Egun pozgarria zalantzarik gabe gaurkoa Donostiarentzat. Udalak eta Defentsa Ministerioak Loiolako Kuartelen lur-saila erosteko akordioa itxi dugu. Eta akordioan, Loiolako eremuaz gain, Ulian Ministerioaren jabetza diren 6 hektarea ere sartu ditugu.
Akordioaren sinadura urtearen amaieran edo 2023aren hasieran egingo dugu. Behin sinatuta, 6 hilabeteko epea izango dugu eskriturak sinatzeko. Une horretarik aurrea lur-sail horiek Udalaren jabetza izango dira. Era berean, militarrek 4 urteko epea izango dute bertatik aterazeko. Udalak, epe hori erabiliko du etorkizuneko auzoa diseinatzeko.
Akordioa 73 milioi eurotan itxi da, eta prezioan, eremu berriaren urbanizazio kostuak sartu dira. Besteak beste bi zubi berri egingo dira, bat egungo Urdintzu zubia ordezkatuko duena, eta bigarrena Intxaurrondorako lotura hobetuko duen pasarela, eta kota bi metro eta erdi igoko da uholdeak ekiditeko.
Eremuak 17,5 hektareatako azalera du. Bertan, gutxi gorabehera 1.500 eta 1.700 etxebizitza egiteko aukera egongo da. Eta gainera, ekipamendu publiko berriak egingo dira.
Prozesu hau ez litzateke posible izango EAJ-PNVk Kongresuan egindako lana gabe. Horregatik, eskertza berezia egin nahiko nioke Aitor Estebani. Eskerrik asko Aitor kamiseta txuri urdina jartzeagatik eta donostiarron interesak defendatzeagatik.
2019an kuartelen lur-saila hiriaren parte izan zitezen lan egingo genuela zin egin genuen. Hitza bete dugu.
Uste dut akordio hau dela hiri baten historian ematen diren momentu berezi horietako bat. Hiriaren etorkizunari begira pauso bat markatzen dutenak.
Zein da Donostiaren papera Euskadin? Galdera horri erantzun behar izan diot gaur goizean Bilboko Ercilla Hotelean egin den Nueva Economía Forum Tribuna Euskadi foroan.
Argi daukat Donostiak, Bilbo eta Vitoria-Gasteizekin batera euskal hiri bat osatzen dugula, eta hiri horrek muduan leku bat izateko lehian dihardu, baina beti hiru hiriburuok elkarlanean. Izan ere, nahiz eta ezberdinak garen, erronka antzekoak ditugu.
Hiriburu bakoitzak bere indarguneen ekarpena egin behar du. Eta gurea 2030 Plan Estrategikoan aurreikusita dago- Bertan, definitzen dira jarraitu beharreko ardatz estrategikoak. Eta besteak beste, ardatz horiek azpimarratzen dute Donostiak zeresan handia duela ikerketa, kultura, sorkuntza eta beste hainbat arlotan.
Gainera, Donostiaren kokapena hiru hiriburuen onena da Iparralderekin, Europakerin eta Nafarroa bezalako inguruko erkidegokin lotura izateko. Hau da, Donostiak Euskadin zeregin handia du, eta aurrera egiten jarraitu nahi dugu, betiere Bilbo eta Vitoria-Gasteizekin elkarlanean.
Zientzia eta ezagutzaren hiria
Gure apustu nagusienetako bat zientzia eta ezagutzaren eskutik dator. Egun Donostian zientzia eta ezagutza protagonista handiak dira. 5.000 ikertzaile ditugu hirian lanean, eta biozientzien arloa da azken urteetan gehien hazi den arloetako bat.
Hortaz, lanean jarraitu behar dugu bertako talentua mantentzeko eta kanpokoa erakartzeko ekosistema bat sortzeko. Zumeak baditugu, teknologia eta ikerketa zentroak; jarrai dezagun Donostia zientzia eta ezagutzan hiri erreferenteagoa egiten.
