Ezagutza da Donostiaren apustua
“Ez dakizue Donostian duzuena baloratzen”. Aste honetan bertan hitz hauek esan dizkit Stefan Oelrich Bayer Farmako presidenteak. Oelrich jauna Donostian izan da aste honetan El Diario Vascok antolatutako Gipuzkoako Enpresa Foroan parte hartzen. Eta ez zen ari pintxoez, Kontxako badiaz edo gure bizi kalitateaz – horiek ezagutzeko aukera izan du ere –, baizik eta Alemaniako farmazia-multinazionalaren jabetza den Viralgen Donostiako ikerketa biosanitario zentroak duen maila tekniko eta kualifikazioari buruz ari zen.
“Alemanian ez dugu horrelako prestakuntza eta maila profesionala duen zentrorik”, esan zidan.
Miramongo Parke Teknologikoan Viralgenek duen instalazio berriak bisitatu ondoren mezu argia utzi zuen: Donostiak baldintza egokiak ditu Bayer-en bio-iraultza estrategian eta arlo biosanitarioan mundu osoan hiri erreferente izateko.
Eta munduko farmazia-enpresa nagusietako baten zuzendaritza-kide alemaniar batek egindako hausnarketa honek lagundu gaitzake askotan zarata egiten duten hainbat gauzen artean oharkabean pasatzen den zerbaitetan atentzioa jartzen. Donostiak lehen mailako ingurunea osatzen duten eragile eta aktoreen ehuna du. Eta horretaz jabe da 2030eko Donostiako Plan Estrategikoa, eta horregatik jasotzen du etorkizuneko apustu nagusietako bat bezala.
Aste honetan bertan Udalak, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Donostia International Physics Center-eko (DIPC) instalazioak handitzeko proiektua aurkeztu dugu. Pedro Miguel Etxenikek zuzentzen duen gure hiriko nazioarteko ospe handiko zentroak 6.200 metro karratu gehiago izango ditu laborategi eta ikertzaileentzako lan-eremu gehiago hartzeko. Bertan, egun, 35 nazionalitate ezberdinetako 247 ikertzailek lan egiten dute, eta horien artean bi Nobel saridun daude.
Era berean, maiatzean hiru erakundeok eta Euskal Herriko Unibertsitateak Ibaetako kanpusean ikerketa kuantikora zuzenduta egongo den eraikin berria aurkeztu genuen. Zentro horrek bi urte barru 300 ikertzaile hartuko ditu, hain zuzen ere, neutronikan, kimika aurreratuan eta material berrien ikerketan lan egingo duten ikertzaileak. Guztira 12 milioi euroko inbertsioa egingo da konputazio kuantikoko polo bat modu teoriko eta praktikoan garatzeko. Eta superkonputagailuen bidez, egun pentsaezinak diren desafio matematikoei aurre egingo diegu.
Halaber, maiatzean ere, hiru erakundeok Basque Culinary Center-aren bigarren eraikina hartuko duen proiektua aurkeztu genuen. Bertan, Gastronomy Open Ecosistem ekimena garatuko da eta, horri esker, gure hiriak eta lurraldeak gastronomia arloko ikerketan duen garrantzia indartuko dute. Guztira 26 milioi euroko inbertsioa egingo da, hezkuntza- eta berrikuntza-gune berri bat sortzeko, Euskadiko eta munduko beste hainbat lekutako ikasleek karrera profesionala gara dezaten, gure hiriak ospe handia duen arloan.
Lehengo astean ere, Donostiako Eskusaitzeta industrialdean eraikitzen ari den mugikortasun elektrikoko Mubil zentroaren aurkezpenean parte hartzeko aukera izan nuen. Zentro honek etorkizuneko arlo giltzarri batean erreferente izan nahi du. Donostiako Udalak parte hartzen du arlo publiko eta pribatuaren arteko elkarlanean oinarritutako proiektu honetan. Eta bertan, lurraldeko enpresa traktoreek teknologia partekatuko dute Gipuzkoa mugikortasun elektrikoan Europako motore izan dadin. Guztira arlo publiko eta pribatuaren artean 45 milioi euroko inbertsioa egingo dugu, maila tekniko altuko eta kualifikatutako enplegua sortuz.
DIPCren handitzea, Ibaetako konputazio kuantikoko zentroa, Basque Culinary Center-eko berrikuntza gastronomikoko proiektua eta Mubil mugikortasun elektrikoko zentroa. Erakundeon apustu sendoa dira, asmo handiko inbertsio eta konpromisoekin.
Udala hirian bultzatzen ari den Talent House IIa laster bihurtuko da errealitate, aipatutako proiektuek izango dituzten beharrei erantzuteko, bertako talentua atxikitzeko, baina era berean talentu berriak erakartzeko lehiakorrak izateko.
Hori guztia gertatzen ari da Donostian. Eta horrela gertatzen ari da gure hiria duela urteak apustu sendoa egiten ari delako, segidako asmoa errealitate bihurtzeko: zientzian eta ezagutzan erreferente izateko. Eta honek guztiak hitzetik harago erabakiak eta konpromiso ekonomikoak hartzera behartzen gaitu. Eta horretan lanean ari gara euskal erakundeok. Donostiako etorkizunean giltzarri izango da zientzia eta ikerkuntzaren hiria bezala sendotzea, hain zuzen ere, ezagutza aberastasuna sortuko duen aktibo biderkatzaile eta inspiratzaile izango duen hiria izatea. Hori da Donostiaren etorkizuna, dagoeneko iritsi den etorkizuna.