COP25: Donostiak aldaketa klimatikoari egokitzeko plangintza du

Spread the love

COP25 Klimaren Goi Bileran parte hartu genuen atzo arratsaldean, klima aldaketari aurre egiteko Donostiako egokitzapen plana aurkezteko. Eta aurkezpena hiriek aldaketa klimatikoari aurre egiteko aurrera eramaten ari diren ekintzen gaineko mahai inguru batean egin genuen mundu osoko hogei bat hirirekin batera.

 

Donostiak kosta kilometro ugari ditu, eta ondorioz, itsasoaren igoeraren eta olatuen gaineko arriskuak ditu, baita uholde arriskua ere, Urumea ibaiaren bokalearen inguruan kokatuta dagoelako.

 

Horren harian, azken urteotan hainbat olatu-denboraleak eta ibaia haztearen ondorioz izandako uholdeak izan ditugu, eta horiei aurre egiteko hainbat neurri hartu dira. Hortaz, Urumearen ibarran egin diren eta egiten ari diren hainbat jarduera aipatzea ezinbestekoa da.

 

Horretarako, URA Euskal Uraren Agentziarekin elkarlanean hainbat jarduera burutu ditugu Loiola, Txomin eta Martutenen uholde arriskua ekiditeko, hala nola, zubi zaharrak eraitsi ditugu zutaberik gabeko zubi berriak egiteko, eta Martutenen ubidea zabaltzeko proiektuaren lehen fasea egin dugu. Horri esker, auzoak, eta zehatzago esanda, El Pilar eremuak, albiste izateari utzi dio uholdeak direla eta.

Horiek horrela, hiria URAren eskutik ubidea zabaltzeko lanen bigarren fasean murgilduta dago, eta horri esker hiritar kopuru handi bat lasaiago biziko da.

 

Era berean, CO2ren isuriak gutxitzeko hainbat ekimen burutzen ari da Udala. Apostu garbia egiten ari gara sail ezberdinek erosten dituzten ibilgailu berriak – besteak beste, Udaltzaingoa, Mugikortasuna, Hiri Mantentze zerbitzuak, eta Dbus – teknologia hibrido edo elektrikokoak izateko.

 

Halaber, Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean garatzen ari da Dbuseko 17. Linean Autobus Elektriko Adimentsuaren proiektua, eta era berean, Topoaren igarobidea. Bi garraio publiko ez kutsakor hauei esker hiriak CO2ren isuriak gutxitu nahi ditu, eta era berean, donostiarrentzat gune handigoak irabazi nahi ditu.