Donostiak Dbusen guztiz elektrifikatutako linea bat izango du 2023an

Spread the love

2023an Donostiak Dbuseko linea bat guztiz elektrifikatua izango du. Horren berri eman dugu gaur goizean Amaran, Isabel II kalean, mugikortasun alorreko proposamenen aurkezpenean.

 

Eusko Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiarekin akordioa lortu dugu Dbuseko linea bat guztiz elektrikoa izateko, Autobus Elektriko Adimentsuaren sistemaren bidez. Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzak 26 milioi euro bideratuko ditu sistema ezartzeko, hain zuzen ere, zerbitzu hobea eta azkarra eskainiko duen sistema. Horri esker, elektrifikatutako lineak erabateko eta kalitateko zerbitzua emango die erabiltzaileei.

 

Behin akordioa lortuta, linea aukeratu behar da, jarraian proiektua garatzeari ekiteko. Eta prozesuak legealdi osoa iraungo du, izan ere, linea horretako hainbat puntutan lan egin beharko da ondo funtzionatu dezan.

 

Donostia erreferente bat izaten ari da alde horretatik. Horrek sektorean puntakoak diren enpresak eraman ditu -CAF eta Irizar, esaterako-   hiria autobus elektriko modelo berrien probaleku gisa erabiltzera. Eta proba horiek ezinbestekoak izango dira Dbuseko linea bat guztiz elektrifikatzeko.

 

Dbusek unitate elektriko edo hibrido berriak erosten jarraitzeko konpromisoa du, 2035 urterako autobus flotaren %100 zero emisiokoa izan dadin.

 

Dbus hiritarrek gehien eskatzen eta estimatzen duten zerbitzua da. Iaz 29,1 milioi bidai egin ziren, historian bigarren zifrarik altuena. Horren harian, Tranbiaren Konpainiaren arduradunekin elkarlanean jarraituko dugu Dbusek ematen dituen zerbitzuak hobetzen jarraitzeko.

 

Horrenbestez, aztertzen ari garen neurrien artean honakoak daude: 33 linearen ibilbidea handitzea Larratxo, Intxaurrondo eta Igarako industrialdea lotzeko; Bertsolari Txirrita eta Larratxo modu azkarrean lotzeko linea berria jartzea aztertzea; 26 linea hobetzea beste autobus bat jarriz Txomineneari zerbitzu emateko; 38 linea zabaltzea Bidebietako osasun-zentroarekin lotzeko; edo mikrobusak operatzen dituzten lineatan Gautxori zerbitzuak jartzea.

 

30 Hiria”, oinezkoentzat eta bizikletentzat hiri-garraiobide gisa.

 

“30 Hiri” baterantz aurrera egiten jarraitzea, oinezkoen guneak gehitzea eta bidegorrien sarea hedatzea” dira EAJk hauteskunde-programan jaso dituen beste proposamen batzuk, Hiri Iraunkorraren atalean.

 

Hiri osoan abiadura muga 30 km/h-ra zabaltzea proposatu dugu, sarrera eta irteera bide nagusiak izan ezik. Hiriko bideetan abiadura murrizteko neurri bat da, pertsonen segurtasunean eta ingurumen eta akustika-kutsaduraren murrizketan eragiten duena.

 

Halaber, Topoaren pasantearekin espazio berriak berreskuratu ahal izango dira oinezkoen gozamenerako, bai hirigunean bai auzoetan. Horrela, Kontxan errei bat kentzearen alde egiten dugu, espaloia eta bidegorria handitzeko; horrekin, gainera, San Martin kalean, Foruen pasealekuan eta Mirakruzen zehar jarraipena izan lezake, eta oinezkoentzako ardatz berriak ahalbidetuko lituzke, horietako bakoitzaren bizitza dinamizatzen lagunduko dutenak.

 

Gainera, hiriko bidegorrien sarea zati berriekin hedatzea proposatu dugu, hiriko goiko auzoetara iristeko bide berriak eskainiz – Intxaurrondo Hegoa, Altza, Larratxo, Aiete–. Bidegorri tarte berri horiei erantsiko genizkieke auzo guztietan bizikletak alokatzeko zerbitzu publiko berriak, bizikleta kopurua bikoiztu egingo genuke, eta donostiarrek garraio mota horren alde apustu egiteko askoz oinarri hobea izango lukete.

 

Tren-garraioa

 

Era berean, tren-garraioari bultzada ematea da hirian ibilgailu pribatuen presentzia murrizteko elementu nagusietako bat, eta Topoa da hiriaren mugikortasun-eskemaren aldaketaren aldeko apustua, batez ere, pasantearen etorrerarekin.

 

Hala, gogoratu behar da, egunero milaka pertsona etortzen direla kanpotik Donostiara autoz, batez ere, Gipuzkoatik, eta topoak 400 pertsona garraia ditzakeela aldi berean, ehun kotxek edo zortzi autobusek beste. Abiadura Handiko Trenaren iritsierarekin batera, funtsezkoa izango da milaka pertsonaren mugikortasun-ohiturak aldatzeko, baita CO2 eta berotegi-efektua duten gasen emisioak modu eraginkorrean murrizteko ere.

 

ETS eta Renferen arteko aldageltokia errealitate bihurtuko da hurrengo legealdian. Eta are gehiago, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa izanda. Aurreikusita dago Eusko Jaurlaritzak 9,3 milioi euro bideratzea hiru urtetan, hiriaren eta lurraldearen mugikortasuna eraldatuko duen proiektua garatzen laguntzeko.

 

Ibilgailu elektrikoak

 

Bukatzeko, beharrekotzat jozen dugu ibilgailu elektrikoen iritsierarako estrategia eraginkorra garatzea. Donostiak zenbait denbora badarama probak egiten, taxien bitartez bereziki, ibilgailu mota horren hazkundeak ekarriko dituen beharrei nola aurre egin erabakitzeko.

 

Gainera, orain dela gutxi berriz aktibatu direla bateriak kargatzeko puntuak Erdialdean, Grosen eta Antiguan, Energiaren Euskal Erakundearen eskutik. Hori kontuan hartuta, proposatu dugu birgarga-puntuak jartzea aparkaleku publikoetan, eta ibilgailu elektrikoen erabilpena sustatzea Ibilgailuen Gaineko Udal Zergan edo TAO zerbitzuan.