aitortza eginda, jaiari hasiera emateko unea iristen da. Urtero bezala, emozio handiko unea izaten da. Konstituzio plaza lepo ikusteak eta jendearen poza eta algara sentitzeak oilo ipurdia jartzen dit. Zalantzarik gabe, urteko une garrantzitsuena da. Aurtengoan 25 urte bete dira lehen aldiz emakumeek eta gainerako auzoetako danborradetako ordezkariek Konstituzio plazako oholtzara igo zirenetik. Hori ospatzeko aukera ere izan dugu.
Aurten Marugamen oparitutako zapia eraman dut bandera igotzeko unean. Senidetutako hirian Txakoli eguna egiten dute apirilaren 9an bi hirien arteko anaitzearen urtemuga ospatzeko. Urrian bisitan egon ginean zapia oparitu zidaten eta agindu nien bandera igoeran jarriko nuela.
Eta jarraian danborradako jantzia hartu eta Lurgorrirekin parte zaharretik kaleak alaitu ditugu, urtero moduan. Plazerra da hainbeste lagunekin une horiek partekatzea.
Haur danborrada eta Urrezko danborra
Goizean goizetik ibili gara kalean. Lehenik eta behin Antiguan, Edurne Sansinenea, alderdikide eta lagunari Jakintzak egin dion omenaldian. Jarraian Udaletxera joan gara egunaren beste mugarrietako bat bizitzeko: Haur Danborradaren irteera. Urtero Alderdiederren 48 konpainiek uzten diguten irudia zoragarria da, eta aurten ere horrela izan da. Danborradaren harrobia eta biziraupena bermatuta dago!
Behin Haurren Danborrada martxan, egunaren bigarren ekitaldi instituzional esanguratsuena bizi izan dugu: Urrezko danborra emateko ekitaldia. Oso ekitaldi hunkigarria izan da aurtengoa. Emozio handikoa. Isabel Verdinik jaso du eta bertan bere taldearen lanarekin gozatzeko aukera izan dugu. Gureak egiten ditugun balioak ordezkatzen ditu Isabelek. Eredu da, bai Donostian, baita mundo osoan ere. Horregatik jaso du hiriak hainbeste maite duen Urrezko Danborra.
Eta arratsaldean danborradaz danborrada ibili gara. Ez dago auzorik danborradarik gabe, eta horri esker urtero gero eta donostiar gehiagok parte hartzen dute gutxienez danborrada batean. Aurten 160 izan dira hiriko kaleak alaitu dituzten danborradak. Eta horietatik 155 mistoak dira. Berdintasunean aurrera pausoak egiten jarraitzen duen jaia da, eta horri esker gero eta parte hartzaile gehiago eta danborrada berri gehiago daude.
Poz handia sortzen dit lagunak euren danborradetan ikusteak, eta horregatik, eguneko ekitaldiek uzten dizkiguten une libreak familiarekin lagunen danborradak ikusten pasatzen ditut. Eta aurte ere, horrela izan da, Arriadaren unea iritsi arte.
Arriada
Sentimendu kontrajarriak izaten ditut, donostiar guztiak bezala Arriada egiteko unea iristen denean. Ekitaldi oso donostiarra da. Jaiotzen garenetik entzuten ditugun doinuak euren danbor eta upelekin jotzen dituzte Union Artesanako lagunek. Plaza dantzan jartzen dute, eta berez, tristea izan beharko lukeen unea – jaia amaitzen delako – gozamenerako unea bihurtzen dute. Hunkigarria da azken San Sebastian martxa plazak abestuta entzutea, baita Txuri Urdina, Ikusi mendizaleak edo Ixil Ixilik dago abestien doinuak ere.
Eskerrik asko Ikasbide Kultur Elkarteari bere zapia emateagatik aurtengo Arriadan jartzeko. Bertako ikasle ohi bezala ohorea izan da zapia jartzea une hain hunkigarri honetan zuen 25.urteurrena ospatzeko. Zorionak!
Bandera balkoitik kendu dugu, eta aurten larunbata izanik jaia piskat luzatu dugu. Orain beste hainbat jai etorriko zaizkigu, besteak beste, Kaldereroak, Inudeak eta Artzainak, Santa Ageda eta Inauteriak. Irrikaz gaude horiek ere iristeko. Bitartean bizitakoarekin gozatzen jarraituko dugu.
