Udal zerbitzu berriak eta irisgarritasunean hobekuntzak Antiguon

Donostiako alkategai Eneko Goiaren hautagaitzako kideek Antiguotarren proposamenak eta iradokizunak jaso dituzte gaur goizean Gaskuña plazan. Matia kalearen bihotzean, Eneko Goiaren hautagai-zerrendako bigarren Nekane Arzallusek taldearen konpromisoa adierazi du Antiguon ematen diren udal zerbitzuak hobetzeko.

 

Horren harian, Arzallusek Musika eta Dantza Eskola zein Haurtxoko eta Gazteleku udal zerbitzuak aipatu ditu: “Antiguok Musika eta Dantza Eskolako egoitza izango du Txalupagillene 4n, eta horrenbestez, zegoen eskariari erantzungo zio. Horri esker, pertsona asko, gazte zein helduak, auzoan bertan formazioa jasotzen jarraitu ahal izango dute, Atotxa zelaia eta Blas de Otero plazako egoitza orokorrera joan gabe”.

 

Horrenbestez, Arzallusek honakoa azpimarratu du: “Musika eta Dantza Eskolako zerbitzuen deszentralizazioari esker antiguotarrek aukera gehiago izango dute musika formazioarekin jarraitzeko. Legealdi guztian zehar lan egin dugu eskaintza hori hiriko hezkuntza- eta kultura-arlotan kontsolidatzeko, eta bide horrekin jarraitzeko asmoa dugu”.

 

Haurtxoko eta Gaztelekuen zerbitzuei buruz, Eneko Goiaren hautagai-zerrendako bigarrenak esan du, Lugaritz Kultur Etxe berritu batek zerbitzu horiek hartu ditzakeela. Izan ere, hori da antiguotarrek hainbat alditan egin dieten proposamena. Ildo beretik, Nekane Arzallusek esan du, Lugaritz Kultur Etxea inguruaren erreferentzia puntua dela, eta zerbitzu gehiago eskaini ditzakeela. Horretarako, Kultur Etxea berritu beharko litzateke, alde batetik, egungo egoitza eguneratzeko, eta bestetik, Haurtxokoa eta Gaztelekua bezalako zerbitzu berriak hartzeko.

 

Irisgarritasunean hobekuntzak

 

Era berean, Nekane Arzallusek inguruaren irisgarritasunari buruz eta Seminario eremuarekin lotzeko hobekuntzei buruz hitz egin du: “Mugikortasun Bertikalaren plan-zuzentzailea jarraituz, Antiguo auzoaren eta Heriz pasealekuaren arteko loturak lehentasuna izaten jarraitzen du”.

 

Arzallusek adierazi duenez, legealdi osoan zehar landu den proiektua da, eta lau igogailu jarriko dira. Horiei esker, Erregezainetik ibilbide irisgarria egingo da, eskaileren ondoan.

 

Egun, Udalak lau igogailu horietatik hiruren proiektuak idatzita ditu, eta auzotarren eskaerak jarraituz, aurrekontuan lehenengoa – Erregezaina 26 eta Heriz pasealekua 26 arteko igogailua – eta laugarrena – Heriz pasealekua 38 eta 94 arteko igogailua, Larramendi ikastetxearen ondoan – egiteko 515.000 eta 600.000 euroko aurrekontu-sailak onartuta ditu.

 

Azkenik, Arzallusek gogorarazi du, legealdi osoan zehar mugikortasun bertikalean Aiete-Morlans – lana amaitzear dago – eta Larratxoko igogailuak – lanak hastear daude – egiteko pauso zehatzak eman dira. Beraz, hurrengo legealdian erronka izango da Heriz pasealekuaren igogailuak egitea, betiere, auzotarren mugikortasuna eta auzoaren goiko eta beheko aldearen komunikazioa hobetzeko.

