Hiru ardatz nagusi eta elkarlanerako konpromisoa

Spread the love

IƱigo Urkullu lehendakariarekin bilera egiteko aukera izan dugu gaur hautagai-zerrenda osatzen dugun gizon-emakumeok, eta bere konpromisoa adierazi digu elkarlanean hiriarentzat onak izango diren etorkizuneko proiektuak garatzen jarraitzeko, azkeneko legealdietan jarraitu dugun lan egiteko ereduari eutsiz.

Urte hauetan guztietan elkarren artean hainbat proiektu aurrera eraman ditugu, hain zuzen ere, Donostia bizitzeko, bizikidetzarako, lan egiteko eta disfrutatzeko Europak hiririk onena izateko ekarpena egin duten edo egingo duten proiektuak. Eta laster, proiektu gehiago garatzen jarraituko ditugu, besteak beste, Donostia ikerketa eta ezagutzaren munduko mapan jartzen lagunduko duen Basque Quantum proiektua.

Gainera, Lehendakariak bere konpromisoa adierazi du, Miramongo Teknologia Parkea handitzeko proiektua errealitate izateko ekarpena egiteko, baita Eskusaitzeta industrialdean enpresa eta proiektu berriak ezartzeko ere. Ziur nago eskutik helduta Donostia hiri modernoa, etorkizunerako prest dagoena eta donostiarren eskaerei erantzuten diona izateko pausoak ematen jarraituko dugula.

Izan ere, hori da EAJ-PNVren kudeaketa eredua: Ideia berritzaileak, anbizioa eta bermea duten proiektuak dituen eredua. Gure ereduaren aurrean, protestan, iraganean eta inoiz existitu ez den hiri baten nostalgian oinarritutako beste batzuen eredua dago. Hortaz, maiatzaren 28an aurrera egin edo iraganera begiratzearen artean aukeratu beharko dugu. Eta, horiek horrela, guk argi dugu, batera, aurrera.

Horregatik gure hauteskunde-egitasmoak hiru ardatz nagusi ditu: Donostiarra eta geure auzoak zaindu, Enplegua sortu eta hirian bizi eta gozatu. Hurrengo asteetan saiatuko gara ardatz bakoitzari buruzko xehetasunak ematen.

Argi dugu Donostiaren etorkizuna ezingo dugula eraiki donostiarrekin zein gainerako erakundeekin elkarlanean aritu gabe. Orain arte horrela egiten saiatu gara, eta hemendik aurrera ere horrela izaten jarraituko du, eta beti, helburu jakin batekin: Donostia bizitzeko, bizikidetzarako, lan egiteko eta disfrutatzeko Europako hiririk onena izatea.

Eskerrik asko Lehendakari gugan jarri duzun konfiantzagatik eta Donostiarekiko beti erakusten duzun konpromisoagatik.