Goazen Neskak!

Spread the love

Emakumezkoen kirolak poz handiak eman dizkio berriro ere Donostiari. Hori dela eta, aitorpena egin diegu elite mailan lehiatzen diren hiriko emakumezkoen taldeei denboraldi honetan egindako lanagatik. Donostiako klubek urte asko daramate lan handia egiten, harrobitik hasita, eta horri esker, Donostia estatuan maila gorenetan lehiatzen diren emakumeen talde gehien duten hirien artean bigarren postuan da, eta lehenengoa da baldin eta talde bakoitzeko biztanle-kopurua kontuan hartzen bada.

Horregatik, atzokoan, taldekako kirolean elite mailan lehiatzen diren klubak elkartu genituen, merezi duten aitortza jasotzeko. Eta, bertan, Real Sociedad-eko futbol eta hockey, Txuri Urdin Iztoz Hockey, Txuri Berri Curling, Club Gimnasia Ritmica Donosti,  Super Amara Bera Bera, IDK Euskotren eta Atletico San Sebastian-eko atletismo taldeen kirolari eta ordezkariekin egoteko aukera izan dugu, eskerrak emateko denboraldi honetako zein azken urteetako lorpenengatik, hirian emakumeen kirolak duen indarra erakusten dutelako.

Aitortza horren adierazle, klub guztiei gereziondo bat eman diegu, hain zuzen ere, hilabete batzuk barru Anoetako Estadiotik gertu landatuko diren gereziondoak. Asmoa da, emakumeen kirolarien lorategia izena izango duen tokian landatzea, emakumeen kirola eta bere indarra aitortzeko eta ikustarazteko. Izan ere, emakumeen taldeek historia egiten ari dira, ez bakarrik kirol mailan, baita zabalagoa eta konplexuagoa den gai batetan ere, alegia, berdintasun erreala eta eraginkorrean.

Gaur egungo neska gazteek zuek zaituzte eredu, eta etorkizunean zuek lortu dituzuen garaipenak izango dituzte ispilu. Asko disfrutatzen dugu zuekin eta zuen lorpenekin. Hiria emakumeen kirolagatik ere ezaguna izatea lortu duzue. Historia egiten ari zarete. Eta bide horretan bidelagun izango gaituzue.

Goazen Neskak!