Turismo jasangarria
Donostia hiri erakargarria da. Ezagutza erakartzeko gaitasuna dugu, eta eragile askoren eskutik ere ekitaldi ugari antolatzen ditugu. Eta ekitaldi horiek guztiak milaka pertsona erakartzen dituzte. 2011tik bisitari kopuruaren eboluzioa hazi da eta, egun, mundu osoan ere gertatzen ari den fenomeno baten islada da, hau da, gero eta jende gehiago mugitzen da mundu osoan zehar.
Eta fenomeno horri jasangarritasunaren aldetik heldu behar diogu. Eta horretarako helmuga zaindu behar dugu, hainbat erabaki hartuz, esaterako, ostatatzeak limitatzeko eta, hortaz, hirian desorekak ekiditeko. Horiek horrela, azken urteetan pisu turistikoen jarduera arautu dugu, Parte Zaharra eremu saturatua izendatu dugu, bizitegi-eraikinak hoteletan ez bihurtzeko mugak ezarri ditugu. Eta orain, Plan Orokorraren eskutik beste hainbat neurri hartuko ditugu.
Zerbitzuen kalitatea bermatzeko tasa turistikoa
Turismoa aberastasuna eta lanpostuak sortzen dituen iturria da, eta horrek Udalari esfortzu berezia eskatzen dio, donostiarrei zein bisitariei eskaintzen dizkien zerbitzuen kalitatea mantentzeko. Horregatik, Udalak ahobatez adierazi zuen tasa turistikoaren aldeko iritzia.
Argi dugu ere, tasa turistikoa jartzeko gure erabakiak ez duela zertan eraginik izan behar beste batzuengan. Guk nahi duguna da udalerri bakoitzak erabakitzeko eta tasa horren bidez dirua-biltzeko gaitasuna izatea; izan ere, udalerria da zerbitzuak mantentzeko esfortzu gehien egiten dituena.
Etxebizitza
Turismoa etxebizitzaren garestitasunarekin eta hiriak izan ditzakeen gainerako gaitzekin lotzea ez da bidezkoa. Etxebizitzaren arazoa beti egon da Donostian. Inork ez du ukatzen arazo bat dagoenik, baina mundu guztiak ez du konponbiderik planteatzen. Guk argi daukagu: gure apustua da, besteak beste, eraikita dagoen ondarean eragitea, etxebizitzen bereizketarekin edo erabilera aldaketarekin. Ildo horretan, nabarmendu behar da azken urteetan sortutako etxebizitzen laurdena segregazioaren edo erabilera-aldaketaren ondorio dela.
Gainera, baldin eta gaur egun Loiolako Kuartelek okupatzen dituzten lurrak hirirako berreskuratzea lortuko bagenu, hiriak espazio berri bat izango luke, zalantzarik gabe Urumea ibaiaren inguruan zentralitate berri bihurtuko den eremua, eta, gainera, Loiola, Txominenea eta Intxaurrondo auzoen arteko loturak hobetuko dituena, Ametzagaina parkearen bidez. Mugarri bat izango litzateke, zalantzarik gabe, hain zuzen ere, hiria eraldatuko lukeen eta kohesio handiagoa emango liokeen mugarria.
Mugikortasuna
Aldaketa prozesuak zailak izaten dira. Pixkanaka egin behar diren prozesuak izaten dira. Eta Donostian mugikortasunaren lotura duten aldaketak pixkanaka egin behar dira, emisio txikien eremua sortzeko eta, beraz, oinezkoentzat guneak irabazteko. Uste dut inor ez lukeela ulertuko Loiola kalea, Foru aldundiaren ingurua edo Parte Zaharra lehengo egoerara itzuliko balira, eta autoen menpe egongo balira.
Behin lehendabiziko aldaketak eginda, argi dugu entzute-prozesu bat egitea beharrezkoa dela, ekarpenak jaso ahal izateko, baina beti kontuan hartuta helburua hiri jasangarriago bat lortzea dela, hain zuzen ere, bizikletak, oinezkoak eta garraio publikoa protagonista diren hiri jasangarriago bat.
