Udal zerbitzu berriak eta irisgarritasunean hobekuntzak Antiguon

Spread the love

Donostiako alkategai Eneko Goiaren hautagaitzako kideek Antiguotarren proposamenak eta iradokizunak jaso dituzte gaur goizean Gaskuña plazan. Matia kalearen bihotzean, Eneko Goiaren hautagai-zerrendako bigarren Nekane Arzallusek taldearen konpromisoa adierazi du Antiguon ematen diren udal zerbitzuak hobetzeko.

 

Horren harian, Arzallusek Musika eta Dantza Eskola zein Haurtxoko eta Gazteleku udal zerbitzuak aipatu ditu: “Antiguok Musika eta Dantza Eskolako egoitza izango du Txalupagillene 4n, eta horrenbestez, zegoen eskariari erantzungo zio. Horri esker, pertsona asko, gazte zein helduak, auzoan bertan formazioa jasotzen jarraitu ahal izango dute, Atotxa zelaia eta Blas de Otero plazako egoitza orokorrera joan gabe”.

 

Horrenbestez, Arzallusek honakoa azpimarratu du: “Musika eta Dantza Eskolako zerbitzuen deszentralizazioari esker antiguotarrek aukera gehiago izango dute musika formazioarekin jarraitzeko. Legealdi guztian zehar lan egin dugu eskaintza hori hiriko hezkuntza- eta kultura-arlotan kontsolidatzeko, eta bide horrekin jarraitzeko asmoa dugu”.

 

Haurtxoko eta Gaztelekuen zerbitzuei buruz, Eneko Goiaren hautagai-zerrendako bigarrenak esan du, Lugaritz Kultur Etxe berritu batek zerbitzu horiek hartu ditzakeela. Izan ere, hori da antiguotarrek hainbat alditan egin dieten proposamena. Ildo beretik, Nekane Arzallusek esan du, Lugaritz Kultur Etxea inguruaren erreferentzia puntua dela, eta zerbitzu gehiago eskaini ditzakeela. Horretarako, Kultur Etxea berritu beharko litzateke, alde batetik, egungo egoitza eguneratzeko, eta bestetik, Haurtxokoa eta Gaztelekua bezalako zerbitzu berriak hartzeko.

 

Irisgarritasunean hobekuntzak

 

Era berean, Nekane Arzallusek inguruaren irisgarritasunari buruz eta Seminario eremuarekin lotzeko hobekuntzei buruz hitz egin du: “Mugikortasun Bertikalaren plan-zuzentzailea jarraituz, Antiguo auzoaren eta Heriz pasealekuaren arteko loturak lehentasuna izaten jarraitzen du”.

 

Arzallusek adierazi duenez, legealdi osoan zehar landu den proiektua da, eta lau igogailu jarriko dira. Horiei esker, Erregezainetik ibilbide irisgarria egingo da, eskaileren ondoan.

 

Egun, Udalak lau igogailu horietatik hiruren proiektuak idatzita ditu, eta auzotarren eskaerak jarraituz, aurrekontuan lehenengoa – Erregezaina 26 eta Heriz pasealekua 26 arteko igogailua – eta laugarrena – Heriz pasealekua 38 eta 94 arteko igogailua, Larramendi ikastetxearen ondoan – egiteko 515.000 eta 600.000 euroko aurrekontu-sailak onartuta ditu.

 

Azkenik, Arzallusek gogorarazi du, legealdi osoan zehar mugikortasun bertikalean Aiete-Morlans – lana amaitzear dago – eta Larratxoko igogailuak – lanak hastear daude – egiteko pauso zehatzak eman dira. Beraz, hurrengo legealdian erronka izango da Heriz pasealekuaren igogailuak egitea, betiere, auzotarren mugikortasuna eta auzoaren goiko eta beheko aldearen komunikazioa hobetzeko.