Hondalea

Spread the love

Duela urte batzuk hasitako abentura baten emaitza aurkeztu dugu gaur. Eta abentura horrek, donostiar batek, Cristina Iglesiasek, izandako amets batean du abiapuntua.

Cristinak, hain maite duen hirian, esku-hartze artistiko bat non eta nola egin irudikatzen hasi zenean, hiriko hainbat toki eta txoko aztertu zituen. Eta, halako batean, artista haundiek, jenioek soilik izaten duten inspirazio une bat izan zuen: bere lanak uhartean izango zuen kokalekua.

Aitortu behar dut abentura zoragarri honen uneren batean honakoa pentsatu dudala: “nork eskatu dit horrelako batean sartzeko?”. Izan ere, urte luze hauetan une zailak bizi izan ditugu. Baina une horien guztien gainetik, beti egon da proiektu hau berezia izango zelaren sentimendua, hain zuzen ere, hitzekin edo ohiko argudioekin zehazteko zaila den sentimendua.

HONDALEA gauza asko dira. Gure hiriak, Donostiak, kulturaren eta artearen alde egiten duen apustua da, gure izaeraren eta izan nahi dugunaren apustua. Eta era berean, sormen handiko unean artista batek egindako artelana da.

Une honetan oroimen une berezia izan nahiko nuke Haritz Galarragarekin. Proiektuan lan egin zuen, baina tamalez, egun ez dago gurekin emaitza ikusteko.

HONDALEAk lotura du ametsekin, pertzepzioekin, itsasoaren eta naturaren memoriarekin. Gure aurretik badiaren erdian dagoen uhartean bizi izan direnen memoriarekin: komentua ireki zuten mojek, hemen isolatzen zituzten lepradunek, eta nola ez, J1968.urtea arte etxe honetan bizi izan ziren Jose Manuel Andoin azken itsas-argi gizonaren eta bere ama Maria Torralboren memoriarekin.

HONDALEAk ere ahaztuta genuen hitz bat berpiztu du gure euskaran. Zentzu horretan ere memoria ariketa bat egin du, hizkuntzaren memorian hain zuzen.

Ziur nago, hemendik aurrerako Donostia ezin izango dugula irudikatu HONDALEAK eskaintzen duen esperientziarik gabe. Alde horretatik, hiria aberastuko du, eta honaino etortzen den oro ere aberatsago itzuliko da bueltako bidaian.

Cristina: brotzea, alabastroa, hutsunea, forma arrokatsuak, ura eta itsasoaren soinuaren bidez zerbait paregabea sortu duzu, hain zuzen ere, bakarrik hemen, Donostian, Santa Klara Uhartean, zure hirian, ikusi eta disfrutatu ahal izango dugun zerbait.

Argazki gehiago: https://flic.kr/s/aHsmVSqAQJ