Erabateko konpromisoa dugu Donostiarekin eta donostiarrekin

Spread the love

Donostiako alkate eta berriro alkate izateko EAJ-PNVren hautagai Eneko Goiak, alderdi jeltzaleak maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako hautagai-zerrenda aurkeztu du. Ekitaldia Miramongo Teknologia Parkearen atondoan izan da eta, bertan, parte hartu dute, besteak beste, hautagai-zerrendako kideek, Gipuzkoako Diputatu Nagusigai Markel Olanok, eta Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek.

Eneko Goiak azpimarratu du, hautagai-zerrenda osatzen duten emakume eta gizonen erabateko konpromisoa Donostia eta donostiarrekin, eta honakoa gaineratu du: “Egun inoiz baino beharrezkoa dira, entzuten jakitea, elkarrizketa, eta akordioak lortzeko gaitasuna izatea, Eta hori da azken lau urteotan egin duguna, eta egiten jarraituko duguna etorri daitekenari aurre eginez”.

Horiek horrela, Goiak adierazi du, hilabete biziak datozela, izan ere, maiatzaren 26ko hauteskundeak baino lehen, apirilaren 28an beste hauteskude batzuk izango direlako. Eta esan du batari zein besteari aurre egiteko errezeta bera dela: EAJ-PNV. Horren harira, Donostiako alkategai jeltzaleak honakoa azpimarratu du: “Espainian hurrengo hilabeteetan ikusiko dugun liskar, irain, elkarrizketa eza, zarata eta suminaren aurrean, Donostian eta Euskadin egonkortasunaren, akordioen eta aurrera egitearen bidetik jarraituko dugu, eta beti, EAJ-PNVren egiten jakiteari esker”.

Ilusio handiz etorkizunari begiratzen dion Donostia

Eneko Goiak esan du, lau urte hauetan Donostiako etorkizunaren oinarriak ezarri dituztela, hain zuzen ere, aldarrikatu genuen ‘bestelako Donostiaren’ oinarriak; etorkizunari ilusio handiz begiratzen dion Donostiaren oinarriak. Hortaz, Goiak adierazi du, hiri bikaina, bizia, irekia, eta etorkizun, ekimen eta nortasun handiko hiria dela. Eta, bertan, proiektu asko errealitate bihurtu direla, hain zuzen ere, garraio publikoaren aldeko apustutik, hiriaren ardatz  berria den Urumeako ibarraren birsorkuntzara doazen proiektuak.

Donostiako alkategai jeltzaleak, halaber, honakoa esan du: “Donostiak apostu sendoa egiten du, kulturaren, berrikuntzaren eta gizarte kohesioaren alde. Izan ere, Donostiak gaitasuna du, hiritarrentzat oparotasuna sortzeko, eta erreferente da zientzian, berrikuntzan, kulturan, ingurumenarekiko konpromisoan, turismo jasangarriaren kudeaketan eta bizikidetzan”.

Hurrengo erronkak 

Goiak gaineratu du, lau urte hauetan lan egin dutela donostiarren ongizatea hobetzeko, auzo guztietan proiektu eta zerbitzu berriekin, eta Donostia hiri kohesionatu bat eginez, hain zuzen ere, hiritarrei bizi kalitate hobeagoa eskaintzen dien hiria eginez.

Hiriak dituen erronken artean, hautagai jeltzaleak honakoak izendatu ditu: “Gazteek euren bizitza proiektua Donostian gauzatu dezaten etxebizitza politiketan lan egitea; adinean gora doan hiri lagunkoia eraikitzea; kanpotik datozenekin elkarbizitzen ikastea; hiri kohesionatuago bat eraikitzea; emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreala lortzea; edo gure nortasuna mundu zabal honetan indartzea”.

Ilusioz beteriko taldea

Eneko Goiaren ustez, erronka horietan guztietan aurrera egiteko, beharrezkoa da akordioak lortzeko gaitasuna izatea: “Eta lau urte hauetan erakutsi dugu badugula gaitasuna. Izan ere, guztiekin hitz egin dugu, ez dugu posizio dogmatikorik izan, eta erakundeen arteko elkarlana sustatu dugu”.

Hortaz, Goiak segidakoa azpimarratu du: “Orain aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugu, Donostiak gehiago nahi duelako. Eta horretarako, EAJ-PNVk ilusioz beteriko taldea aurkezten du, hain zuzen ere, esperientzia, kudeaketa zorrotza eta ekarpen handiak egingo duten inkorporazio berriak dituen taldea. Donostiak aurrera egin dezan bere onena emateko prest dagoen taldea”.

Horrenbestez, Eneko Goiak honakoa esan du: “Maiatzaren 26an aukeratu beharko dugu atzera egin nahi dutenen eta aurrera egiten jarraitu nahi dugunon artean. Eta argi eta ozen esan behar dugu, egun hemen gauzak ondo egiten direlaren bermea EAJ-PNV dela”.