San Sebastian 2023: zirrara eta harrotasuna

Azkeneko bi urteetan ezin izan dugu gure jai kutunenaz gozatu. Aurtengoa, beraz, San Sebastian egun oso berezia izan da, hasieratik amaiera arte; festak eztanda egin aurreko orduetatik, bandera jaitsi eta azken danborradak euren egoitzetara iritsi arte.

Hiritar Merezimenduaren dominak

Hunkigarria izan da urtarrilaren 19an Udalbatza aretoa beteta ikustea, hiriko bi elkarte eta hiru hiritarri merezimenduaren domina emateko. Musuko gabe, guztiok elkartuta hiriaren alde hainbeste urtetan egindakoak eskertzeko. Lola Horcajok, Maite Sabadellek, Gurutz Linazasorok, Agifesek eta Easo Abesbatzak jaso dituzte hiritar merezimenduaren dominak, emozio handiko ekitaldian. Urtetik urtera zenbat hautagaitza aurkezten diren ikusteak argi erakusten du Donostia hiri bizia dela.

Banderaren igoera

Hiru urte igaro ondoren Konstituzio plaza guztiz bete da. Igoera baino ordubete lehenago ehunka hiritar plazan zain zeuden gaueko hamabiak iritsi eta Gaztelubideren eskutik Sarriegiren Donostiako Martxaren lehen doinuekin festari ekiteko. Hiru urte ondoren Udaletxe zaharreko erdiko balkoira atera eta bandera igotzea oso hunkigarria izan da, baina batez ere, gehien hunkitzen duena plazan zein Udaletxe zaharran zeuden pertsonen aurpegi alaiak ikustea da. Donostiarra izatearen horratasuna.

Danborrada jotzea

Donostiar askorentzat bezala danborrada jotzea urteko gauza handienetako bat da. Eta aurten oso berezia izan da. Besarkadak, algarak, alaitasun aurpegiak. Danborradako kide eta lagunak, handia izan da zuek besarkatu eta ibilbidean zehar ditugun hainbat momentu berezirekin disfrutatzea.

Haur danborrada

Astearen hasieran eguraldiaren iragarpena ikusita, inork ez genuen pentsatuko eguzkia aterako zenik. San Sebastian-ek miraria egin zuen eta, horri esker, Alderdiederren urteko irudi politena ikusteko aukera izan dugu. Kolore eztanda. Danbor eta upelen burrunba. San Sebastian egunak eta danborradak etorkizuna du. Harrobia ziurtatuta dago. Gora Haur Danborrada!

Urrezko danborra

Zer esan aurtengo Urrezko Danborrari buruz. Plazer handia izan da Javier García Cogorrori hiriak duen sari maitatuenetako bat ematea. Urrezko Danborrak zientzia eta ezagutza saritu ditu. Donostiak arlo horretan onenen artean egotea da gure helburua, eta hori ez litzateke posible izango, Javier bezalako pertsonak gabe. Hunkigarria izan da hainbat testigantza entzutea. Uste dut aurten Urrezko Danborrak bere hasierako izaera berreskuratu duela. Zorionak Javier!

Danborradak hiri osoan zehar

158 danborrada ditugu hirian auzo guztietan banatuta. Jaiak duen osasunaren seinale. Festa hasi zenetik 425 urte bete direnean, hainbat danborradek euren 25. 50. eta 75.urteurrenak ospatu dituzte. Zorionak Intxaurra, CD Lagun Artea, Jatorra, Argazkilari Elkartea, CD Donosti eta CD Vasconia. Eskerrik asko zuei eta gainerako guztiei hiriko txoko guztietan danbor hotsak iristeko egiten duzuen lanagatik. San Sebastian eguna zuek egiten duzue.

Bandera jeitsiera

Eta nola ez, ohi bezala bandera jaitsieraren unea ere berezia izan da. Plaza beteta jaia hasi eta 24 orduren ondoren, kolorez beteta, festa gogoarekin, eta Union Artesanak, hiriko danborradarik zaharrenak, gogo horiek asetzeko oholtzan ikuskizun polita eman zuen.

