Erabateko konpromisoa ilusio handiko erronkari heltzeko

Eskerrik asko EAJ-PNVko alderdikide eta lagun guztiei nigan jarri duzuen konfiantzagatik berriro Donostiako alkategai izateko. Eta eskerrik asko udal taldeko lankide eta lagunei urte hauetan guztietan egindako lanagatik.

1911ko udal hauteskundeetan lortu zuen EAJ-PNVk bere lehen zinegotzia Donostian. Orduz geroztik, gure hiriarekiko konpromisoa erabatekoa izan da. Egun konpromiso hori mantentzen dugu eta etorkizunean ere mantenduko dugu.

Proiekturik gabeko hiri batekin topatu ginen 2015ean. Gaur, zazpi urteren ondoren, harro esan dezakegu Donostia hazi egin dela. Donostia hiri egonkorra da, eta horri esker proiektuak martxan ditugu eta etorkizun oparoa dugu.

Aurrera egiten jarraitzeko ezinbestekoa da hiritarrekin, hiriko elkarteekin, gizarte-eragileekin eta gainerako erakundeekin elkarlanean jarraitzea. Horregatik, Donostia positivo bat proposatzen dugu. Elkarlanari esker aurrera egiten duen Donostia.

Erronka handiak ditugu aurretik arlo askotan. Hiri erakargarria dugu eta oso harro gaude. Hala ere, badago atzera itzuli nahi duen nostalgikorik. Guk ordea, ez dugu horrelakorik nahi, eta horregatik, erabateko konpromisoa dugu hiria hazten laguntzen jarraitzeko.

Ilusio handiko urteak datoz. Eta Loiolako Kuartelen lur-sailan garatuko den proiektuak ilusio handia egiten digu. Eta hori lortzeko barruan dugun guztia eman dugu. Gure hiriarekiko konpromisoaren adibide argia da.

Eta bide honetan donostiar guztien laguntza beharko dugu. Izan ere, guztien artean eraiki nahi dugu etorkizuneko Donostia.  Eta partekatu eta ekarpenak egin nahi duten donostiar guztiekin elkarlanean egin nahi dugu. Eskerrik asko!

Amara, Erribera, Morlans

Amarako historia Urumeari erabat lotuta dago. XIX.mendearen amaieran ibaiaren bideratzeak ahalbidetu zuen uholdeak izateko arriskua zuten hainbat lur-sail berreskuratzea, eta bertan donostiarrentzako etxebizitza berriak eraikitzea. XX.mendearen erdian, hiriak hazten jarraitu zuen ibaiaren ondotik eta Antso Jakituna eta Madrilgo Hiribidea sortu ziren, Anoetara iritsi arte. Eta orain, XXI.mendean Urumea auzoaren hazkundearen ardatz da berriro: lehenik Loiolako Erriberaren sorrerarekin, eta orain ibaiaren inguruko pasealekuarekin, etorkizuneko aldageltokiarekin eta Lorategi Hiriaren birsortzearekin.

 

Baina hedatzeaz gain, Amarak, Loiolako Erriberak eta Morlansek gune lagunkoiak, bizitzeko egokiak eta jasangarriak eskatzen dituzte. Hain zuzen ere, gazteen zein adineko pertsonen bizitza proiektu guztiak posible egingo dituzten auzoak. Bizi-kalitate gehiago eta hobeagoa dutenak. Etorkizuneko proiektuak eskainiko dituen jarduerak eta aberastasuna sortuko dituztenak.  Hiriko hazkunde orekatua eta kohesionatua ahalbidetuko dituztenak. Ingurumen eta jasangarritasun hobeak izango dituztenak.

 

Horiek guztiak erronka konplexuak izango dira, ez bakarrik Amararentzat, Erriberentzat eta Morlansentzat, baita hiria osoarentzat ere. Eta erronka horiei erabakitasunez eta baikortasunez heldu nahi diegu. Izan ere, hiriaren historian zehar izan ditugun une zailei eta garrantzitsuei bat eginda aurre egin diegu. Eta auzo guztiak izango dira etorkizuneko hiriaren protagonistak. Izan ere, aurrera doan auzoa hobetzen doan hiria da.

