Hiri-ituna egitea proposatu dugu 2021ean Donostia plastikozko poltsarik gabeko hiria izateko

Spread the love

Donostiak izan behar du saltokietatik plastikozko poltsak erabat kenduko dituen   lehenengo euskal hiriburua, haien ordez poltsa berrerabilgarriak, birziklagarriak edo biodegradagarriak erabiltzeko. Hori da gure konpromisoa, eta bi urteko epea ezarri dugu helburu hori lortzeko.

 

Ildo horretan, datorren legegintzaldiko lehentasunetako bat izango da hiriko merkataritzan plastikozko poltsak guztiz desagerraraztea, ingurumenarekin konprometituriko hiri jasangarria izateko ekarpen zehatz gisa.

 

Gure inertzia eta ohiturekin, urtero milaka plastikozko poltsa erabiltzen ditugu, desegiteko hainbat hamarkada behar dituztenak, eta gure itsasoetan kutsadura handia eragiten dutenak. Uste dut donostiarren kontzientzia gero eta handiagoak bideragarri egiten duela horrelako erronka bat. Denon konpromisoarekin, saltoki eta kontsumitzaile, epe laburrean lortzeko modukoa iruditzen zaigu.

 

Kontsumo-ohiturak aldatu dira, eta uste dugu aipatutako ekimena Udalak gidatu behar duela. Horretarako, bide-orri bat zehaztu beharko da, eta merkataritzaren sektorearekin elkarlanean aritu, Donostia 2021ean plastikozko poltsarik gabeko hiria izan dadin. Helburu hori lortzeko, ekimen publiko-pribatuaren estrategia definitzea, herritarren kontzientziaziorako kanpainak egitea eta merkataritzaren sektorearekin -handizkako zein txikizkako- akordioak lortzea proposatu dugu, bi urte baino lehen Donostia plastikozko poltsarik gabeko lehen euskal hiriburua izatea lortzeko.

 

Gogoratu behar da, Udalak zabor-poltsa biokonpostagarriak diruz laguntzen ditu, eta gero eta jende gehiagok erabiltzen ditu, baina ez da nahikoa. Beharrezkoa da estrategia global bat zehaztea eta beste eragile batzuk inplikatzea, herritarrak bereziki.

 

Ildo horretan, Donostiak Klima 2050 Ekintza Planak ondo definitutako estrategia bat du, 2050. urterako berotegi-efektuko gasen isuriak % 80 murrizteko.

 

Donostiak oinarri ona du, eta abiapuntu sendoa da aldaketa klimatikoaren aurkako borrokaren lehen lerroan aritzeko. Hiri egokia, konprometitua eta ezagutza handiko sektore bat dugu, estrategia definituarekin aktiboki lagunduko dutenak.