Dagoeneko bandera ez dago Konstituzio plazako eraikinean jarrita. Laster Artzak Ortzeok-eko egoitzan egongo da. Dagoeneko hurrengo urteko San Sebastian egunaren ospakizunean hasi gara pentsatzen. Aurretik 365 egun ditugu, baina bitartean, bizitako emozioek, emandako besarkadek eta hiri osoaren alaitasunak gogoratuko ditugu. Horiek guztiek eguneroko lana egiten jarraitzeko indarra emango digute.

Eskerrik asko Donostia, egun handia izan da!

 

Inbertsio-maila handiko eta zerbitzuak hobetuko dituen aurrekontua

Aurtengoa Donostiako Udalak historian izan duen aurrekonturik handiena izango da. %8,73 handiagoa izango da, ematen diren zerbitzuen kalitatea bermatzeko gastu arrunta handituko delako.

Aurtengoa Donostiako Udalak historian izan duen aurrekonturik handiena izango da. %8,73 handiagoa izango da, ematen diren zerbitzuen kalitatea bermatzeko gastu arrunta handituko delako.

Aurrekontu proiektuak 39,7 milioi euro aurreikusten ditu hirian babestutako etxebizitza gehiago egitea ahalbidetuko duten hainbat garapen egiteko. Besteak beste, Lorategi Hiria, Inpernua, Illarra edo Apostolutza errealitate bihurtzen hasiko dira 2023an. Eta horiekin batera, Loiolako Kuartelen salerosketa burutuko da urtean zehar. Bertan, etxebizitza garapen handia egin ahal izango da datozen urteetan.

Inbertsio-maila handiko aurrekontua izango da. 56,9 milioi euro bideratuko dira garatzen ari diren proiektuekin jarraitzeko zein proiektu berriei ekiteko. Eremu ezberdinetan hainbat hobekuntza egiten lagunduko duten inbertsioak.

Guztira 90 aurrekontu-sail daude 2023 aurrekontu-proiektuan inbertsioetara bideratuta. Besteak beste, 23,2 milioi euro zenbatzen dituzten hainbat aurrekontu-sail daude ingurumen arloan inbertsioak egiteko.

 

Aurrekontuak 1,5 milioi euro bideratuko ditu hiritarrek proposatutako hainbat proiektu garatzeko. Gainera, aurten 2024 eta 2025eko aurrekontuak ostatzeko partehartze prozesua martxan jarriko dugu hiritarrek proiektuak proposatu ditzaten.

Donostiaren aldeko Manifestua

 

Donostiaren aldeko manifestua aurkeztu berri dugu. Eta manifestu honek konpromiso baten adierazle da: hiria egitearen aldeko konpromisoa, aurrera modu positiboan aurrera egitearen aldeko konpromisoa. Eta hori guztia donostiar guztien eskutik. Izan ere euren eguneroko lanarekin Donostia egunetik egunera hobea egiten dute.

 

Aldatzen doan munduan, gelditzea atzera egitea da. Horregatik, aldaketa horiei egokitu eta etorkizunari batera heldu behar diogu. Donostia hiri erakargarria izaten jarraitu dadin, hain zuzen ere, bizitza proiektu guztiak garatu ahal izango diren hiri erakargarria.

 

Eta horretarako ezinbestekoa izango dugu ikerketa eta zientzia arloen aldeko apustuan sakontzea. Donostia munduan erreferente bihurtu nahi dugu zientzia eta ezagutza arloan.

 

Erronka handia dugu aurretik. Eta ondo egingo dugu; presarik gabe, baliabideak bideratuz, urte batzuen buruan Donostia  onenen mailan egon dadin. Eta beti gertuko kudeaketa bat eginez, hiritarrei entzunez, eta batez ere, donostiar guztiekin batera elkalanean.

 

Aurrera egiten duen hiri baten apustua egiten dugu. Etorkizuneko hiriaren alde. Eta horretarako behar diren erabakiak hartu eta hiria hobera eraldatuko duten proiektuak bultzatuko ditugu.

 

💙 Donostia!

2023: ilusio handiko erronkak

Ohi dugunez, urtearen lehenengo astean 2022ak utzi dizkigunak eta 2023ak ekarriko dizkigunak errepasatzeko tartea hartzen dugu.

