Etxebizitza eskaintza gehiago eta zerbitzu hobeagoak donostiarrentzat

2026rako aurrekontu-proiektua aurkeztu dugu gaur goizean. Guztira, Udalak 494,4 milioi euroko aurrekontua izangodu, donostiarrei eskaintzen zaizkien kalitatezko zerbitzuak hobetzen jarraitzeko, beti ere inor atzean utzi gabe, eta hain garrantzitsuak diren hiri-mantenuan, garraio publikoan eta donostiarrentzat etxebizitza eskaintza berriak sortzeko inbertsioake egiten.

Gure helburua izan da aurrekontu orekatua egitea, hain zuzen ere, donostiarren eta auzo guztien beharrei erantzuten dieten inbertsioak dituen aurrekontua, etxebizitza publiko aukera berriak sortzearen alde egiten duena eta bereziki gure adinekoak zaintzeko dagoen gizarte zerbitzuen eskaera handiagoari aurre egiten diona.


Aurrekontua udal departamentu ezberdinek planteatzen dituzten beharrei erantzuten saiatzen da, eta bereziki azpimarra jartzen du hiri garbia eta zaindua zein garraio publiko eraginkor eta jasangarria izatean, kultur eta kirol instalazioak hobetzeko inbertsioak egitean, eta donostiarrentzako arreta zerbitzuak hobetzeko gune berriak sortzean. Hortaz, helburua da, donostiarrek Udala gertuko erakundetzat izatea, hain zuzen ere, euren bizi kalitatea helburu duen gertuko erakundea.

Horrenbestez, aurrekontuaren gastu korronterako sailak handituko dira, bereziki, pertsonal gastuak direla eta. Eta arrazioetako bat da, hainbat departamentutarako 26 lanpostu berri sortuko direla. Gainera, zerbitzuak eskaintzeagatik sortzen diren gastu korronteak iaz baino %1,63 handiagoak izango dira. Eta hori guztia Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren ekarpena handiagoa izango delako eta udal zerga politikaren eguneraketa dela-eta. Horri esker, Udalak ematen diren zerbitzuak eskaintzen eta inbertsio berriak zein martxan dauden proiektuei aurre egiten jarraitu ahal izango du.


2026ko aurrekontu-proiektuak azken urteetan hasitako bidetik jarraituko du, eta behar gehien duten donostiarrei lehentasuna ematen jarraituko du. Hortaz, Gizarte Ekintzara zuzendutako aurrekontua 40,5 milioi eurokoa izango da, hau da, iazkoa baino %8,3 handiagoa.

Udalaren finantza egoera ona da, eta ondorioz, 41,7 milioi euro zenbatzen duten inbertsio berriak egin ahal izango dira. Eta horiei beste 126 milioi gehituko zaizkio, dagoeneko hasi diren proiektuekin jarraitzeko edo aurreko urteetako aurrekontuetan aurreikusitako proiektuak garatzeko.


Beraz, 2026ko aurrekontu proiektuak azken urteetan hartutako bideari helduko dio, eta helburua da Udala gertuko erakundea izaten jarraitzea, hain zuzen ere, kalitatezko zerbitzuak eskaintzen eta donostiarren bizi-kalitatean eta ongizatean inbertsioak egiten dituen gertuko erakundea.

189.866 donostiar gara

https://prezi.com/view/tvyX26vSgfXIcR3Oo7sD/

 

Hiriko irudia izatea garrantzitsua da hartzen ditugun erabakietan kontuan hartu ahal izateko. Azkeneko asteetan 2024ko datuak borobildu ahal izateko falta ziren azkenak iritsi zaizkigu eta gaur demografia datuak eskaintzeko unea izan da.

 

Donostiak 189.866 biztanlerekin amaitu zuen 2024a ,hau da, iaz baino 772 biztanle gehiagorekin, eta beraz, hiriak historian izan duen biztanle-kopuru handiena da. Donostiar gehiago gara, baina batez besteko adina 47 urtetan mantendu da. Emakumean nagusi dira hirian, eta biztanleen %52,6 dira, eta urte gehiago bizi dira. 80 urtetik gorako biztanle kopuruari erreparatzen badiogu, %66 emakumeak dira.

Auzoak

 

Amara Berri da biztanle gehien  izaten jarraitzen duen auzoa, 30.244 biztanlerekin (biztanleen %15,9). Jarraian Erdialdea (22.517) eta Altza (20.612) daude. Hiru auzo hauek gehi Grosek (17.831) biztanleen %48 zenbatzen dute.

 

Bestalde, Zubieta da biztanle gutxien dituen auzoa, 317 (%0,2). Jarraian, Igeldo (1.125) eta Miramon-Zorroaga (2.475) daude. Loiola (+295) da 2024an gehien hazi den auzoa, eta aldiz, Gros da biztanle gehien galdu dituena (-109).

