Loiolako Erriberako aldageltokiari hurrengo legegintzaldian behin betiko bultzada emango diogu

Spread the love

Loiolako Erriberako aldageltokiaren eraikuntzari behin betiko bultzada emateko konpromisoa hartu dugu gaur Markel Olano Diputatu Nagusiak eta hautagaiak eta nik neronek, izan ere, Donostialdean mugikortasuna eta Gipuzkoako lurralde osoa eraldatzeko puzzleari zentzua emango dio.

 

ETSren Hendaia-Zumaia lineak eta Renferen aldirietako lineak fisikoki bat egiten duten puntuan izan gara Loiolako Erriberetan eta ekintzara pasatu eta trenbide-azpiegitura horren proiektua gauzatzeko proposamena aurkeztu dugu.

 

Horri esker, aldageltokiak bi trenbide-sareen arteko intermodalitatea biderkatuko du, eta erabiltzaileek geltoki horretan trenez aldatzeko aukera izango dute. Prestazioak askoz hobeak eta sistema benetan eraginkorra izango denez, geltoki berriak bultzada nabarmena emango dio garraiobide honi.

 

Mariano Rajoyren agintaldian EAJk Espainiako Gobernuarekin aurrekontu-konpromiso bat ziurtatzea lortu zuen, eraikuntza-proiektuaren idazketara 900.000 euro bideratzeko. Hau da Donostiarekin eta Gipuzkoarekin dugun konpromisoa: gure herrikideei bizi-kalitate hobea ekarriko dieten aurrerapenak egitea eta eragitea.

 

Aldageltokia Donostiak luzaroan desio izan duen proiektua da, horrek ekarriko baitu hiriak garraio publikoaren sistema eraldatzeko egindako apustuaren zirkulua ixtea.

 

Topoaren prestazioak eta zerbitzuak hobetzeko egiten ari garen apustua dago batetik; Abiadura Handiko Trenaren iritsierarena bestetik; hiriko bus-flotaren elektrifikazioa ere benetan garrantzitsua da; horiei guztiei Erriberako aldageltokia erantsiko diegu eta hori trena garraiobide gisa indartzeko faktore biderkatzailea izango da, askoz eraginkorragoa eta erabilgarriagoa izango baita milaka herritarrentzat.

 

Gainera Loiolako aldageltokiaren garrantzia hiriaren mugez harago doa. Izan ere, proiektua ezinbesteko bultzada izango da lurraldeko trenbidea egituratzeko. Trenak Gipuzkoa egituratzen du garraio publikoaren ikuspuntutik eta eskualdeen arteko konexioenetik. Azpiegitura horrek lurraldean tren bidezko garraioaren bi ardatz nagusiak lotuko ditu. Bide azpiegitura modernoak eta interkonektatuak izatea, Gipuzkoa osoa indartzen dute, gizartearen, ekonomiaren zein ingurumenaren ikuspuntutik.

 

Trena “edukiera handiko garraiobidea dela, jasangarria eta eraginkorra; eta 2018an gehien hazi den garraio mota da -%11,63-, eta Zumaia eta Hendaia artean 12,3 milioi joan-etorri egiten dira urtean.

 

27 poligonorako sarbidea

 

Bestalde, Donostiako 27 poligonorako sarrera-irteeren proiektuak aurrera jarraitzen du. Foru Aldundiak aste honetan bertan onartu du exekuzio-proiektua. Bigarren ingurabidearekin konektatutako beste sarrera-irteera puntu bat emango duenez, horrek Donostiako industrialde horretako trafikoa arintzen lagunduko du.

 

Lotune horrek nabarmen arinduko du puntako orduetan ibilgailuen fluxua, gaur egun Martuteneko biribilgunetik soilik baitute sarbidea.

 

Azkenik, Foru Aldundiak eta Udalak Intxaurrondoko Marrutxipiko lotune berriaren proiektua zehazten jarraitzen dugu,   Donostiarako sarrera-irteera berriak irekiko baititu hiriaren ekialdetik. Hau funtsezko proiektua da Donostiarentzat, ibaiaren inguruko trafikoa arindu egingo baitu, eta, aldi berean, Gros eta Intxaurrondorrekin lotune erosoa izango du, Irunerako zein Bilborako noranzkoan sarbide bikoitzarekin.