Amaiera arte borrokatuko dugu Loiolako Kuartelen lur-saila hiriarentzat izan dadin

Behin Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenaren epaia ezagututa – non eta eskatzen den Loiolako Kuartelen eraikinak PEPPUC delakoarekin babesteko – bi mezu zabaldu nahi ditutu. Alde batetik, zuhurtzia,  oraindik aztertu gabeko gaiak daudelako, hain zuzen ere, Udalaren zerbitzu juridikoen esku dauden hainbat gai.

Eta bestetik, irmotasuna. Izan ere, gure helburua berdina izaten jarraitzen du: kuartelen lursaila hiriarentzat eskuratzea.

Helburu hori udal korporazioak aho batez hartutakoa da, eta amaiera arte borrokatuko dugu lortzeko. Eta horretarako gure esku dauden tresna guztiak erabiliko ditugu, nahiz eta batzuek zailtasunak jarri nahi dizkiguten. Ondarearen aitzakia erabili nahi dute ekiditeko lursail hori hiriak duen etxebizitza beharretara bideratu ahal izatea.

Uste dut guztiok bat egingo dugula esaterakoan lursail horrek ez duela kuartela izan behar. Eta kuartela izatea da Udaletxean ordezkaritzarik ez duen VOX alderdiak bere helegitearekin egin nahi duena.

Guk oso argi dugu: irmotasunez babestuko dugu hiriaren interesa. Eta interes hori da lursail hori gureganatzea Urumearen ibarraren garapena osatzeko, hiriguneari gehituz, eta etxebizitza beharrari erantzunez. Eta garapen horretan ekipamendu eta gune publiko berriak egongo dira.

Gure borondatea da jarri dizkiguten oztopoak gainditzeko lan egiten jarraitzea, betiere ahaztu gabe zein den gure helburua, eta hori lortzeko borrokatzen jarraituko dugula. Helegitea aurkeztea posible da eta guztiz beharrezkoa ikusten dugu hirien interesak defendatzeko.

Goazen Neskak!

Emakumezkoen kirolak poz handiak eman dizkio berriro ere Donostiari. Hori dela eta, aitorpena egin diegu elite mailan lehiatzen diren hiriko emakumezkoen taldeei denboraldi honetan egindako lanagatik. Donostiako klubek urte asko daramate lan handia egiten, harrobitik hasita, eta horri esker, Donostia estatuan maila gorenetan lehiatzen diren emakumeen talde gehien duten hirien artean bigarren postuan da, eta lehenengoa da baldin eta talde bakoitzeko biztanle-kopurua kontuan hartzen bada.

Horregatik, atzokoan, taldekako kirolean elite mailan lehiatzen diren klubak elkartu genituen, merezi duten aitortza jasotzeko. Eta, bertan, Real Sociedad-eko futbol eta hockey, Txuri Urdin Iztoz Hockey, Txuri Berri Curling, Club Gimnasia Ritmica Donosti,  Super Amara Bera Bera, IDK Euskotren eta Atletico San Sebastian-eko atletismo taldeen kirolari eta ordezkariekin egoteko aukera izan dugu, eskerrak emateko denboraldi honetako zein azken urteetako lorpenengatik, hirian emakumeen kirolak duen indarra erakusten dutelako.

Aitortza horren adierazle, klub guztiei gereziondo bat eman diegu, hain zuzen ere, hilabete batzuk barru Anoetako Estadiotik gertu landatuko diren gereziondoak. Asmoa da, emakumeen kirolarien lorategia izena izango duen tokian landatzea, emakumeen kirola eta bere indarra aitortzeko eta ikustarazteko. Izan ere, emakumeen taldeek historia egiten ari dira, ez bakarrik kirol mailan, baita zabalagoa eta konplexuagoa den gai batetan ere, alegia, berdintasun erreala eta eraginkorrean.

Gaur egungo neska gazteek zuek zaituzte eredu, eta etorkizunean zuek lortu dituzuen garaipenak izango dituzte ispilu. Asko disfrutatzen dugu zuekin eta zuen lorpenekin. Hiria emakumeen kirolagatik ere ezaguna izatea lortu duzue. Historia egiten ari zarete. Eta bide horretan bidelagun izango gaituzue.

Goazen Neskak!

Urketari bat Sarriegi omentzeko eskultura multzorako

Urketari bat gehitu zitzaion larunbatean Raimundo Sarriegi omentzeko bere izena daraman plazan dagoen eskultura multzora. Nino Barriuso artistak egin du irudia eta Union Artesana elkartearen 150.urteurrenaren ospakizunen barruan jari da. Helburua da hainbat pertsonak eta elkartek egindako lana aitortzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean oinarritutako jaiak lortzeko.

