Merkataritza txikia indartzeko plana bultzatuko dugu, belaunaldien arteko ordezkapena erraztu eta bere digitalizazioa bultzatuz

Spread the love

Gertuko merkataritzak auzoak dinamizatzeko eta egituratzeko duen papera oso garrantzitsua da. Gaur goizean Egian izan gara hainbat denda bisitatzen taldearekin batera. Denda txikiak, bizilagunei zerbitzuak eskaintzeaz gain, bizi-kalitatea ematen du, eta funtsezkoa da komunitatea taxutzeko eta sendotzeko.

 

Azken hamarkadan gertuko merkataritzak krisiaren eragina jasan du, baita kontsumo-ohituretan izan diren aldaketen inpaktua ere, batez ere on-line erosketetatik eratorria. Populazioaren zahartzeak eta belaunaldien arteko aldaketak ere erasan diote. Horren harira, merkataritza txikia bultzatzeko plana egitea proposatu dugu, alde batetik belaunaldien arteko erreleboa erraztuz, eta, bestetik, digitalizazioa bultzatuz.

 

Hurbileko merkataritzari, auzokoari, lagundu behar diogu, jauzi teknologiko bat eman eta kontsumitzaileengana hurbiltzen, batez ere gazteengana. Izan ere, gazteen eguneroko ohituretan teknologia mugikorra indarrez txertatu da, baita erosketak egiteko garaian ere. Gertuko merkataritzari sarean sartzen lagundu behar zaio, gazteengana heltzeko, auzoko betiko dendetan konfiantza izaten jarrai dezaten.

 

Horretarako, Donostiako Sustapenaren eskutik, merkatari txikiei aholkularitza eta laguntza emateko plan bat egitea proposatu dugu, lehiakorragoak izan eta teknologia berriek eskaintzen dituzten abantailak aprobetxatzeko.

 

Jarraipenik ezaren ondorioetako bat da hiriari zerbitzua eman dioten saltokiak ixtea.   Belaunaldien artean falta izan den erreleboa bermatzeko pizgarri fiskalak aztertzeko konpromisoa hartu dugu, negozioak hurrengo belaunaldiei transmititzea erraztuko dutenak. Horrela, enplegu aukerak sortuko dira, eta merkataritza txikiaren jarraipena ziurtatuko.

 

Hirugarren sektoreko erabilerak murriztu eta erresidentzialak handitu

 

Txikizkako merkataritzaren gaineko presioa handitu egin da, batez ere kate handien saltokiak ireki izanaren ondorioz, bai erdialdean eta bai saltoki handietan. Ildo horretatik, hauteskunde-programan jaso dugu Plan Orokorrean aurreikusitako eraikigarritasun tertziarioa murriztu eta bizitegiak eraikitzeko proposamena, baita lurzoru gehiago ez birgaitzekoa ere, kate handiak gehiago ez hedatzeko.

 

Bi neurri horiek ahalbidetuko dute, alde batetik, bizitegi-dentsitatea handitzea, eta, bestetik, hurbileko merkataritzarentzat gune berriak sortzea, garapen berri horietako biztanleei zerbitzua emateko, komunitate sendo batekin auzo dinamikoak sor daitezen.

 

Inguruko produktuak

 

Amaitzeko, inguruko produktuak merkaturatzea bultzatzearen alde egin dugu, Bretxa berriaren antzeko ekimenak abian jarrita, non bertako produktua den protagonista nagusi.

 

Donostiako merkataritza ez da ulertzen tokiko produktua merkaturatu gabe. Lehen sektorea funtsezkoa da hiriko merkataritzarentzat, kalitatea eta hurbiltasuna ekartzen baititu, hiriari eta lehen sektoreari dinamismo eta sendotasuna ematen dioten bi ezaugarri.