Deskargatu aldizkaria hemen: AMARA_Aldizkaria

Altza, izaera eta nortasun propioa

Altza Donostiako auzo zaharrenetako bat da, historia handia duen auzoa da. Ia 900 urteko historia, egungo Altza osatzera eraman duten aurrerapenekin, aldaketekin eta mugarriekin. 2022an, kiroldegi berriak bidea egin du altzatarrek auzo atseginago, bizigarriago eta jasangarriago batean bizi daitezen. Hain zuzen ere, gazte zein adineko pertsona guztien bizitza proiektuak garatzen posible egingo duen auzoa.

Erronka konplexuak ditugu aurretik, ez bakarrik Altzan, baita hiri osoan ere. Eta erronka horiei jarrera erabakiorrarekin eta baikorrarekin heldu nahi diegu. Izan ere, historian zehar elkarrekin une kritikoak eta garrantzitsuak gainditu ditugu. Helburuak oso argi ditugu: bizi-kalitate hobea eta handiagoa duten auzoak lortzea; etorkizuneko proiektuak eskainiko dituen jarduera eta aberastasun ekonomikoa sortzea; hiriak hazkunde kohesionatua eta orekatua izatea; eta hiriaren ingurumena zein jasangarritasuna hobetzea.

Altzak oso harro esan dezake hazten jarraitzen duen auzo anitza dela. Izaera eta nortasun propioa duen auzo bateko kide izatearen harrotasuna. Gainerakoak bezalakoa ez den auzoa, gainerakoak bezalakoa ez den hirian. Horrela da Altza eta horrela da Donostia. Aurrera doan auzoa; hobetzen doan hiria.

Deskargatu aldizkaria hemen: ALTZA_Aldizkaria

Ezagutza da Donostiaren apustua

“Ez dakizue Donostian duzuena baloratzen”. Aste honetan bertan hitz hauek esan dizkit Stefan Oelrich Bayer Farmako presidenteak. Oelrich jauna Donostian izan da aste honetan El Diario Vascok antolatutako Gipuzkoako Enpresa Foroan parte hartzen. Eta ez zen ari pintxoez, Kontxako badiaz edo gure bizi kalitateaz – horiek ezagutzeko aukera izan du ere –, baizik eta Alemaniako farmazia-multinazionalaren jabetza den Viralgen Donostiako ikerketa biosanitario zentroak duen maila tekniko eta kualifikazioari buruz ari zen.

“Alemanian ez dugu horrelako prestakuntza eta maila profesionala duen zentrorik”, esan zidan.

Miramongo Parke Teknologikoan Viralgenek duen instalazio berriak bisitatu ondoren mezu argia utzi zuen: Donostiak baldintza egokiak ditu Bayer-en bio-iraultza estrategian eta arlo biosanitarioan mundu osoan hiri erreferente izateko.

Eta munduko farmazia-enpresa nagusietako baten zuzendaritza-kide alemaniar batek egindako hausnarketa honek lagundu gaitzake askotan zarata egiten duten hainbat gauzen artean oharkabean pasatzen den zerbaitetan atentzioa jartzen. Donostiak lehen mailako ingurunea osatzen duten eragile eta aktoreen ehuna du. Eta horretaz jabe da 2030eko Donostiako Plan Estrategikoa, eta horregatik jasotzen du etorkizuneko apustu nagusietako bat bezala.

Aste honetan bertan Udalak, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Donostia International Physics Center-eko (DIPC) instalazioak handitzeko proiektua aurkeztu dugu. Pedro Miguel Etxenikek zuzentzen duen gure hiriko nazioarteko ospe handiko zentroak 6.200 metro karratu gehiago izango ditu laborategi eta ikertzaileentzako lan-eremu gehiago hartzeko. Bertan, egun, 35 nazionalitate ezberdinetako 247 ikertzailek lan egiten dute, eta horien artean bi Nobel saridun daude.

