Garraio publikoa, soziala eta berdea bultzatuko dugu
Kanpainako azken asteari heldu diegu, eta gaurkoan mugikortasunaren gaineko gure konpromisoak aurkeztu ditugu. Hiriko eta hiriarteko zirkulazioaren behar eta erabilera berrietara egokitutako mugikortasun jasangarriaren alde lan egiten jarraituko dugu.
Hortaz, hurrengo legealdirako honako apustuak egiten ditugu: dBusen flotaren elektrifikazioa handitzea, dBizi bizikleta publikoaren zerbitzua urrunago dauden auzoetara eta ekialdera hedatzea, eta trenbidearen igarobidea amaitu ondoren Topoa martxan jartzea. Horrek guztiak garraio “publiko, sozial eta berdearen” sistema bat eratuko du, ibilgailu pribatua erabiltzeko alternatibak eskainiz.
Hiriko mugikortasuna berrantolatu behar da, betiere oinezkoak erdian jarriz, garraio publiko jasangarriago batekin. Izan ere, horrek hiria hobetzeko azpiegitura berriei etekina aterako die, herritarrei egonaldirako eta gozamenerako espazio osasungarri eta seguruak emanez.
Donostiako autobus konpainia kalitatezko garraio kolektiboaren eskaintzaren adibiderik onena da, zalantzarik gabe, eta Europako eraginkorrenetako eta aurreratuenetako bat da. 2025ean, dBusek 12 metroko 41 autobus % 100 elektrikoak izango ditu, hau da, ezaugarri horiek dituen flotaren % 45. Europako finantziazioa duen proiektu honi esker, flotaren eraldaketa ekologikoaren prozesua burutuko da, eta 2025ean flotaren % 55 hibridoa izango da, eta, beraz, 12 metroko flotaren % 100ak teknologia jasangarria izango du.
Donostiarrok mugikortasun garbi, osasungarri eta jasangarriaren alde egiten dugu. Eta horretarako hirian dugun beste zerbitzu arrakastatsuenetako bat dBizi da, eta indartzearen alde egiten jarraituko dugu, ekialdera eta Añorga auzora zabalduta. Guztira 23 geltoki berri ezarriko dira eta 257 bizikleta elektriko gehituko dira, erabiltzaileek gehien eskatzen dituztenak. Eta horrekin batera, bidegorrien sarea zabaltzeko lan egingo dugu, eta Loiola eta Herrera, Altza edo Intxaurrondo, lotzeko beste lotura bat proiektatu dugu, Loiola eta Herrera arteko Topoaren trazadura zaharraren tunelaren bitartez.
Topoaren saihesbidearen iritsierak hiriko mugikortasuna eraldatzeko aukera emango digu. Hiru geltoki berriei esker konexioak handituz zerbitzua hobetzeaz gain, hirian ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko eta, ondorioz, ingurumenerako kaltegarriak diren emisioak murrizteko tresna izango da.
Topoa zabaltzeak donostiarrentzako lur gaineko espazioak berreskuratzea ahalbidetuko du, hala nola Easoko trenbide-hondartzan lortuko diren 21.000m2-ak. Bertan, Arabako parkea zabaltzeko lan egingo dugu, hiriaren erdiguneko biriketako bat zabalduz, eta etxebizitzaren garapena eta kontserbatorio berriaren kokapen posiblea bultzatuz.
Anoeta eta Errondo pasealekuaren artean Topoaren trenbidearen trazadura lurperatzea bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu, baita Anoetatik Loiolako Erriberako Topoaren eta Renferen Aldiriko trenen lineen arteko etorkizuneko aldageltokira trenbideko trafikoaren soinu inpaktua minimizatuko duten hesi akustikoak ezartzeko konpromisoa ere.
Horiek dira mugikortasun arloan hartu ditugun konpromisoak, hain zuzen ere elkarlanean burutuko ditugunak, Donostia Europan parerik izango ez duen hiria izan dadin; bizitzeko, lan egiteko eta elkarrekin gozatzeko.