Gizarte babesaren ekintza komunitarioa indartzearen aldeko apustua

Spread the love

Hauteskunde kanpainako lehenengo egunean Goyeneche Fundazioko Amarako Garagunea bisitatu dugu. Bertan, konpromisoa hartu dugu, Udaletik ematen diren zaintza eta arreta zerbitzuak hobetzen lagunduko duten politikak sustatzen jarraitzeko. Eta horretarako, gainerako erakundeekin eta hirugarren gizarte-sektorearen eragilerekin elkarlaneran jarraitu nahi dugu. Helburua da, inor atzean utziko ez duen sare komunitarioa indartzen jarraitzea.

Hori da azken zortzi urteetan egin duguna. Izan ere, gizarte ekintzako aurrekontua %40 handitu dugu, eta beraz, 2015ean 24,7 milioikoa izatetik 2022an 34,1 milioikoa izatera pasa da. Eta kopuru horretatik 9,2 milioi gizarteratze politiketara bideratu dira, hau da, 340 euro donostiar bakoitzeko.

Pertsonek Udalak zein gainerako erakundeek hartzen dituzten erabaki guztien erdigunean egon behar dute. Aurten Gizarte Ekonomiaren Hiriburu gara, eta aukera hori baliatu behar dugu Donostiak desgaitasuna duten pertsonen lan-inklusioan zein gizarteratzean duen erreferentzialtasuna sendotzeko. 

Donostia zaintzen duen hiria da, gure artean bizitzea erabakitzen duten pertsonei harrera ona egiten die, eta solidarioa da, izan ere, beti prest dago behar gehien dutenei laguntzeko .

Hortaz, bizikidetza, gizarteratze eta elkartasun politikak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa berresten dut. Izan ere, politika horiek gazteenak babesteko, babesgabetasun egoerak ekiditeko behar den detekzio goiztiarra hobetzeko, edo adineko pertsonei zein etxerik gabeko pertsonei ematen zaizkien zerbitzuak hobetzeko aukera emango digute.

Udalaren hainbat departamentuk lan handia egiten dute donostiarrek bizitza oso bat bermatzeko behar diren osasun eta zaintza prebentzio politikak garatzeko. Eta politika horien helburua da, besteak beste, adineko pertsonak hiriaren eguneroko bizitzan integratzea eta parte hartzea, mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako baliabideak egokitzea, eta adineko pertsonei etxean zein udalak dituen baliabide ezberdinetan eskaintzen zaizkien etxez etxeko arreta hobetzea. Horiek indartzeko lanean jarraituko dugu.

Eta era berean, etorkizunari begira, familien eta gazteen bizi-kalitatea hobetuko duten politikak bultzatzen jarraituko dugu, besteak beste, amatasun eta aitatasun lehen urteetan laguntza zerbitzua eskainiz, kontziliazioa hobetuko duten ekintzak sustatuz edo haurtxokoetan 5 urtetik beherako haurrentzako zerbitzuak handituz.

Donostiarrok egiten dugu egunero Donostia. Eta horretarako bide orri argia dugu eta lan-talde sendoa, hain zuzen ere, ilusio handia eta donostiarrekin zein gizarte-eragileekin elkarlanean aritzeko gogo handia duen lan-taldea. Eta horiei guztiei eskua luzatu nahi diegu elkarrekin Donostiak aurrera egiten jarrai dezan.