Era berean, maiatzean hiru erakundeok eta Euskal Herriko Unibertsitateak Ibaetako kanpusean ikerketa kuantikora zuzenduta egongo den eraikin berria aurkeztu genuen. Zentro horrek bi urte barru 300 ikertzaile hartuko ditu, hain zuzen ere, neutronikan, kimika aurreratuan eta material berrien ikerketan lan egingo duten ikertzaileak. Guztira 12 milioi euroko inbertsioa egingo da konputazio kuantikoko polo bat modu teoriko eta praktikoan garatzeko. Eta superkonputagailuen bidez, egun pentsaezinak diren desafio matematikoei aurre egingo diegu.

Halaber, maiatzean ere, hiru erakundeok Basque Culinary Center-aren bigarren eraikina hartuko duen proiektua aurkeztu genuen. Bertan, Gastronomy Open Ecosistem ekimena garatuko da eta, horri esker, gure hiriak eta lurraldeak gastronomia arloko ikerketan duen garrantzia indartuko dute. Guztira 26 milioi euroko inbertsioa egingo da, hezkuntza- eta berrikuntza-gune berri bat sortzeko, Euskadiko eta munduko beste hainbat lekutako ikasleek karrera profesionala gara dezaten, gure hiriak ospe handia duen arloan.

Lehengo astean ere, Donostiako Eskusaitzeta industrialdean eraikitzen ari den mugikortasun elektrikoko Mubil zentroaren aurkezpenean parte hartzeko aukera izan nuen. Zentro honek etorkizuneko arlo giltzarri batean erreferente izan nahi du. Donostiako Udalak parte hartzen du arlo publiko eta pribatuaren arteko elkarlanean oinarritutako proiektu honetan. Eta bertan, lurraldeko enpresa traktoreek teknologia partekatuko dute Gipuzkoa mugikortasun elektrikoan Europako motore izan dadin. Guztira arlo publiko eta pribatuaren artean 45 milioi euroko inbertsioa egingo dugu, maila tekniko altuko eta kualifikatutako enplegua sortuz.

DIPCren handitzea, Ibaetako konputazio kuantikoko zentroa, Basque Culinary Center-eko berrikuntza gastronomikoko proiektua eta Mubil mugikortasun elektrikoko zentroa. Erakundeon apustu sendoa dira, asmo handiko inbertsio eta konpromisoekin.

Udala hirian bultzatzen ari den Talent House IIa laster bihurtuko da errealitate, aipatutako proiektuek izango dituzten beharrei erantzuteko, bertako talentua atxikitzeko, baina era berean talentu berriak erakartzeko lehiakorrak izateko.

Hori guztia gertatzen ari da Donostian. Eta horrela gertatzen ari da gure hiria duela urteak apustu sendoa egiten ari delako, segidako asmoa errealitate bihurtzeko: zientzian eta ezagutzan erreferente izateko. Eta honek guztiak hitzetik harago erabakiak eta konpromiso ekonomikoak hartzera behartzen gaitu. Eta horretan lanean ari gara euskal erakundeok. Donostiako etorkizunean giltzarri izango da zientzia eta ikerkuntzaren hiria bezala sendotzea, hain zuzen ere, ezagutza aberastasuna sortuko duen aktibo biderkatzaile eta inspiratzaile izango duen hiria izatea. Hori da Donostiaren etorkizuna, dagoeneko iritsi den etorkizuna.

Goazen Neskak!

Emakumezkoen kirolak poz handiak eman dizkio berriro ere Donostiari. Hori dela eta, aitorpena egin diegu elite mailan lehiatzen diren hiriko emakumezkoen taldeei denboraldi honetan egindako lanagatik. Donostiako klubek urte asko daramate lan handia egiten, harrobitik hasita, eta horri esker, Donostia estatuan maila gorenetan lehiatzen diren emakumeen talde gehien duten hirien artean bigarren postuan da, eta lehenengoa da baldin eta talde bakoitzeko biztanle-kopurua kontuan hartzen bada.

