Donostia 2030: donostiarrei gutun irekia

Spread the love

2020ko lehen hiruhilekoan hiriaren irudi ezohiko batzuk ikusi genituen. Donostiako kaleak biluzik ageri ziren, jenderik gabe. Pandemia hasi eta bi urtera, irudi horiek dira gogoeta honen abiapuntua. Hiri bateko gauzarik garrantzitsuena bertako biztanleak dira. Donostiarrok ematen diogu bizia eta zentzua hiriari.


Donostia, hiria bera leku hobea izan dadin ahalegindu diren donostiarren belaunaldiek pentsatu, eraiki eta zaindutako komunitatea da.


Bi urte hauetan, gure komunitatea elkartuta mantentzeak zer esan nahi duen erakusten duten adibide asko ikusi ditugu: Maria Cristina Hotela osasun gune gisa, auzoetako sareen inplikazioa, 65 urtetik gorako pertsona guztiei egindako telefono deiak (Lagunkate), eskaintza kulturalari eusteko Udalaren apustua edo kontsumo bonuak. “Hiria egiteko” helburuari ekarpena egin dioten keinuak, ekintzak eta erabakiak.


Orain etorkizunari ilusioz eta indarrez begiratzeko garaia da. Balioak partekatu behar ditugu, ikuspegiak batu, konplizitate eta lankidetza sareak ehundu berehalako erronkei aurre egiteko, aukerak sortzen jarraitu ahal izateko.