Zalantzarik gabe, ez dago donostiar izateaz baino gauza handiagorik. Eskerrik asko donostiar guztiei egun paregabe honengatik. Gora Donostia!
Turismoak garrantzi handia hartu du azken urteetan, bai ekonomian duen pisuagatik, baita ondorioengatik ere, hain zuzen ere, kasu batzuetan positiboak ez diren ondorioengatik.
Donostiak tradizio turistiko handia izan du historian zehar. Turismo kontzeptua sortu aurretik bisitariak izan ditugu, eta horregatik duela mende bat baino gehiago hiri erreferente izan gara.
1.929an Donostiak 78.000 biztanle zituen eta alojamendurako 20.000 plaza eskaintzen zituen. Gaur, 188.000 biztanle gara eta 18.000 plaza eskaintzen ditugu. Datuak eta perspektiba historikoa kontuan hartzea ezinbestekoak dira turismoaren fenomenoa edo beste edozein aztertzerako orduan.
Donostia erakargarria da arrazoi asko direla-eta: hondartzak, gastronomia, DIPC bezalako ikerketa zentroak, kirola, zinema… Hiri irekia gara, hain zuzen ere bere ezaugarriak kanpotik egiten diren ekarpenekin uztartzen dituen hiria. Eta hori gabe ez ginateke izango egun garena.
Donostia hiri kosmopolita da. Nazioartean gure tamainako hiri batek duen proiekzioa baino askoz handiagoa dugu. Mundu osoko jende askok ezagutu nahi gaitu, eta hori gaurko aurkezpenean egon diren pertsona eta eragile askoren lanari esker da.
Hiri dinamikoa izaten jarraitu behar dugu, kalitate handiko industria turistikoa sortzen duen hiria, eta beti, donostiarren iritzia entzunda. Badakigu turismoak hainbat eragozpen sortu dituela azkenaldian, horregatik erronka da hirian garrantzi handia duen jarduera kudeatzea donostiarren ongizatea kaltetu gabe.
Izan ere, gure lehentasuna da donostiarrak hirian gustura bizitzea. Horregatik donostiarrak estrategiaren erdian jarri ditugu. Turismo jasangarri baten alde egiten dugu, hain zuzen ere, onartzeko, partekatzeko eta bizikidetza sustatzeko gaitasuna duen turismoa.
Plan zuzentzailea egiteko eragile askoren ekarpenak jaso ditugu. Hauek duten ezagutza oso baliagarria izan da plana osatzeko. Erabakiak datuek ematen diguten errealitatea kontuan hartuta hartu behar ditugu, eta beti donostiarren bizipenak eta sentitzeko moduak entzunda.
Era berean, ezinbestekoa da industria turistikoarekin zein gainerako erakundeekin elkarlanean aritzea. Gai izan behar dugu bizikidetza hobetuko duten sinergiak lortzen eta desestazionalizazioa eta lurraldearen oreka sustatzen, Donostia eta Gipuzkoaren berezitasunak azpimarratuz.
Gure nortasuna eta ondarea gure sustraien parte dira, eta hori da bereizten gaituena. Aukera dugu bisitatzen gaituzten pertsona gutziak gonbidatzeko hirian donostiar sentitzeko, jasangarritasunetik eta donostiarrak eta gure ohiturak errespetatuz.
Gaurkoa egun pozgarria izan da. Gipuzkoako Diputatu Nagusi Eider Mendozaren bisita ofiziala jaso dugu Udaletxean. Baina ez da kortesiazko bisita bat izan. Izan ere, Foru Aldundiak eta Udalak baditugu hainbat erronka eta proiektu komunak, eta horiek guztiak aurrera ateratzeko hainbat kronpomiso hartu ditugu.
Lehenik eta behin, bi erakundeok adostu dugu lantalde partekatu egonkor bat eratzea komunean ditugun proiektu horiek lantzeko. Eta lantalde hau ez da gaurko iragarpenean geldituko den zerbait, izan ere, maiztasun jakin batekin batzartuko den taldea izango da, eta bertan, proiektu bakoitzerako eskumena duten arloetako arduradunek parte hartuko dute.
