Gazteen konpromisoa eta ekarpenak funtsezkoak hiriak aurrera egiten jarrai dezan

Hainbat gaztek antolatutako topaketan parte hartzeko aukera izan dut gaur. Eta bertan, Donostiak dituen erronkei buruz luze eta zabal hitz egin dugu.

Gazte donostiarrek funtsezko papera dute hiriaren etorkizuna definitzeko eta eraikitzeko. Konpromiso handiko hiritarrak dira, eta harro egoteko modukoa da ikustea nolako inplikazioa eta konpromisoa duten kirola, ekonomiaren sustapena, ingurumena, hezkuntza edo hiriko ohiturak bultzatzeko eta mantentzeko lan egiten duten elkarte zein taldetan.

Hiriaren etorkizuna eraikitzeko gazteen konpromisoa giltzarria izango da, eraiki nahi dugun hiria arrakastatsua izan dadin. Izan ere, euren sormena, gogo handia eta konpromisoa funtsezkoak dira hiri jasangarriago, oparoago eta inklusiboagoa lortzeko.

Mugimendu politiko berriei buruzko kezkak azaldu dizkidate, hots, populismoa, ideologia zeinahi den ere, erabiltzen duten alderdiei buruzko kezkak. Argi daukat Donostiak eta donostiarrok ditugun erronkei ezin diegula helu gehiegikeria erabilita, pentsatu gabeko erantzun azkarrak emanez. Aurrean ditugun erronkek oinarri sendoak dituzten erantzun kolektiboak eskatzen dituzte.

Hurrengo urteak funtsezkoak izango dira hiriak aurrera egiteko, eta beste behin ere, etorkizuneko Donostia eraikitzeko giltzarri izango da hiritar guztien inplikazioa, eta bereziki, gazteena. Eta horretarako hurrengo urteetarako Plan Orokor berriaren onarpenari esker, gazteek hirian euren bizitza proiektua garatzeko duten beharrari erantzungo zaio.

Eskerrik asko gaurko topaketara gonbidatzeagatik. Plazerra izan da zuek entzutea. Eskerrik asko zuen kezka eta zalantzak partekatzeagatik. Zuen konpromisoa eta ekarpenak garrantzi handikoak dira Donostia bizitzeko, elkar bizitzeko, lan egiteko eta disfrutatzeko Europako aukeren hiriburu izan dadin.

Donostiarren beharrei eta hiriaren erronkei aurre egiten lagunduko duen aurrekontua

Agintaldi honetako azken aurrekontua onartu dugu gaur.

Guztira Udalak 461,9 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du, hau da, 2022koa baino %8,73 handiagoa. Beraz, bi urteren ondoren esan dezakegu pandemia aurreko normaltasuna berreskuratzeko bidean gaudela. Egia da, 2022ko otsailean Errusiak Ukrainia inbaditu zuenetik ziurgabetasunez beteriko unean gaudela, baina uste dut etorri daitekeenari aurre egiteko gai izateko moduko aurrekontua dela.

Eta aurrekontu honi esker hiritarrei eskaintzen dizkiogun zerbitzuak hobetu ahal izango ditugu, gure lehentasuna gizarte kohesioa sustatzea eta behar gehien duten pertsonak babestea delarik. Uste dut, aurrekontu honek lagunduko duela Donostiak aurrera egiten jarrai dezan, egunetik egunera guztiontzako hiri hobea egiteko, hau da, Donostiarren bizitza kalitatea hobetzeko.

Aurrekontuak behar gehien duten pertsonak zaintzeko dugun konpromisoa berresten du. Izan ere, behar gehien duten horiei udal administrazioaren aldetik erantzun egokia emateko diseinatuta dago. Behar duten pertsonak zein pertsona helduak zaintzen dituen hiria garelako eta izaten jarraitu nahi dugulako.

Harro egiteko moduko hiria eraikitzen jarraitu nahi dugu, gustura bizi izango garen hiria. Eta horretarako hiriaren azpiegiturak eta indarguneak hobetzen jarraitzeko hainbat ekimen eta inbertsio proposatu ditugu, hain zuzen ere, hiriko auzoak berritu eta hobetuko dituzten inbertsioak.

Eta era berean, talentua mantendu eta erakartzeko gaitasuna izaten jarraitu nahi dugu. Hiri erakargarria izan nahi dugu prestatutako profesionalak, enpresak eta bisitariak erakartzeko. Hau da, Euskadi eta Europan leku esanguratsua duen hiria izan nahi dugu. Euskadin eta Europanerreferente eta aitzindari izango den zientzia, ezagutza, kultura eta Euskararen Donostia, besteak beste.