Baina Donostia ez da mugikortasun ohituren gaineko aldaketei aurre egin behar dien hiri bakarra. Hiri guztiei eragingo dien zerbait da. Baita Bilbo eta Vitoria-Gasteizeri ere. Hiru hiriburuek dugun erronka komunetako bat da, hain zuzen ere, elkarlanean aurre egin nahi diogun erronka komunetako bat.
Altza Donostiako auzo zaharrenetako bat da, historia handia duen auzoa da. Ia 900 urteko historia, egungo Altza osatzera eraman duten aurrerapenekin, aldaketekin eta mugarriekin. 2022an, kiroldegi berriak bidea egin du altzatarrek auzo atseginago, bizigarriago eta jasangarriago batean bizi daitezen. Hain zuzen ere, gazte zein adineko pertsona guztien bizitza proiektuak garatzen posible egingo duen auzoa.
Erronka konplexuak ditugu aurretik, ez bakarrik Altzan, baita hiri osoan ere. Eta erronka horiei jarrera erabakiorrarekin eta baikorrarekin heldu nahi diegu. Izan ere, historian zehar elkarrekin une kritikoak eta garrantzitsuak gainditu ditugu. Helburuak oso argi ditugu: bizi-kalitate hobea eta handiagoa duten auzoak lortzea; etorkizuneko proiektuak eskainiko dituen jarduera eta aberastasun ekonomikoa sortzea; hiriak hazkunde kohesionatua eta orekatua izatea; eta hiriaren ingurumena zein jasangarritasuna hobetzea.
Altzak oso harro esan dezake hazten jarraitzen duen auzo anitza dela. Izaera eta nortasun propioa duen auzo bateko kide izatearen harrotasuna. Gainerakoak bezalakoa ez den auzoa, gainerakoak bezalakoa ez den hirian. Horrela da Altza eta horrela da Donostia. Aurrera doan auzoa; hobetzen doan hiria.
Legealdi hau ziurgabetasunaren legealdia izan da, COVID19a eta Europak bizi duen gerra direla eta. Ondorioei aurre egiteko prest egotea dagokigu. Eta horretarako, eraginkorrena da zuzenean aurre egitea eta ez uko egitea.
Baliabideak eta indarguneak ditugu datorrenari aurre egiteko. Donostian sinesten dudalako. Gaur inoiz baino garrantzitsuagoa da oinarri sendoak izatea, eta hori egin dugu 2030eko Plan Estrategikoan.
COVID19ak Udalaren lanean zein egoera ekonomikoan eragina izan du, baina eraginik handiena gure gizartean izan du. Donostiarrok osatzen ditugun eragile guztiok sarean lan egiten badugu datorrenari aurre egiteko gai izango gara.
Donostiaren erradiografia egiterakoan inozoa litzateke arazoak ditugula ukatzea. Baina inozoa da ere arazoak daudela bakarrik ikusarazi nahi izatea. Datu guztiak kontuan hartu behar dira indarguneak zaintzeko eta dauden arazoei aurre egiteko.
Hiri kohesionatua
Gobernu Programaren ardatzen jomuga hiritarrak zaintzea da. Gehien behar dutenak zaintzen dituen komunitatea Donostia hiri kohesionatua izateko, eta hiri osoan bizi kalitate handiagoa eta uniformea izateko.
Donostiak pauso nabarmenak eman ditu aukera ezberdinak zein aberastasuna sortzeko esparru ezberdinetan. Zientziaren hiria izateko apustua bere fruituak ematen hasi da, baina gainerako sektoreak baztertu gabe, izan ere Donostia arlo askotan erreferente egin dute.
Etxebizitza eta iraunkortasuna
Etxebizitzaren arazoa da gehien kezkatzen jarraitzen gaituena. Legealdian zehar hainbat ekimen egin dira etxebizitza gehiago egiteko zein merkatutik at zeudenak merkaturatzeko. Loiolako Kuartelei buruzko akordioa oso gertu dago, eta horrek etxebizitza gehiago egiteko aukera emango digu.
