Eskerrik asko Donostia!

Spread the love

Beste urtebetez San Sebastian egun borobila ospatu dugu. Donostiarrok kalera irten gara, eta gure danbor eta upelekin Sarriegiren doinuak interpretatu ditugu hiriaren egunik handienean.

 

San Sebastian eguna urtarrilaren 20ko 24 orduak baino askoz gehiago da. Prestaketak, ensaioak, aspaldiko lagunekin topaketak…, horiek guztiek ere egiten dute San Sebastian eguna oso berezia. Baita bezperan zein egunean bertan Udaletxean egiten ditugun ekitaldiek ere.

 

Hiritar Merezimenduaren dominak

 

San Sebastian bezperan, jaiari hasiera eman aurretik, dagoeneko izaten dugu zer ospatu. Gure hiriaren alde lan egiten duten hainbat pertsonari eta erakunderi merezitako aitortza egiten diegu eta Hiritar Merezimenduaren domina ematen diegu.

Aurten, ADSIS Fundazioa, ATECE, Bizikletan Adinik Ez, Angel Rueda Aramaio eta Mentxu Medel izan dira sarituak. Haiei guztiei esker, gure hiria hobea da.

Merezimendu_Dominak hitzak – discurso

Bandera igoera

 

Lehen aitortza eginda, jaiari hasiera emateko unea iristen da. Urtero bezala, emozio handiko unea izaten da. Konstituzio plaza lepo ikusteak eta jendearen poza eta algara sentitzeak oilo ipurdia jartzen dit. Zalantzarik gabe, urteko une garrantzitsuena da. Aurtengoan 25 urte bete dira lehen aldiz emakumeek eta gainerako auzoetako danborradetako ordezkariek Konstituzio plazako oholtzara igo zirenetik. Hori ospatzeko aukera ere izan dugu.

Aurten Marugamen oparitutako zapia eraman dut bandera igotzeko unean. Senidetutako hirian Txakoli eguna egiten dute apirilaren 9an bi hirien arteko anaitzearen urtemuga ospatzeko. Urrian bisitan egon ginean zapia oparitu zidaten eta agindu nien bandera igoeran jarriko nuela.

 

Eta jarraian danborradako jantzia hartu eta Lurgorrirekin parte zaharretik kaleak alaitu ditugu, urtero moduan. Plazerra da hainbeste lagunekin une horiek partekatzea.

Haur danborrada eta Urrezko danborra

 

Goizean goizetik ibili gara kalean. Lehenik eta behin Antiguan, Edurne Sansinenea, alderdikide eta lagunari Jakintzak egin dion omenaldian. Jarraian Udaletxera joan gara egunaren beste mugarrietako bat bizitzeko: Haur Danborradaren irteera. Urtero Alderdiederren 48 konpainiek uzten diguten irudia zoragarria da, eta aurten ere horrela izan da. Danborradaren harrobia eta biziraupena bermatuta dago!

Behin Haurren Danborrada martxan, egunaren bigarren ekitaldi instituzional esanguratsuena bizi izan dugu: Urrezko danborra emateko ekitaldia. Oso ekitaldi hunkigarria izan da aurtengoa. Emozio handikoa. Isabel Verdinik jaso du eta bertan bere taldearen lanarekin gozatzeko aukera izan dugu. Gureak egiten ditugun balioak ordezkatzen ditu Isabelek. Eredu da, bai Donostian, baita mundo osoan ere. Horregatik jaso du hiriak hainbeste maite duen Urrezko Danborra.

Urrezko danborra hitzak – discurso

Gero eta danborrada gehiago

 

Eta arratsaldean danborradaz danborrada ibili gara. Ez dago auzorik danborradarik gabe, eta horri esker urtero gero eta donostiar gehiagok parte hartzen dute gutxienez danborrada batean. Aurten 160 izan dira hiriko kaleak alaitu dituzten danborradak. Eta horietatik 155 mistoak dira. Berdintasunean aurrera pausoak egiten jarraitzen duen jaia da, eta horri esker gero eta parte hartzaile gehiago eta danborrada berri gehiago daude.

Poz handia sortzen dit lagunak euren danborradetan ikusteak, eta horregatik, eguneko ekitaldiek uzten dizkiguten une libreak familiarekin lagunen danborradak ikusten pasatzen ditut. Eta aurte ere, horrela izan da, Arriadaren unea iritsi arte.

 

Arriada

 

Sentimendu kontrajarriak izaten ditut, donostiar guztiak bezala Arriada egiteko unea iristen denean. Ekitaldi oso donostiarra da. Jaiotzen garenetik entzuten ditugun doinuak euren danbor eta upelekin jotzen dituzte Union Artesanako lagunek. Plaza dantzan jartzen dute, eta berez, tristea izan beharko lukeen unea – jaia amaitzen delako – gozamenerako unea bihurtzen dute. Hunkigarria da azken San Sebastian martxa plazak abestuta entzutea, baita Txuri Urdina, Ikusi mendizaleak edo Ixil Ixilik dago abestien doinuak ere.

 

Eskerrik asko Ikasbide Kultur Elkarteari bere zapia emateagatik aurtengo Arriadan jartzeko. Bertako ikasle ohi bezala ohorea izan da zapia jartzea une hain hunkigarri honetan zuen 25.urteurrena ospatzeko. Zorionak!

Bandera balkoitik kendu dugu, eta aurten larunbata izanik jaia piskat luzatu dugu. Orain beste hainbat jai etorriko zaizkigu, besteak beste, Kaldereroak, Inudeak eta Artzainak, Santa Ageda eta Inauteriak. Irrikaz gaude horiek ere iristeko. Bitartean bizitakoarekin gozatzen jarraituko dugu.

 

Zalantzarik gabe, ez dago donostiar izateaz baino gauza handiagorik. Eskerrik asko donostiar guztiei egun paregabe honengatik. Gora Donostia!