Anoetako kirol-hiriaren kudeaketa partzuergo baten bidez egitea proposatzen dugu

Spread the love

Kirol arloko proposamenak aurkeztu ditugu gaur. Eta ildo nagusiak dira hiriko kirol instalazioak hobetzea eta modernizatzea. Hortaz, proposatu dugu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera partzuergo bat sortzea Anoetako kirol-hiriaren kudeaketa egiteko, eta hiriko kirol instalazioak berritzeko.

 

Behin Anoetako Estadioa eta Belodromoaren atletismo pista berrituta, ordua da beste instalazioak berritzeari ekiteko. Estadio Txikia – hilabeteak daramate lanean -, Illunbe, Atano III.a edo Josean Gasca kiroldegia berritzeak Donostian zein Gipuzkoan onurak izango ditu, izan ere, klub eta kirolari asko dira instalazio horiek erabiltzen dituztenak. Horregatik, uste dugu, kirol-hiri moderno bat egiteko irtenbiderik onena baliabideak modu partekatuan kudeatzea dela, betiere, instalazioak kluben eta Kirol Txartelaren erabiltzaileen eskura jarriz.

 

Kirolaren gune teknologikoa

 

Ildo beretik, proposatu dugu kirolaren gaineko teknologia berritzaileen gunea sustatzea, hirian zein lurraldean dagoen ezagutzaz baliatuz. Hortaz, proposatu dugu Donostiak sustatzea erakundeek (Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta Udalak), kirol entitateek (Reala bazkide nagusi delarik, eta beste hainbat kluben parte hartzearekin) eta bazkide teknologikoek (Tecnalia, IK4, Unibertsitateak, osasun ikerketzaileek…) osatuko luketen gunea. Eta helburua da hiriarentzat enpresa-sektore estrategiko berri bat sortzea eta kontsolidatzea.

 

Bertan, dibulgazio, sentsibilizazio eta formazio ekintzak egingo lirateke, baita sektoreak dituen beharrei aurre egiteko ikerketa-proiektuak (osasuna, kirolari aplikatutako teknologia berezia) zein hazteko aukera handiak dituen sektorean enpresa-ekimen berrien sustapena ere.

 

Altzako kiroldegia eta kirol instalazio berriak

 

Anoeta kirol-hiriaren hobetzearekin eta berritzearekin batera, hurrengo legealdian ere segidako proiektuak amaituko dira: Altzako kiroldegia, atletismoa eta errugbia egiteko Anoetako estadio txikia, belar hockey zelaia edota Herrerako futbol zelai zaharra ordezkatuko duen Merkear-eko zelaia.

 

Beharrezkoa da, halaber, Kirol Txartelaren zerbitzuak hobetzea eta handitzea. Eta helburua da bazkide-kopurua handitzea eta 52.000 bazkide izatera iristea. Horretarako, proposatu dugu instalazio berriak egitea Loiolako Erriberetan edo Txominenean, eta Bidebietako kiroldegia berritzea. Izan ere, horrenbestez, zerbitzuak indartuko dira, betiere, berrikuntza sustatuz eta kalitatea hobetuz.

 

Era berean, beharrezkoa da hirian kirola aire librean egitea bultzatzen jarraitzea. Eta horretarako EAJ-PNVk hauteskunde programan segidako ekimenak jaso ditu: aire librean hiri-gimnasio sarea sortzea, skate gune berriak egitea, kirol anitzetarako aisialdi pista gehiago jartzea, eta Loiolako Erriberetan piraguismo zentro berria egitea Urumea ibaiak ematen dituen aukerez baliatuz.

 

Emakumeen kirola sustatu

 

Emakumeen kirolak atal berezia du gure programan, eta laguntzea, garatzea eta sustatzea dira atalaren ildo nagusiak. Gogoratu, Donostia emakumeen kirolean erreferente dela, eta hiriko emakumen kirolak arrakasta handiak izan dituela ospe handiko garaipenekin.

 

Ezin dugu ahaztu ere, legealdian zehar Udalak Kontxako banderaren emakumeen eta gizonen sariak berdindu dituela, berdintasunaren aldeko aurrerapauso garrantzitsua eginez.

 

Horren harian, Emakumeen kirola laguntzen jarraituko dugu eta, horretarako, laguntza ekonomiko bereziak bideratuko ditugu, eta sustapen zein ikusgarritasun kanpainak egingo ditugu. Eta horren guztiaren helburua da lizentzia federatiboak hazten jarraitzea eta egungo %33tik %40ra pasatzea.

 

Kirola osasuna eta gizarte kohesioa hobetzeko tresna

 

Kirola egitea garrantzitsua da gizarte aktibo, osasuntsu eta bizi-kalitate hobea izateko. Gainera, kirolak batu egiten ditu adin, sexu eta jatorri ezberdinetako pertsonak. Eta era berean, gizarteratze tresna da. Hortaz, Gizarte Kirol Txartela edo Gurasobakarren Kirol Txartela modalitateak sustatzen jarraituko dugu, baita arlo ezberdinetako elkarte zein kirol egokituaren federazioarekin elkarlana sustatzen ere.

 

Egun, donostiarren %70 baino gehiagok kirola egiten dute. Hori kontuan hartuta, gure erronka da bataz besteko hori %75era iristea, eta horretarako ezinbestekoa da elkarlanean aritzea hiriko kirol-eragileekin. Halaber, jarduera fisikoa egiteak osasuntsu egotearekin lotura du eta hori indartzeko ekimenak bultzatzea ezinbestekoa da, eta besteak beste, PIZTU programa auzo guztietara hedatzea proposatu dugu. Programa horretan Osakidetzako medikuek kirola agindu egiten diete paziente askori.