Eneko Goia: “Gobernu Zibilaren eraikina Amarako elementu dinamizatzailean bilakatzea nahi dugu”

Donostiako alkategai Eneko Goia eta bere taldea Amarako Pio XII plazan izan dira gaur goizean auzotarren proposamenak eta iradokizunak jasotzen. Gobernu Zibilaren eraikina atzean zuela, Goiak esan du, lanean jarraituko dutela auzoaren erdigunean dagoen eraikina berreskuratzeko eta, bertan, azpiegitura hobeak eta berriak jartzeko.

Horren harian, hautagai jeltzaleak gogorarazi du, legealdi osoan zehar Espainiako gobernuei eskatu dietela eraikina hiriari emateko, baina ezezkoak baino ez dutela jaso. Horiek horrela, Eneko Goiak honakoa azpimaratu du: “Ez dugu etsiko eta lanean jarraituko dugu eraikina hiriarentzako lortzeko, izan ere, Amarako elementu dinamizatzailean bilakatzea nahi dugu”.

Goiak esan duenez, helburua da Gobernu Zibila auzoari irekitzea, eta segidakoa gaineratu du: “Eraikinaren egungo ergoerak ez dio auzoari mesederik egiten eta, beraz, gure lana da eraikina berreskuratzea eta, bertan, udal zerbitzu hobetuak jartzea. Horrenbestez, erantzuna emango diogu amaratarrek gehien eskatzen dutenari”.

Bide-orria

Era berean, EAJ-PNVren Donostiako alkategaiak Amara biziberritzeko hainbat proiektu aipatu ditu, besteak beste, Karlos I-ko azpiko pasabidearen gunea, edota Isabel II, Felipe IV eta Gregorio Ordoñez kaleak: “Helburua da Amaratarrek disfrutatzeko guneak irabaztea. Hau da, oinezkoak protagonitak izango diren guneak, betiere, hiri-paisaia hobetuz eta auzoa birsortuz”.

Horrenbestez, Eneko Goiak adierazi du, bide-orria prest dutela auzoaren birsortzea garatzeko, eta horri esker, besteak beste, Pio XII-ko autobus geltoki zaharra hartzen zuen gunea berritu dela, Merkatarien, Etxeberrien edo Kofradien plazak birmoldatu direla, edo hainbat kale 30 gune bihurtu direla.

Hortaz, Goiak honakoa esan du: “Konpromiso sendoa dugu bide-orri horrekin jarraitzeko eta, besteak beste, segidako proiektuak garatzeko: Irun plaza inguruko kaleetako espaloiak zabaltzeko proiektua, Ikasketa plaza hobetzeko proiektua – Udalaren 2019ko aurrekontuan milioi bat euro daude – edo Karlos I-ko azpiko pasabidea birmoldatzeko proiektua – onbidean uda hasieran errealitate izango da –“.

Donostiarentzat Loiolako kuartelak berreskuratzeko ezinbestekoa da EAJ-PNV Madrilen erabakigarri izatea

Donostiako alkategai Eneko Goiaren ustez, ezinbestekoa da lortzea EAJ-PNVren bozak erabakigarriak izatea Kongresuan eta Senatuan, izan ere, horrenbestez, egunen batean lortuko dugu Loiolako kuartelak hiriarentzat berreskuratzea. Goiak adierazi du, Espainiako hainbat gobernuk, bai PPren aginteko gobernuek, bai PSOEren aginteko gobernuek, bazterrak nahasi dituzte. Eta egun militarrak dauden tokia estrategikoa da hiriaren garapen urbanistikoarekin jarraitzeko. Izan ere, bertan, 1.500 etxebizitza eraikitzeko lurra dago.

Adierazpenok egin ditu Eneko Goiak Loiola auzoan. Bertan izan dira Donostiako alkategaia eta EAJ-PNVren Kongresurako eta Senaturako hautagaiak, besteak beste, Aitor Esteban, Joseba Agirretxea, Iñigo Barandiaran edo Maribel Vaquero.

Goiaren iritziz, Espainiako gobernuek urte dezentez bazterrak nahastu dituzte, eta entzungor egin diote hiriak behin eta berriro egindako eskariari, hain zuzen ere, Loiolako kuartelen lursaila berreskuratzeko, zein kartzela berria eraikitzeko eskariei.