Horregatik, atzokoan, taldekako kirolean elite mailan lehiatzen diren klubak elkartu genituen, merezi duten aitortza jasotzeko. Eta, bertan, Real Sociedad-eko futbol eta hockey, Txuri Urdin Iztoz Hockey, Txuri Berri Curling, Club Gimnasia Ritmica Donosti,  Super Amara Bera Bera, IDK Euskotren eta Atletico San Sebastian-eko atletismo taldeen kirolari eta ordezkariekin egoteko aukera izan dugu, eskerrak emateko denboraldi honetako zein azken urteetako lorpenengatik, hirian emakumeen kirolak duen indarra erakusten dutelako.

Aitortza horren adierazle, klub guztiei gereziondo bat eman diegu, hain zuzen ere, hilabete batzuk barru Anoetako Estadiotik gertu landatuko diren gereziondoak. Asmoa da, emakumeen kirolarien lorategia izena izango duen tokian landatzea, emakumeen kirola eta bere indarra aitortzeko eta ikustarazteko. Izan ere, emakumeen taldeek historia egiten ari dira, ez bakarrik kirol mailan, baita zabalagoa eta konplexuagoa den gai batetan ere, alegia, berdintasun erreala eta eraginkorrean.

Gaur egungo neska gazteek zuek zaituzte eredu, eta etorkizunean zuek lortu dituzuen garaipenak izango dituzte ispilu. Asko disfrutatzen dugu zuekin eta zuen lorpenekin. Hiria emakumeen kirolagatik ere ezaguna izatea lortu duzue. Historia egiten ari zarete. Eta bide horretan bidelagun izango gaituzue.

Goazen Neskak!

Urketari bat Sarriegi omentzeko eskultura multzorako

Urketari bat gehitu zitzaion larunbatean Raimundo Sarriegi omentzeko bere izena daraman plazan dagoen eskultura multzora. Nino Barriuso artistak egin du irudia eta Union Artesana elkartearen 150.urteurrenaren ospakizunen barruan jari da. Helburua da hainbat pertsonak eta elkartek egindako lana aitortzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean oinarritutako jaiak lortzeko.

Urtarrilaren 20an danborrada asko Sarriegi plazatik pasatzen dira maisuari errespetua adieraztea. Une horretan hiri bezala sentitzen dugun harrotasuna adierazten dugu.

Hemendik aurrera, gure harrotasuna adierazteaz gain, garena erakutsiko dugu: berdintasunean jaiak bizi, landu, kolaboratu eta disfrutatzen dituen gizartea.

Historia pixka bat

Jose Lopetegi Goikoetxeak egin zuen Raimundo Sarriegiren omenez 1964.urtean Narrika kalearen ondoan jarri zen eskultura. 1972.urtean elkarte gastronomikoek bultzatuta eskulturari hormigoiz egindako danborjolearen eskultura gehigu zitzaion.

Hormigoizko eskultura brontzezko eskultura batengatik aldatu zen 2002.urtean. Nino Barriuso artistak egin zuen eskultura eta plazaren birmoldaketaren amaierarekin batera jarri zen. Eskultura multzoari San Sebastian martxaren letra erantsi zitzaion.

Orain, Kresala Elkarteak sortutako lehen danborrada mistoaren sorreratik 40 urte pasa direnean, aurrerapausoa egin zutenei omentzeko eta eskerrak emateko unea da, baita urte batzuren ondoren haurren danborradan atera ziren lehen neskei ere, gure jai nagusiena berdintasunean ospa dezagun.

Hilabete batzuk barru Sarriegi plaza berrituko da. Eskultura multzoa hobetuko da eta plazan bertan leku ikusgarriago batean jarriko da. Bertan, donostiarrok omenaldia egiten jarraitu ahal izango diogu urtero urtarrilaren 20arekin batera.

Eskerrik asko urketaria donostiarrok hain gustuko dugun eskultura multzoa osatzeko lan egin duzuen pertsona guztiei. Zorionak Union Artesana! Gora Donostia!

DONOSTIA 💙 BATERA BAGERA.