Ekonomiaren sustapena
Horien artean, bultzada ekonomikoarekin zerikusia duten gaiak egongo dira. Eta horien barruan Eskusaitzetako industrialdea garatzen jarraitzeko eta Miramongo Parke Teknologikoa handitzeko elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu dugu. Zalantzarik gabe, bi proiektu hauek garrantzi handiko proiektuak dira hiriarentzat. Eta pozgarria da ikustea Foru Aldundiaren eskutik lan egiten jarraituko dugula hauek gauzatzeko, hiriarentzat onura handiak ekarriko dituztelako.
Anoetako kirol hiria hobetzeko konpromisoa
Era berean, Anoetako Kirol Hiriko azpiegiturak berritzea bi erakundeek landu beharreko beste lehentasun bat izango dela adostu dugu. Eta horretarako, aipatutako lantalde egonkor horretan kirol-instalazioak berritzeko beharrezkoak diren inbertsioen egutegia eta periodifikazioa landuko dugu.
Puntako instalazioak ditugu, hain zuzen ere, Donostiako zein Gipuzkoako hainbat klub eta kirol eragilek erabiltzen dituzten instalazioak. Beraz, hiritik harago doan erabilera dagoela ikusita, bi erakundeen artean puntako kirol instalazio horiek berritzeko eta garaira egokitzeko behar diren inbertsioak egiteko konpromisoa hartu dugu.
Mugikortasuna eta bide azpiegiturak
Mugikortasunean eta garraio-azpiegiturekin lotutako hainbat gai elkarrekin landuko ditugu, besteak beste, GI-20ko saihesbidea egokitzea eta modernizatzea; Marrutxipiko lotunea amaitzea hiriko sarrera eta irteerako hobetzeko; Lurraldebuseko autobus-fluxua aztertzea; Dbizi sistema inguruko herrietara hedatzea; edo Donostiako bidegorrien sarea Chillida Lekurekin lotzea.
Aurretik lau urte ditugu elkarlanean aritzeko, eta gogotsu arituko gara. Koordintatuta, donostiarren zein gipuzkoarren bizi kalitatea hobetzeko.
Hainbat astetako negoziaketen ondoren, “Donostiarrekiko konpromisoa” izeneko ituna egin dugu EAJ-PNVk eta PSE-EEk. Bertan, konpromiso sendoa hartzen dugu etorkizuneko donostiarrei hiri hobea uzteko.
Itunak bost konpromiso jasotzen ditu, eta helburua da hiriko proiektu estrategikoak amaitzea eta donostiarren bizi kalitatea hobetzea, auzoak ekintza politikoaren erdigune izango diren politika batetik abiatuta.
Gobernu akordioa gaur aurkeztu dugu Udaletxeko Pleno Aretoan, eta bertan, donostiar guztiei adierazi nahi izan diegu pertsonak izango direla gure ekintza politikoaren erdigunean. Eta horretarako kalitatezko enpleguak sortzeko politikak bultzatuko ditugu, gizarte kohesiorako tresna gisa; etxebizitza politika berritzaileen bidez gaztetu den hiri batean bizi eta gozatzea ahalbidetuko duten erabakiak hartuko ditugu; elkarrizketatik eta herritarren konplizitatetik hiri partekatu baten alde lan egingo dugu; eta, azkenik, gure hiriaren etorkizun iraunkorra izateko pausoak adostu ditugu.
Behin akordioa lortuta, legealdirako Gobernu Programa lantzen hasiko gara. Eta programa horretan, besteak beste, etxebizitza politikak, mugikortasun jasangarria, jarduera ekonomikoaren bultzada, ikerketa zientifikoa, hiriko proiektu estrategikoak burutzea, turismoaren arautzea, gizarte politiken indartzea, hiriko kirol azpiegiturak hobetzea edo udal zerbitzuen eta baliabideen kudeaketa aurreratua sustatzeko konpromiso zehatzak zehaztuko dira.
Akordioak, zalantzarik gabe, udal gobernuari egonkortasuna emango dio eta, horrenbestez, Donostiak aurrera egiten jarraitzea ahalbidetuko duten erabakiak bultzatzen jarraituko dugu.
Azken zortzi urteetan sinatutako koalizio gobernuek desberdinen arteko akordiotik gobernatzeko aukera eman digute, eta horrek hiria eta donostiarren bizi baldintzak hobetzea ekarri du. Gure helburua da, horri eustea, hiritar guztiek, eta bereziki, gazteek euren bizitza proiektua hirian garatu ahal izateko.