Iraunkortasunak eskatzen du egungo beharrak asetzea etorkizuneko belaunaldien beharrak konprometitu gabe. Eta beti ingurumenaren zaintzari, ekonomiaren hazkundeari eta gizartearen garapenari uko egin gabe.
Turismoak historikoki aberastasuna sortu du Donostian. Plan Orokorraren bidez desorekak ekiditeko limiteak ezarri ditugu. Gainera, tasa turistikoa sortzearen alde egiten jarraitzen dugu, donostiarrei eskaintzen dizkiogun zerbitzuak hobetzeko.
Garraio publikoa eta mugikortasuna
Garraio publikoak eta bizikletak indar handia hartu dute. Gertatu diren aldaketak, esaterako, Loiolako edo Añorgako bulebarizazioak edo Kontxako espaloia zabaltzea, hoberako izan dira.
Dena den, hurrengo hilabeteetan gure konpromisoa izango da datozen aldaketak ondo azaltzea, entzutea eta hiritarrak zein eragileak aldaketa horien parte egitea. Azaldu, entzun eta ekarpenak jaso. Dena izango da ona hobetzeko.
Nortasuna, balio demokratikoak eta bizikidetza
Euskara, kultura eta sorkuntza aniztasuna sustatzen dituen hiria izaten jarraitu nahi dugu. Kultura Donostian K-rekin idazten da, izan ere, euskararekin batera gure nortasunaren ezaugarri nagusienetakoa da.
Donostia ez dago Europan eta munduan sortu diren arriskuetatik kanpo. Gaur inoiz baino beharrezkoa da balio demokratikoak, errespetua eta bizikidetza sustatzea populismoei aurre egiteko.
Etorkizuna
Etorkizuneko erronkei aurre egiteko tresnetako bat Europako Next Funtsak dira, eta zalantzarik gabe Donostiak ondo baino hobeto egin ditu etxekolanak: 26 milioi jaso ditugu hainbat proiektu garatzeko eta beste 21 milioi eurori buruzko erantzunaren zain gaude.
Donostia|ren aurrerabidea beti egon da hiritarren ekimenari lotuta. Sentsibilitate guztiak batzeko unea da, modu konstruktiboan lan egiteko, ezberdintasun guztien gainetik Donostia kohesionatu baten alde.
“Ez dakizue Donostian duzuena baloratzen”. Aste honetan bertan hitz hauek esan dizkit Stefan Oelrich Bayer Farmako presidenteak. Oelrich jauna Donostian izan da aste honetan El Diario Vascok antolatutako Gipuzkoako Enpresa Foroan parte hartzen. Eta ez zen ari pintxoez, Kontxako badiaz edo gure bizi kalitateaz – horiek ezagutzeko aukera izan du ere –, baizik eta Alemaniako farmazia-multinazionalaren jabetza den Viralgen Donostiako ikerketa biosanitario zentroak duen maila tekniko eta kualifikazioari buruz ari zen.
“Alemanian ez dugu horrelako prestakuntza eta maila profesionala duen zentrorik”, esan zidan.
Miramongo Parke Teknologikoan Viralgenek duen instalazio berriak bisitatu ondoren mezu argia utzi zuen: Donostiak baldintza egokiak ditu Bayer-en bio-iraultza estrategian eta arlo biosanitarioan mundu osoan hiri erreferente izateko.
Eta munduko farmazia-enpresa nagusietako baten zuzendaritza-kide alemaniar batek egindako hausnarketa honek lagundu gaitzake askotan zarata egiten duten hainbat gauzen artean oharkabean pasatzen den zerbaitetan atentzioa jartzen. Donostiak lehen mailako ingurunea osatzen duten eragile eta aktoreen ehuna du. Eta horretaz jabe da 2030eko Donostiako Plan Estrategikoa, eta horregatik jasotzen du etorkizuneko apustu nagusietako bat bezala.
Aste honetan bertan Udalak, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Donostia International Physics Center-eko (DIPC) instalazioak handitzeko proiektua aurkeztu dugu. Pedro Miguel Etxenikek zuzentzen duen gure hiriko nazioarteko ospe handiko zentroak 6.200 metro karratu gehiago izango ditu laborategi eta ikertzaileentzako lan-eremu gehiago hartzeko. Bertan, egun, 35 nazionalitate ezberdinetako 247 ikertzailek lan egiten dute, eta horien artean bi Nobel saridun daude.
Era berean, maiatzean hiru erakundeok eta Euskal Herriko Unibertsitateak Ibaetako kanpusean ikerketa kuantikora zuzenduta egongo den eraikin berria aurkeztu genuen. Zentro horrek bi urte barru 300 ikertzaile hartuko ditu, hain zuzen ere, neutronikan, kimika aurreratuan eta material berrien ikerketan lan egingo duten ikertzaileak. Guztira 12 milioi euroko inbertsioa egingo da konputazio kuantikoko polo bat modu teoriko eta praktikoan garatzeko. Eta superkonputagailuen bidez, egun pentsaezinak diren desafio matematikoei aurre egingo diegu.
Halaber, maiatzean ere, hiru erakundeok Basque Culinary Center-aren bigarren eraikina hartuko duen proiektua aurkeztu genuen. Bertan, Gastronomy Open Ecosistem ekimena garatuko da eta, horri esker, gure hiriak eta lurraldeak gastronomia arloko ikerketan duen garrantzia indartuko dute. Guztira 26 milioi euroko inbertsioa egingo da, hezkuntza- eta berrikuntza-gune berri bat sortzeko, Euskadiko eta munduko beste hainbat lekutako ikasleek karrera profesionala gara dezaten, gure hiriak ospe handia duen arloan.
Lehengo astean ere, Donostiako Eskusaitzeta industrialdean eraikitzen ari den mugikortasun elektrikoko Mubil zentroaren aurkezpenean parte hartzeko aukera izan nuen. Zentro honek etorkizuneko arlo giltzarri batean erreferente izan nahi du. Donostiako Udalak parte hartzen du arlo publiko eta pribatuaren arteko elkarlanean oinarritutako proiektu honetan. Eta bertan, lurraldeko enpresa traktoreek teknologia partekatuko dute Gipuzkoa mugikortasun elektrikoan Europako motore izan dadin. Guztira arlo publiko eta pribatuaren artean 45 milioi euroko inbertsioa egingo dugu, maila tekniko altuko eta kualifikatutako enplegua sortuz.
DIPCren handitzea, Ibaetako konputazio kuantikoko zentroa, Basque Culinary Center-eko berrikuntza gastronomikoko proiektua eta Mubil mugikortasun elektrikoko zentroa. Erakundeon apustu sendoa dira, asmo handiko inbertsio eta konpromisoekin.
Udala hirian bultzatzen ari den Talent House IIa laster bihurtuko da errealitate, aipatutako proiektuek izango dituzten beharrei erantzuteko, bertako talentua atxikitzeko, baina era berean talentu berriak erakartzeko lehiakorrak izateko.
Hori guztia gertatzen ari da Donostian. Eta horrela gertatzen ari da gure hiria duela urteak apustu sendoa egiten ari delako, segidako asmoa errealitate bihurtzeko: zientzian eta ezagutzan erreferente izateko. Eta honek guztiak hitzetik harago erabakiak eta konpromiso ekonomikoak hartzera behartzen gaitu. Eta horretan lanean ari gara euskal erakundeok. Donostiako etorkizunean giltzarri izango da zientzia eta ikerkuntzaren hiria bezala sendotzea, hain zuzen ere, ezagutza aberastasuna sortuko duen aktibo biderkatzaile eta inspiratzaile izango duen hiria izatea. Hori da Donostiaren etorkizuna, dagoeneko iritsi den etorkizuna.
Gaurko egunez, duela 86 urte, Jesus Maria de Leizaolak, gizon-emakume askok bezala, bere sorterri maitatua, Donostia, uztera behartua ikusi zuen bere burua, ordurako sarraski handiak eragin zituen Gerra Zibilaren ondorioz.