Horren harian, Donostiako alkategaiak honakoa esan du: “Bi eremu horiek estrategikoak dira hiriaren garapena Urumearen ibarretik jarraitzeko. Bertan, Loiola eta Martutene artean, aurreikusita dago 2.000 etxebizitza baino gehiago egitea, betiere, hirian duen etxebizitza beharrari aurre egiteko. Baina, bai PPren aginteko gobernuek, bai PSOEren aginteko gobernuek behin eta berriro atzeratu dituzte horien gaineko erabakiak, hain zuzen ere, lehenago edo beranduago hartu beharko dituzten erabakiak”.  “

Eneko Goiaren ustez, eskari horiek lortzeko modurik onena da EAJ-PNVren bozek Madrilen erabakigarriak izatea. Izan ere, horrenbestez, lortuko dugu Espainiako Gobernua negoziatzea Militarren lekualdatzea eta lur horiek hiriarentzat berreskuratzea.

Goiak gogorarazi du, Donostiako alkate denetik behin eta berriro eskatu diela PPren zein PSOEren aginteko gobernuei bi eremu horientzako irtenbidea, baina erantzuna ez duela izan.

Eta kuartelen kasua azpimarratu du Eneko Goiak, izan ere, ez du zentzurik horrelako azpiegitura bat hiri barruan egoteak, eta are gehiago ikusita egun militarrek duten beharra baino azpiegitura handiagoa dela. Horiek horrela, Donostiako alkategaiak esan du, konponbide bat lortzeko hainbat aukera planteatu dituela, baina erantzunik ez.

Martuteneko kartzelari buruz, Eneko Goiak segidakoa adierazi du: “Orain beste proiektu bat aurkeztu digute, eta proiektu hau azken urteetan aurkezten diguten hirugarrena da. Eta ondorioz, ez dugu kartzela berria izango hurrengo lau edo bost urtetan”.

Hortaz, Donostiako hautagai jeltzaleak gogoratu du Martuteneko kartzela Estatuko zaharrena dela, eta kartzela ixtea duintasun kontua dela, izan ere, bertan dauden presoei ematen dien bizi-kalitatea ez da behar denaren gutxienekoetara iristen. Eta, gainera, egungo kartzela bertan mantentzea Txomineneako bigarren fasea oztopatzen ari da, non eta 700 etxebizitza eraikitzea aurreikusten den.

Donostiarako onurak

Eneko Goiak, halaber, EAJ-PNVk legealdi honetan aurrekontuen negoziazioetan lortutakoak azpimarratu ditu, izan ere, Euskadirentzat zein Donostiarentzat onura handiak ekarri ditu.

Goiak gogorarazi du, negoziazioari esker, talde jeltzaleak hainbat milioi eurotako inbertsioa lortu dituela Donostiarentzat. Horrenbestez, hautagai jeltzaleak segidako lorpenak aipatu ditu: Abiadura Handiko Trenaren geltokia; Loiolako Erriberetako garraioz aldatzeko geltokia; Martuteneko trena gurutzatzeko pasabidea kentzea; bost milioi euroko inbersioa CIDETECen ikerketak egiten jarraitzeko; milioi eta erdi Kontxako baranda berritzeko; hiru milioi euro Matia Fundazioak adineko pertsonentzako etxebitza-proiektua egiteko; eta Zinemaldiko, Hamabostaldiko, Aranzadiko edo Eusko Ikaskuntzako diru-laguntzak handitzea.

Eta horrek guztiek erakusten dute Goiaren iritziz, Madrilen Euskadiren eta Donostiaren interesak hobekien ordezkatzen dituen alderdia EAJ-PNV dela.