Atzerritarrak

 

Donostian bizi den atzerritar kopurua hazi da, eta iaz baino 859 atzerritar gehiago bizi dira hirian. Guztira 20.167 atzerritar bizi dira Donostian  eta beraz, hiriko biztanleen %10,6 dira. Honduras, Kolonbia, Nikaragua, Maroko eta Italia dira atzerritarren nazionalitate nagusienak.

 

Guztira, beste herrialde batetan jaiotako 29.875 pertsona bizi dira Donostian, iaz baino 1.821 pertsona gehiago. Eta aldiz, Espainian jaiotako pertsona kopurua 149 pertsonatan gutxitu da. Beraz, ondorioztatu daiteke, atzerritar kopuruaren zein beste herrialde batetan jaiotako biztanle kopuruaren hazkundeari esker hazi izan dela hiriaren biztanle kopurua.

Jaiotze-tasa eta zahartze-indizea

 

Jaiotze-tasak oso txikia izaten jarraitzen du. 2024an 1.052 haur jaio dira hirian, iaz baino 27 gutxiago, eta 2.045 pertsona hil dira, iaz baino 25 gehiago. Hortaz, saldo begetatiboa (jaiotzak ken heriotzak) -993 pertsonakoa da.

 

Zahartze-indizeari dagokionez, gora jarraitzen du eta 219koa da, iaz baino 8,5 puntu gehiago. Ondorioz,  hirian 65 urtetik gorako 2,19 pertsona daude 15 urteko pertsona bakoitzeko. Gros eta Erdialdea dira zahartze-indize handiena dutenak, 65 urtetik gorako 3,28 eta 3,13 pertsona daude 15 urteko pertsona bakoitzeko. Aldiz, Loiola eta Añorga dira auzo gazteenak, eta 65 urtetik gorako 1,21 eta 1,32 pertsona bizi dira 15 urteko pertsona bakoitzeko.

 

Ehunekoei erreparatuta, donostiarren %26,15ak 65 urte baino gehiago dute, %8k 80 urte baino gehiago, eta 118 pertsonak 100 urte baino gehiago dituzte. 2024ko abenduaren 31n.

Urrezko Danborra 2025

Urrezko Danborra emateko ekitaldia San Sebastian eguneko une hunkigarrienetako bat da. Festaren erdian, eta 5.000 haur Erdialdeko kaleetan Haur Danborradan parte hartzen ari direla, donostiar askok asko espero dugun unea iristen da.

 

Donostiak zorte handia du bere hiritarren artean Urrezko Danborra bezalako sari hain maitatua emateko hainbeste hautagairen artean aukeratzeko. Izan ere, hemen talentu asko eta maila handia dago arlo ezberdinetan. Baita artistikoan ere. Aurten, Moriarti ekoiztetxe donostiarrak jaso du merezitako saria, izan ere Donostiatik lan handia egin du eta mundu osoan zehar aitortza izan du.

 

Moriarti urte askotan hiriko enbaxadore bikaina izan da eta hala izaten jarraitzen du. Une honetatik aurrera, sari hau ematen dizuen hiriak lan hori bera egiten jarraitzeko eskatzen dizue: hiriari buruz hitz egiten jarraitzea, zuen filmeetan erakusten jarraitzea, eta zergatik ez, noizbait hiria filme horietako protagonista bilakatzea.

 

Beraz, Urrezko Danborra harro eraman behar duzu. Harro baina zuen estiloan, hau da, apaltasunez, handinahikeriarik gabe, eta jakinda Urrezko Danborra jasotzeak hiriari betirako lotzen zaituztela.

 

Irakurri hitzaldi osoa hemen: Urrezko Danborra 2025

Donostia 2030: donostiarrei gutun irekia

2020ko lehen hiruhilekoan hiriaren irudi ezohiko batzuk ikusi genituen. Donostiako kaleak biluzik ageri ziren, jenderik gabe. Pandemia hasi eta bi urtera, irudi horiek dira gogoeta honen abiapuntua. Hiri bateko gauzarik garrantzitsuena bertako biztanleak dira. Donostiarrok ematen diogu bizia eta zentzua hiriari.


Donostia, hiria bera leku hobea izan dadin ahalegindu diren donostiarren belaunaldiek pentsatu, eraiki eta zaindutako komunitatea da.


Bi urte hauetan, gure komunitatea elkartuta mantentzeak zer esan nahi duen erakusten duten adibide asko ikusi ditugu: Maria Cristina Hotela osasun gune gisa, auzoetako sareen inplikazioa, 65 urtetik gorako pertsona guztiei egindako telefono deiak (Lagunkate), eskaintza kulturalari eusteko Udalaren apustua edo kontsumo bonuak. “Hiria egiteko” helburuari ekarpena egin dioten keinuak, ekintzak eta erabakiak.


Orain etorkizunari ilusioz eta indarrez begiratzeko garaia da. Balioak partekatu behar ditugu, ikuspegiak batu, konplizitate eta lankidetza sareak ehundu berehalako erronkei aurre egiteko, aukerak sortzen jarraitu ahal izateko.