Informazio gehiago: 2023ko aurrekontua

Esperientzia, freskotasuna, gaztetasuna eta gertutasuna duen talde handia

Donostiako Udalerako dugun hautagaien zerrenda aurkeztu dugu gaur. Ilusio eta indarraz Donostia aurrera egiten jarraitzeko lan egiten duten gizon emakumeak.

 

Horiek guztiak erabateko konpromisoa izango dute, duela 100 urte baino gehiago, Bulevard-ean Donostiako Euskal Etxea zabaldu zenetik gaur arte EAJ-PNVk Donostiarekiko izan duen konpromisoari eutsiz. Horrela izan da ere, 1911tik lehen zinegotzia izan genuenetik, eta horrela izaten jarraituko du.

 

Legatu ezinhobea jaso dugu, eta gai izan behar dugu guztion artean hobetzen etorriko direnei hiri hobeago bat uzteko. Horregatik, gaur aurkeztu dugun taldea, talde-lanean aritzen dakien katebegia da. Eta aurretik erronka handia dugu: Donostia Europako hiri onena izaten laguntzea bizitzeko, elkarbizitzeko, lan egiteko eta disfrutatzeko.

Etorkizuna baikortasunez begiratzeko oinarri sendoak ditu Donostiak. Hortaz, hiria aurrera egiten jarraituko duten  zubiak eraikitzearen alde egiteko dugu, nostalgiari deitu eta iraganera itzuli nahi dutenen aurrean.

 

Eta horretarako, etorkizuneko hiria eraikitzeko, ilusioa piztuko duten proiektuak digugu. Hain zuzen ere, Donostia bizitzeko hiria, hiri kohesionatua, solidarioa, komunitate kontzientziaduna eta erakartzeko gaitasuna duen hiria.

 

Lan handia dugu aurretik eta ilusio eta indarraz heltzen diogu erronkari. Bidean oztopoak aurkituko ditugu, baina elkarlanean, elkarrekin, aurrera egiten jarraituko dugu, hain zuzen ere, guztiok irudikatzen dugun etorkizuneko Donostiaren alde.

Gaur aurkeztu dugun taldeak esperientzia, feskotasuna, gaztetasuna eta gertutasuna uztartzen ditu. Donostiarrak gara, eta donostiar izateaz oso harro gaude. Eta horrek gogotsu lan egiten jarraitzeko indarra eta ilusioa ematen digu.

 

Eskerrik asko guztioi, zerrenda osatzen duzutenoi zein orain arte zuen onena eman duzuenoi hiriarekiko erakutsitako konpromisoagatik.

 

Gora Donostia!

Ostatu erabilera berriak mugatzeko neurriak

Hotel eta erabilera turistikoko etxebizitza berriak jartzeko baimenak bertan behera uzteko erabakia hartu dugu. Neurriak ostatu erabilerak arautzeko Plan Orokorraren aldaketan du oinarri, eta behin martxoko udalbatzarran onartuta sartuko da indarrean.

 

Helburua da jarduera turistikoa arautzea, hain zuzen ere, zaindu beharreko hiriko jarduera garrantzitsu bat arautzea. Duela hamar urte Donostiak hoteletako plazatan defizita zuen, eta ondorioz, ez zuen gaitasunik bisitariak erakartzeko edota hainbat kongresu eta ekitaldi antolatzeko. Azken urteetako hazkundea, aldiz, handia izan da. Hortaz, hotel berrien irekiera mugatzeko unea da.

 

Azken urteetan hainbat neurri hartu ditugu, eta horiei esker barmen eskaerak nabarmen gutxitu dira. Erabakiak seriotasunez, irmotasunez eta berme juridiko guztiekin hartu behar dira. Eta arrazoi honen helburua da turismo jasangarria lortzea.

 

Gure lehentasuna donostiarrak dira. Hori dela-eta, neurri hauek hartu ditugu Donostian bizi garenok gustura egon gaitezen eta hazkunde handi batek izan ditzakeen ondorio negatiboak ekiditeko.

Informazio gehiago:  Oharra_Martxoak9

Martxoak 8: Gora emakumeak!

 

Martxoaren 8ko bezperan, Frankismoa amaitu zenetik orain arte Udalak izan dituen zinegotzi emakume guztiei merezitako aitortza egin nahi izan diegu.