Urtarrilaren 20an danborrada asko Sarriegi plazatik pasatzen dira maisuari errespetua adieraztea. Une horretan hiri bezala sentitzen dugun harrotasuna adierazten dugu.

Hemendik aurrera, gure harrotasuna adierazteaz gain, garena erakutsiko dugu: berdintasunean jaiak bizi, landu, kolaboratu eta disfrutatzen dituen gizartea.

Historia pixka bat

Jose Lopetegi Goikoetxeak egin zuen Raimundo Sarriegiren omenez 1964.urtean Narrika kalearen ondoan jarri zen eskultura. 1972.urtean elkarte gastronomikoek bultzatuta eskulturari hormigoiz egindako danborjolearen eskultura gehigu zitzaion.

Hormigoizko eskultura brontzezko eskultura batengatik aldatu zen 2002.urtean. Nino Barriuso artistak egin zuen eskultura eta plazaren birmoldaketaren amaierarekin batera jarri zen. Eskultura multzoari San Sebastian martxaren letra erantsi zitzaion.

Orain, Kresala Elkarteak sortutako lehen danborrada mistoaren sorreratik 40 urte pasa direnean, aurrerapausoa egin zutenei omentzeko eta eskerrak emateko unea da, baita urte batzuren ondoren haurren danborradan atera ziren lehen neskei ere, gure jai nagusiena berdintasunean ospa dezagun.

Hilabete batzuk barru Sarriegi plaza berrituko da. Eskultura multzoa hobetuko da eta plazan bertan leku ikusgarriago batean jarriko da. Bertan, donostiarrok omenaldia egiten jarraitu ahal izango diogu urtero urtarrilaren 20arekin batera.

Eskerrik asko urketaria donostiarrok hain gustuko dugun eskultura multzoa osatzeko lan egin duzuen pertsona guztiei. Zorionak Union Artesana! Gora Donostia!

DONOSTIA 💙 BATERA BAGERA.

Donostiak 187.850 biztanle ditu

Donostiak 187.850 biztanleekin itxi zuen 2021.urtea. Hala diote demografia datuek. Bigarren urtez jarraian biztanlerian jaitsiera txikia izan dugu, eta ondorioz, 188.000 biztanletik jaitsi gara (2019an historian lehen aldiz gainditu genuen muga hori).

Datuak aztertuta honakoa ondorioztatu daiteke: biztanle-kopuruan jaitsierak bi fakotrek eregin dutela, alde batetik, 2020an COVID-19agatik izandako heriotza-tasaren handitzeak; eta bestetik, larrialdi egoera batek – osasun-larrialdia kasu honetan – eragin dezakeen mugikortasun eteteak.

Atzerritarren igoera

Azken urteetako joerari helduta, jaiotzez donostiarrak garenok zaharragoak gara, seme-alaba gutxiago ditugu, eta heriotzek eragindako galera ez dugu jaiotza berriekin konpentsatu. Hortaz, biztanle-kopuruaren jaitsiera txikiagoa izatea eragiten duena atzerritar kopuruaren igoera da.

2021aren amaieran atzerritar kopurua %1,7 igo zen, eta beraz, egun Donostiako biztanleen %8,7 atzerritarra da. Guztira, 16.277 atzerritar daude Donostian. Jatorri nagusienak Honduras, Nikaragua eta Moroko izaten jarraitzen dute, eta Kolonbiatik, Italiatik eta Venezuelatik etorritakoak dira gehien hazi direnak. Dena den, nahiz eta atzerritarren kopurua igo den, ez du konpentsatu eragin den biztanle-kopuruaren galera.

Hainbat indize

Hiriko adinak pixkanaka igotzen jarraitzen du eta alde handia dago jatorriz donostiarrak direnen eta atzerritarren arteko batez besteko adinaren artean. Hiriko batez besteko adina 46 urtekoa da (48 urte emakumeen kasuan eta 44 gizonezkoen kasuan), eta atzerritarrena bakarrik hartzen badugu 35 urtekoa da (35 emakumeen kasuan eta 34 gizonezkoen kasuan). 100urtetik gorako 125 pertsona daude, eta donostiar helduenak 110 urte ditu.

Zahartze indizieak ere gora egiten jarraitzen du, eta ondorioz, egun 65 urtetik gora 1,98 pertsona daude 15 urtetik beherako bakoitzeko. Eta jaiotza-tasa ere gero eta txikiagoa da eta datuak gordetzen direnetik historian izandako baxuena da (6,14).

