Politika Orokorreko urteko adierazpena

Spread the love

 

Legealdi hau ziurgabetasunaren legealdia izan da, COVID19a eta Europak bizi duen gerra direla eta. Ondorioei aurre egiteko prest egotea dagokigu. Eta horretarako, eraginkorrena da zuzenean aurre egitea eta ez uko egitea.

Baliabideak eta indarguneak ditugu datorrenari aurre egiteko. Donostian sinesten dudalako. Gaur inoiz baino garrantzitsuagoa da oinarri sendoak izatea, eta hori egin dugu 2030eko Plan Estrategikoan.

COVID19ak Udalaren lanean zein egoera ekonomikoan eragina izan du, baina eraginik handiena gure gizartean izan du. Donostiarrok osatzen ditugun eragile guztiok sarean lan egiten badugu datorrenari aurre egiteko gai izango gara.

Donostiaren erradiografia egiterakoan inozoa litzateke arazoak ditugula ukatzea. Baina inozoa da ere arazoak daudela bakarrik ikusarazi nahi izatea. Datu guztiak kontuan hartu behar dira indarguneak zaintzeko eta dauden arazoei aurre egiteko.

Hiri kohesionatua

Gobernu Programaren ardatzen jomuga hiritarrak zaintzea da. Gehien behar dutenak zaintzen dituen komunitatea Donostia hiri kohesionatua izateko, eta hiri osoan bizi kalitate handiagoa eta uniformea izateko.

Donostiak pauso nabarmenak eman ditu aukera ezberdinak zein aberastasuna sortzeko esparru ezberdinetan. Zientziaren hiria izateko apustua bere fruituak ematen hasi da, baina gainerako sektoreak baztertu gabe, izan ere Donostia arlo askotan erreferente egin dute.

Etxebizitza eta iraunkortasuna

Etxebizitzaren arazoa da gehien kezkatzen jarraitzen gaituena. Legealdian zehar hainbat ekimen egin dira etxebizitza gehiago egiteko zein merkatutik at zeudenak merkaturatzeko. Loiolako Kuartelei buruzko akordioa oso gertu dago, eta horrek etxebizitza gehiago egiteko aukera emango digu.

Iraunkortasunak eskatzen du egungo beharrak asetzea etorkizuneko belaunaldien beharrak konprometitu gabe. Eta beti ingurumenaren zaintzari, ekonomiaren hazkundeari eta gizartearen garapenari uko egin gabe.

Turismoak historikoki aberastasuna sortu du Donostian. Plan Orokorraren bidez desorekak ekiditeko limiteak ezarri ditugu. Gainera, tasa turistikoa sortzearen alde egiten jarraitzen dugu, donostiarrei eskaintzen dizkiogun zerbitzuak hobetzeko.

Garraio publikoa eta mugikortasuna

Garraio publikoak eta bizikletak indar handia hartu dute. Gertatu diren aldaketak, esaterako, Loiolako edo AƱorgako bulebarizazioak edo Kontxako espaloia zabaltzea, hoberako izan dira.

Dena den, hurrengo hilabeteetan gure konpromisoa izango da datozen aldaketak ondo azaltzea, entzutea eta hiritarrak zein eragileak aldaketa horien parte egitea. Azaldu, entzun eta ekarpenak jaso. Dena izango da ona hobetzeko.

Nortasuna, balio demokratikoak eta bizikidetza

Euskara, kultura eta sorkuntza aniztasuna sustatzen dituen hiria izaten jarraitu nahi dugu. Kultura Donostian K-rekin idazten da, izan ere, euskararekin batera gure nortasunaren ezaugarri nagusienetakoa da.

Donostia ez dago Europan eta munduan sortu diren arriskuetatik kanpo. Gaur inoiz baino beharrezkoa da balio demokratikoak, errespetua eta bizikidetza sustatzea populismoei aurre egiteko.

Etorkizuna

Etorkizuneko erronkei aurre egiteko tresnetako bat Europako Next Funtsak dira, eta zalantzarik gabe Donostiak ondo baino hobeto egin ditu etxekolanak: 26 milioi jaso ditugu hainbat proiektu garatzeko eta beste 21 milioi eurori buruzko erantzunaren zain gaude.

Donostia|ren aurrerabidea beti egon da hiritarren ekimenari lotuta. Sentsibilitate guztiak batzeko unea da, modu konstruktiboan lan egiteko, ezberdintasun guztien gainetik Donostia kohesionatu baten alde.

 

Hementxe duzue hitzaldia osorik: