Politika Orokorrari buruzko urteko adierazpena

Spread the love

2020ko martxoak muga bortitza markatu du. Egoerak hainbat proiektu moteldu ditu eta beste hainbat egoera bizkortu, baina hiriak dituen oinarriak ez dira aldatu. Martxoaren 11tik gaur arte, udalaren baliabide eta indarrak osasun krisiaren kudeaketara zuzendu dira. Akatsak egin dira, zalantzak egon dira, baina erantzuna ematen jakin izan dugu, pertsona askoren laguntzari esker.

Gauza asko egin dira azken hilabeteotan, baina bi aipatu nahiko nituzke: Lagunkate ekimena, adin nagusikoen inguruan komunitatea egiteko; eta kultura jarduera mantentzea.

Krisiaren ondorioak nabarmenak dira esparru guztietan, eta ondorioz, 2.000 langabetu gehiago daude Donostian. Ekonomia eta enplegua berreskuratzearen aldeko lana egiten jarraitzen dugu. Eta hori da hiritarren alde eta hiriaren gizarte kohesioaren alde egin dezakegun apusturik onena.

Arduraz jokatzea dagokigu. Eta azken hilabeteotan ikasitakoa etorkizunerako baliagarria izango da. Etorkizun horretan iraunkortasuna giltzarria izango da, bai soziala, baita ekonomikoan eta ingurumenaren arloan ere.

Eta horretarako, duela urtebete aurkeztu genuen gobernu programak inoiz baino garrantzi handiagoa du. Hori da Udalak jarraitu beharreko bide orria hiriaren etorkizunari heltzeko.

Kalitatezko enplegua sustatzea eta ekonomiaren garapena ildo nagusienetakoak izaten jarraituko dute. Berrikuntza, teknologia zientza eta formazioa sustatzearen aldeko konpromisoa erabatekoa izaten jarraitzen du.

Gizarte kohesioaren aldeko lanek garrantzi handiagoa hartzen dute egoera honetan. Gure lehentasuna da sortzen diren beharrei aurre egitea eta gizarte politikak lehenestea inor atzean ez gelditzeko.

Donostiako etxebizitza plana garatzen jarraituko dugu, bereziki, gazteek euren bizitza proiektua hirian egiteko helburuarekin. Hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzea eta kaleratzerik ez gertatzeko bitartekari lanak egiten jarraitzea izango da lan ildoetako bat.

Giza Eskubideak eta euren balioak sustatzeko lanean jarraituko dugu. Memoria Historikoa, hirian bortizkeriaren biktimen oroimena eta bizikidetzaren sustapena dira lantzen jarraituko ditugun ardatzak.

Oztopoak oztopo kultura egitasmo nagusienak aurrera jarraitzen dute. Haizearen Orrazia Gizateriaren Ondare izendatua izateko lehen pausoak eman ditugu.

Klima DSS2050 estrategiak hiri jasangarriago bat izateko ibilbide orria da. BEI-a martxan jartzea, topoaren igarobidea, abiadura handiaren iritsiera, eta Dbizi zerbitzu berriaren martxan jartzea abenduan estrategia horren parte dira.

Kontu publikoak kudeatzeko izandako zuhurtziari esker osasun- eta ekonomia-krisiari aurre egin izan diogu. Zuhurtzi horri esker laster 13 milioi euro bideratu ahal izango ditugu inbertsioak egitera.

Udalak gastu arruntari eutsi dio oinarrizko zerbitzuei eragin gabe, eta horrek 40 eta 45 milioi euroko defizitza utziko du. Esfortzuak egiteko prest gaude hiritarrek jasotzen dituzten zerbitzuen kalitatea ez gutxitzeko.

Hiriak oinarri sendoak ditu, eta ziur naiz egoera honi ere aurre egingo diogula. Guztion laguntzarekin egun dauden laino beltzak desagertzea lortuko dugu, eta Donostia donostiar guztiontzat hiri hobeago bat egiten jarraituko dugu.

Hitzaldia osorik: politika orokorreko plenoa 2020