Aurretik erronka garrantzitsuak ditugu. Gauza asko ditugu egiteko, eta horretarako funtsezko erabakiak hartu beharko ditugu. Hortaz, behin akodioa sinatuta, Udal gobernua osatzen dugun kideok gogotsu ekingo diogu lanari.
Donostiarrok hiri handi bat jaso dugu ondare gisa. Orain, etorkizuneko donostiarren belaunaldiei utziko diegun Donostia eraikitzea da gure konpromisoa. Eta horretarako donostiar guztion elkarlana ezinbestekoa izango da.
Nere lehen hitzak donostiar guztiei luzatu nahi dizkiet, euren konfidatzak egin nau alkate beste lau urtez. Nere konpromisoa donostiarrak dira, eta zinez saiatuko naiz lan gogor eginaz konfidantza hori donostiarrei itzultzen.
Garrantzitsuak diren urteak dauzkagu aurrean, erronka handiz beteak. Bizitzeko, elkarbizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko europako hiririk onena izatea helburu.
Erronka garrantzitsuak ditugu aurretik, aldatzen ari den eta ziurgabetasun-egoera iraunkorrean bizi den mundu honetan. Horregatik, guztion artean gai izan behar dugu Donostia hobeago bat egiteko. Hori da nire konpromisoa, eta ziur nago hemen gauden guztiona ere badela.
Demografiaren gainbera, ezberdintasunak areagotzen dituen testuingurua, klima aldaketa, populismoen zabalkuntza… Ez dira gutxi gainditu beharko ditugun oztopoak, eraiki nahi dugun etorkizuneko Donostiaren bidean.
Baina gure hiriak ba ditu oinarri sendiak horiei aurre egiteko. Pertsonak, donostiarrak, dira erdigunean egon behar direnak. Bizitza proiektu bat eraikitzeko gaitasuna eskaintzen duen hiria izatea lortu behar dugu guztion artean.
Gaur hasten den legealdi hau hiriaren eraldaketaren legealdia izango da. Topoaren edo abiadura handiko tren geltokiaren lanak amaituko dira eta mugikortasunean aurrerapasuo handia egingo dugu, baita hiriaren eraldaketan ere.
Loiolako Kuartelen eremuaren diseinua etorkizuneko Donostia marrazteko pauso garrantzitsua izango da.
Etxebizitza ere izango da legealdi berri honen beste erronka handienetako bat, gure gazteek euren bizitza Donostian egin ahal dezaten. Miramongo Parke Teknologikoaren handitzeak, edo Eskusaitzekta jarduerez betetzeak aukera berriak eskainiko dizkie hurrengo belaunaldiei.
Donostia hiria ez ezik, komunitatea da, donostiarrek osatzen dugun komunitatea. Errespetu handiko komunitatea, guztion artean zaintzen duguna. Eta Udalak komunitate hori ehuntzen jarraitu behar du, ez zatitzen.
Guztiok gara garrantzitsuak etorkizuneko Donostia eraikitzeko. Donostiar adina Donostia daude, eta nire borondatea da donostiar guztien alkate izatea, eta hiriaren interesaren alde lan egitea, entzunez, azalduz, proposatuz eta adostuz.
Eta hori, udaletxe hau osatzen dugun talde guztiei ere luzatu nahi diet. Guztion lana delako beharrezkoa, inork ez daukagu egia osoa, eta guztion ikuspegiak dira garrantzitsuak.
Nere nahia eta asmoa izango da ahalik eat adostasunik handienak eta zabalenak lortzea. Hiriarentzako ona delako. Eta, gainera, eztabaidak eztabaida, uste duguna bainagehiago adostu izan dugulako baita iraganean ere. Horren adibide dira Loiolako Kuartelak edo etxebizitza, eta hainbat eta hainhat gai ere.
Niretzat alkate izatea, lehenik, ardura handia da. Eta donostiar bezala oso harro sentitzen naiz alkate izateaz.
Ardura izateaz gain, donostiar gisa, ohorea da neretzat nere hiriko alkate izatea. Eta horregatik, gaurkoan nire azken hitzak donostiar izatearen harrotasuna irakatsi zidan pertsonari eskeini nahi dizkiot.
Ama, gaur ez zaude hemen, baina badakit nerekin zauzkadala.