Familia mota

Donostian 79.254 familia bizi gara. Eta gainerako datuen antzera, bizi diren familia motek gero eta pertsona gutxiagok osatzen dituzte. 2021ean batez beste 2,37 pertsona bizi ziren etxebizitza bakoitzean, eta gero eta pertsona gehiago bakarrik bizi da, guztira 24.114 pertsona bakarrik bizi da, hau da, familia guztien %32,1.

Datu guztiak ikusteko: www.donostia.eus

Altzak hainbeste merezi zuen kiroldegia

Altzako kiroldegia zabalik da. Apirilaren 20an ireki ditu ateak auzoak hainbeste desiratzen eta merezi zuen instalazioa. Kiroldegi berria estreinatzeko ibilbidea luzea izan da, baina emaitza ezinhobea da. Aurki ere kanpoko igerilekuak prest izango ditugu. Ondo bidean udaran estreinatu ahal izango ditugu.

Kiroldegi berriak puntako instalazioak ditu:

  • Bi igerileku, horietako bat waterpoloa praktikatzeko prestatuta
  • 400 metro karratuko gimnasioa, eremu funtzionala, kardiobaskularra, muskulazio gunea eta pisu libreko gunearekin.
  • Kirol anitzak praktikatzeko pista: saskibaloia, gimnasia-erritmikoa, areto futbola, eskubaloia, etabar.
  • Hiru jarduera areto, horietako bat ziklo indoor egiteko prestatuta.
  • Kirol klubentzako bulegoak eta bilera gela.

Irekieraren albiste ezinhobearekin batera, beste albiste on bat izan dugu azken asteetan. Izan ere, 2019an Eraikuntzaren Institutuan ireki genuen behin behineko udal gimnasioa irekita mantenduko da. Judo Clubarekin lortutako akordioari esker, arte martzialen bigarren gune bat izango dugu hirian, eta bertan matenduko den gimnasioan Kirol Txartelarekin sartu ahal izago da. Maiatzaren 2tik aurrera zabalik egongo da berriro behar diren egokitzapen lanak egin ondoren.

Erronka solidarioa

Ikeriera ospatzeko erronka solidarioa antolatu dugu, Ukraniako herriaren aldeko erronka. Apirilaren 21etik 23ra Altza eta Txernobyl arteko joan-etorria egin dugu ziklo-indooreko bizikletak erabiliz, 6.000 kilometro baino gehiago. Helburua izan da, Asociación Chernobil Elkarteari laguntzea, Ukraniako haurrekin egiten ari den lana eskertzea eta diru-bilketa egitea. Eta horretarako Donostiako Kirol klub ezberdinen laguntza ere izan dugu, baita egunero kiroldegia erabiliko duten ehunka erabiltzaileena ere. Eskerrik asko guztioi zuen elkartasunagatik.

Orain, kiroldegi berriaz disfrutatzeko unea iritsi da. Lehen egunak eta asteak egokitzeko izango dira seguru asko, baina ziur naiz Altzak lehen kiroldegiaren inguruan zuen auzo giro bikaina izango duela. Osasunez urratu!

Donostia 2030: donostiarrei gutun irekia

2020ko lehen hiruhilekoan hiriaren irudi ezohiko batzuk ikusi genituen. Donostiako kaleak biluzik ageri ziren, jenderik gabe. Pandemia hasi eta bi urtera, irudi horiek dira gogoeta honen abiapuntua. Hiri bateko gauzarik garrantzitsuena bertako biztanleak dira. Donostiarrok ematen diogu bizia eta zentzua hiriari.


Donostia, hiria bera leku hobea izan dadin ahalegindu diren donostiarren belaunaldiek pentsatu, eraiki eta zaindutako komunitatea da.


Bi urte hauetan, gure komunitatea elkartuta mantentzeak zer esan nahi duen erakusten duten adibide asko ikusi ditugu: Maria Cristina Hotela osasun gune gisa, auzoetako sareen inplikazioa, 65 urtetik gorako pertsona guztiei egindako telefono deiak (Lagunkate), eskaintza kulturalari eusteko Udalaren apustua edo kontsumo bonuak. “Hiria egiteko” helburuari ekarpena egin dioten keinuak, ekintzak eta erabakiak.


Orain etorkizunari ilusioz eta indarrez begiratzeko garaia da. Balioak partekatu behar ditugu, ikuspegiak batu, konplizitate eta lankidetza sareak ehundu berehalako erronkei aurre egiteko, aukerak sortzen jarraitu ahal izateko.