Eskusaitzeta Gipuzkoako industrialde garrantzitsuena izango da

Spread the love

Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburu Arantza Tapiarekin Eskusaitzetako industrialdean ibili gara, dagoeneko bertan lanean ari diren enpresak eta eraikitzen ari diren lur-sailak ikusten.

Gure lehentasuna argia da: Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiarekin elkarlanean, behar diren neurriak sustatzea Eskusaitzetako industrialdea osatzeko eta industria sektorean enplegua eta aberastasuna sortuko duten inbertsio berriak erakartzeko.

Industrialde hau Gipuzkoak duen zerbitzu eta lur industrialaren erreserba handiena da. Eta hiriak bere ekonomia-, industria- eta zerbitzu-jarduerak sendotzeko eta indartzeko duen apustu nagusiena da. Honez gero Udalak 25 milioi euroko inbertsioa egin du bere urbanizazioan.

Dagoeneko, OTIS, DFG edo Supresu enpresak bertan ari dira lanean, baita Naturklima ere. Eta martxan dira Mubil Elektromugikortasun poloaren eta Biotech Foods enpresaren egoitza berrien lanak. Beraz, Eskusaitzetako industrialdea errealitate bat da.  Hala ere, lanean jarraitu behar dugu Donostian enpresa berriak euren jarduera ezartzeko, industrialde honen kokapena, loturak eta industria eta kalitatezko zerbitzuen inguruan aukerak sortzeko ematen duen gaitasuna baliatuz.

Donostia ere industria da eta nazioartean erreferente diren enpresak daude, hain zuzen ere, hirian hazteko edo berritzeko baldintza onenak izan behar dituzten enpresak. Eskusaitzetako industrialdea horretarako aproposa izango da. Helburua da, 2027rako Eskusaitzetak bete-betan jardutea, Donostialdearen eta inguruko eskualdeen jarduera, fakturazio eta lanpostu gehien eskaintzen dituen industrialde nagusiena izan dadin.