Egun señalatu hori aukeratu dugu hemen, Euskadi plazan, olibondo baten parean, Sebas Larrañagak egindako eskultura dotore hau jartzeko. Hirian, jendearen artean, izango dugu aurrerantzean gure lehendakari zaharra. Ziur naiz berari leku hau asko gustatuko zitzaiola, hemen jendearen joan etorria handia delako, eta bera ere horixe zelako azken finean, beste donostiar bat.
Eskerrak eman nahi dizkiot Gipuzkoako Foru Aldundiari eskultura hau Donostiari lagatzeagatik, eta gune publikoan jartzeko aukera emateagatik.
Gatazka Zibilak, urte luzez, pertsona askoren ametsak zapuztu eta herri honen etorkizuna baldintzatu zituen. Leizaolak berak horrela jasan zuen. Izan ere, 4 hamarkada igaro behar izango ziren Euskadira itzuli ahal izateko.
Gaurkoa, ordea, 1936 urteko irailak 12 hartan bizitakoaren kontrakoa da. Joan-etorria. Itzulera. Gaurkoan, Leizaola gogora ekarri nahi dugu eta.
Con mi llegada hoy a Euskadi, cumplo y doy fin a una misión que se me encomendó (…) Pido a los vascos la reconciliación y la paz, ese objetivo que ha movido mis gestos y actuaciones en los últimos diez años.
40 urtez erbestean egon ostean, 1979an, euskal lurrean, hori da Leizaola lehendakariak ozen aldarrikatu zuena: Adiskidetzea eta bakea. Horiek izan ziren bere desirak, eta horiegatik borrkatu zuen bere bizitza guztian.
Ezin ditugu ahaztu, Leizaola lehendakariak bezala, euren bizitzak eman zituzten pertsonak testuinguru historiko zail batean askatasunaren eta demokraziaren alde borrokatuz eta horiek babestuz. Haiek izan ziren bakea eta askatasuna desiratzen zuten pertsonen salbazio taulak.
Geuri, hemen gauden guztioi, dagokigu haiek hasitako bidean jarraitzea. Gu gara amaitu gabeko lanean jardun behar dugunak. Geuri dagokigu Bakearen, Askatasunaren eta Adiskidetzearen bidean aurrera egitea.
-Hemen duzue olibondoa: Bakearen ikur.
-Hemen dugu plaza, Euskadi Plaza: lur Askearen aldarri.
-Eta hemen Leizaola lehendakariaren begirada: Zubirantz begira. Adiskidetasuna oinarri duen zubi sendoari begira.
Denok gara gure aurrekoen eta ondorengoen zubi. Belaunaldien arteko lotura. Baina zubiek ere baliatzen digute bestearen tokian jartzea. Ezberdin bizi, pentsatu, maitatu edo sinesten dutenek elkar ulertzeko bideak jarriz.
Onartuko dizuet Jesus Maria de Leizaolari, geure Lehendakari Zaharrari, beti izan diodala miresmen eta kariño pertsonal handia. Alde batetik, jaiotzez donostiarra zelako. Bere ibilbidean asko egin zuen berak hiri honen alde. Eta bestetik, bera bezalako gizon-emakumeek ezin hobeto ordezkatzen dutelako zer den herrigintza, zer den benetako politika egitea, zer den herria eta aberria maitatzea.
Aurten ere, gure hiriko beste ikur baten 125.urteurrena ospatzen dugu, Pablo Sorozabal konpositorearena. Bere lanen artean “Gernika” kantata dago, gure herriaren bizirauteko gogoari eskainitako lana.
Doinu horren lerro batzuk horrela diote.
Haritza bezain lerden eta zutik, gero eta indartsuago.
Arrano beltzak alferrik datoz, lainoak baino gorago.
Euskal gaztedi guztiok erne, etsaia borrokatzeko
Hiltzaile horiek inoiz ez dute haritzik lurperatuko.
Hautsi gure kateak
piztu euskal legeak
ta hil artean bizi askatasunean
eta pakean.
Adiskidetzea eta pakea.
Eskerrik asko, Jesus Maria de Leizaola.
Eskerrik asko bihotz-bihotzez, Lehendakari Zaharra.