 

Izan ere, gezurra baldin badirudi ere, orain arte Udaletxe honek ez due mota honetako ekitaldirik egin, emakumeak Donostiaren gertuko historian jokatu duen papera azpimarratuz.

 

Eta uste dut garaia dela politikan eta erakundeetan emakumezkoek jokatu duten eta egun jokatzen duzuen papera aldarrikatzeko.

61 emakumek izan dute donostiar guztiok ordezkatzeko ardura Frankismoaren ondoren osatu zen lehengo udalatik hasita, Demokraziaren lehen Gorporaziotik igarota eta gaur egun arte. Horiei guztiei Ane Picaza artistaren oroigarri bat oparitu diegu.

 

Uste dut gauzak asko aldatu direla 1978tik Udaletxean, erakundeetan eta politikan. Baita gizartean ere. Eta zorionez, egun emakumeen presentzia arlo publikoan eta ardura jardueratan ez du zerikusirik duela urte batzuetakoarekin. Eta hori emakume askoren lana, borroka, irmotasuna eta jarraikitasunari esker izan da; horien artean, gaur udalbatzar aretora hurbildu direak eta bidai horietan bidelagun izan zituztenak. Zuei guztiei eskerrak eman nahi dizkizuet Udalaren eta hiri osoaren izenean.

 

Hala ere, lortutako aurrerapenek ez dute esan nahi lana bukatuta dagoenik. Oraindik arlo askotan insistitu beharra dago aurrerapausoak eman daitezen, hain zuzen ere, kontsolidatuko diren aurrerapausoak, atzera egingo ez dutenak.

Uste dut lan hori emakume eta gizonek partekatu beharrekoa dela. Elkarren artean egin behar dugu. Bi alaba eta bi semeren aita naizenez, uste dut gure lana badela guneak irekitzea guztiek bere bidean berdintasunean egin ahal izateko, generoa oztopo ez izteko.

 

Eta bide horretan uste dut alderdi politiko guztion adostasuna dagoela, eta bultzatzen ditugun politikek emakume eta gizonen arteko berdintasuna indartzeko bidea jarraitzen dutela.

 

Feminismo barneratzaile baten alde egiten dugu, hain zuzen ere, sentsibilitate eta ikuspegi ezberdinak batzen dituen feminismoaren alde. “Emakumea gora!” …. dio aurtengo Emakunderen leloak. Utziko didazue hitz joku txiki bat egiten hitz hauei amaiera emateko. Eta horrelaxe amaitu nahi nuke: Gora martxoaren 8a, Gora berdintasuna eta Gora emakumeak!

Irudi galeria

Gizarte Ekonomiaren Hiriburutza: Pertsonak ekonomiaren erdigunean

Gureak-era egin dugun bisitarekin hasiera eman diogu Gizarte Ekonomiaren hiriburutzari. Santiago de Compostelari lekukoa hartu diogu eta erronka ilusio handiz eta arduraz hartzen dugu.

 

Pertsonak ekonomiaren erdian jartzea da Gizarte Ekonomiaren Hiriburutzarako hartu dugun goiburua. Uste dut goiburu horrek ondo baino hobeto laburbiltzen duela aurten zertan oinarrituko den hiriburutza.

 

Zifra ekonomiko handiak protagonista diren unean, uste dugu Donostiako hiriburutzan antolatuko diren topaketa eta foroetan azpimarra jarriko dela jarduera ekonomikoaren azken helburua den horretan: pertsonetan.

 

Eta gaur bisitatu dugun enpresa gizarte ekonomiaren adibide argia da.

Enpresa ororen helburua baztertu gabe – produktu eta zerbitzu onak eskaitnzea – Gureakek onurez gain doan misioa du.

 

Bere benetako onura soziala da, gizatiarra. Eta bere jarduerak aberastasuna ekartzen dio gure lurraldeari aspaldidanik. Eta aberastasun hori ez da ekonomikoa bakarrik, hobekuntza soziala ere bada. Pertsonekin, erdigunean.

 

Arrakasta-eredu den leku batean gaude, eta uste dut, umiltasunetik abiatuta, gure ingurutik haratago esporta dezakegula.

 

Eskerrak eman nahi dizkiet Donostia Gizarte Ekonomiaren Hiriburu izatea ahalbidetu duten parte-hartzaile eta erakunde guztiei. Ziur nago guztiok elkarlanean diruaz gain beste gauza asko axola duten arloa honetan ekarpenak egingo ditugula.