Azkenik, Eneko Goiak honakoa azpimarratu du: “Batzuk Madrilen egon ala ez pentsatzen duten bitartean, eta beste batzuk euren Espainiako zuzendaritzek esaten dutenari men egiten dioten bitartean, EAJ-PNVk Madrilen gogotsu lan egiten du Euskadirentzat etekin handiena lortzeko. Eta horrek donostiarron eta euskal herritarron bizitza hobetzea dakar, izan ere, Hiria eta Herria hobetzen jarraitu dezakegu”.

Oletako behatokia prest Altzako auzotarrei harrera egiteko

Donostiako alkate Eneko Goiak eta Euskal Trenbide Sarearen zuzendari Aitor Garitanok Oletako Behatokia bisitatu dute gaur goizean. Behatokia bihar, osteguna, irekiko da.

Proiektua elkarrekin finantzatu dute Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak eta, horri esker, aprobetxamendurik ez zuen lekua eta Herrera eta Altza arteko Topoaren zatia egiteko erabili zen lekua, plaza publiko batean bilakatu da, inguru guztia birsortuz.

Hiritarrei irekitako behatoki-aparkaleku bihurtzeko lanek bederatzi hilabete iraun dute, eta guztira bi erakundeek 700.000 euroko inbertsioa egin dute. Eta inbertsio horri esker, Oleta kalitatezko hiri-eremuan bilakatu dute, hain zuzen ere, harmaila duen plaza-behatokia, oholtza, gune berdeak, piknik gunea eta 28 autoentzako, 12 motorrentzako eta auto elektrikoentzako aparkalekua duen hiri-eremua.

Bertan, argiteria jarri da, oholtzan ekitaldiak egiteko argindarra, bakarrik garbitzen den komuna, iturria, bankuak eta lorategiak daude. Hau da, hiritarrentzat gune irekia sortu da, hain zuzen ere, auzoaren ardatza izan nahi duen gunea.

Lur-sailaren goiko aldean aparkalekua jarri da, eta behean aldiz, Pasaiako badiarako bista duen pasealeku-behatokia. Erdiko zatia harmailan egin da, eta aparkalekua eta pasealekua lotu egiten ditu, eta bertan, plaza handia sortu da, hiritarren aisialdi eta egoteko gune izateko.

Era berean, proiektuak gune berriaren irisgarritasuna bermatzen du Herrera pasealekutik. Gainera, Herrera pasealekuko espaloia 2 metro izatetik 3,75 izatera pasa da, eta beraz, bertatik oinezkoen igarotzea errazten du eta segurtasuna bermatzen du.

Aparkalekurako sarrera eta irteera semaforo baten bidez arautua egongo dia. Eta aparkalekuak 500 m2ko azalera du. Plazak, aldiz 700m2ko azalera du eta egurrezko plataforma bat du, hain zuzen ere, oholtza bezala erabiliko den 150m2ko (10 x 15 m) egurrezko plataforma.

Topoaren tunelaren aireztatze burdin-sarea gunean bertan integratu da eta harmailan dagoen lorategiaren zati batean kokatu da.

#AmaraBerriEgitenDugu

Amara Berri auzoko azken berriak aurkituko dituzu aldizkari honetan. Orain arte gauzatutakoa eta aurrera begira auzoan aurreikusita dauden hobekuntzak ere. Iraganeko erronkei aurre egitea lortu dugu denon artean eta, orain, etorkizuna eraikitzen ari gara asmo handiz eta optimismoz beteta.

Aldizkaria ikusi nahi baduzu  => #AmaraBerriEgitenDugu

Irudia gustoko duzu? Hemen deskargatu dezakezu.

#AltzaEgitenDugu

Altza auzoko azken berriak aurkituko dituzu aldizkari honetan. Orain arte gauzatutakoa eta aurrera begira auzoan aurreikusita dauden hobekuntzak ere. Iraganeko erronkei aurre egitea lortu dugu denon artean eta, orain, etorkizuna eraikitzen ari gara asmo handiz eta optimismoz beteta.

 

Hemen duzu Aldizkaria   ⇒  #AltzaEgitenDugu

Altzako irudia gustuko duzu? Hementxe deskargatzeko aukera