 

2022a modurik onenean bukatu ez bazen ere Eguberri egunaren goizaldean izandako gertakaria dela-eta, urteak hainbat gauza positibo utzi ditu; hain zuzen ere, COVID19aren osasun-larrialdiaren eraginak gutxinaka atzean gelditzen ari direla erakusten dituzten hainbat gauza.

 

Eta besteak beste, ekarri du Altza kiroldegiaren tamainako proiektuen amaiera; donostistiarroi eskaintzen zaizkikgun hainbat zerbitzu eta azpiegitura hobetzea; eta hiriaren etorkizunerako ezinbestekoa izango den Loiolako Kuartelen lur-sailaren salerosketa egiteko Defentsa Ministerioarekin lortutako akordioa.

2023a aldiz, ilusio handiko erronkez beteta dator, hain zuzen ere, Donostia hiri erakargarria, aberatsa eta hainbat arlotan erreferente – ikerketa, zientzia eta teknologia, kultura, kirola edo Giza Eskubideen defentsan – izaten jarraitzen ahalbidetuko duten erronkak.

 

Etorkizuneko garapenak

 

Amaitu berri den urtean hainbat hirigintza plangintza onartu dira. Eta horiei esker, 2023an besteak beste Inpernuaren edo Lorategi Hiriaren eremuetan lanak hasiko dira.

 

Halaber, behin Loiolako Kuartelen salerosketa egiteko akordioa iragarrita, 2023an salerosketa sinatu egingo da, jabetza Udalari emango zaio eta auzo berria diseinatzen hasiko da. Eta diseinu hau Plan Orokorraren berrikuspenaren bidetik egingo da. Horretarako, urtearen lehen seihilekoan Plan Orokorraren berrikuspena egiteko Aurrerapen dokumentua onartuko da, eta bertan, Easoko trenbidearen eremua, Antzita, Sarrueta edota Txominenearen jarraipena – behin kartzela Eskusaitzetara lekuz aldatzen denean – ere aztertuko dira.

Martxan dauden proiektuak

 

Era berean, 2023an egun hasita dauden hainbat proiektu garatzen jarraituko dira. Eta horiei esker, azpiegitura berriak sortuko dira, erakargarritasun historikoa dituzten lekuak berreskuratu ahal izango dira, eta donostiarrei ematen zaizkien zerbitzuak hobetuko dira. Eta horren adibide, Bretxa izango da, non eta betiko merkatuak protagonismoa hartuko duen, eta aldi berean Parte Zaharrerako eta Erdialderako osasun zentro berri eta modernoa egingo den.

 

Gainera, hirian honako proiektuak garatzen joango dira ere: San Bartolomen kokatuta dagoen bigarren Talent House eraikina; hiriko sarrerak eta irteerak hobetzen lagunduko duen Marrutxipiko lotunea; familientzako hainbat arreta zerbitzu eta etxerik gabeko pertsonentzat eguneko zentroa hartuko dituen Villa Salia; hipodromoaren ondoan egiten hasi diren hockey zelaia; eta Anoetako inguruko urbanizazio lanak, non eta ETSk Anoetako geltokia hobetu eta bigarren sarrera egingo duen.

 

Anoetan, Estadio Txikia berritzearekin batera, gure erronka handienetako bat izango da Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlarittzarekin akordioa lortzea, kirol-hirian dauden instalazioak berritzeko oinarriak ezartzeko.

Mugikortasun jasangarria

 

Mugikortasunaren arloan, 2023an Udalak Isuri Txikiko Eremua sortu beharko du Europako Batasunak aginduta, 50.000 biztanle baino gehiago dituzten gainerako udalerriek bezala.

 

Gainera, eremu horren kudeaketa egiteko sistema teknologikoa ezarri beharko dugu, eta oniezkoentzako eremu berriak definitu beharko ditugu. Eta hori guztia, garraio publikoaren, bizikletaren eta oinezkoentzat izango diren eremu berriak sortzearen alde egiten dugun apustua berretsita.

 

Dbusek ibilgailu elektriko berrriak erosiko ditu, Europatik jasotako diru-laguntzez baliatuta. Eta horri esker, konpainiak bere flota handituko du, jasangarriagoa eginez, eta instalazioetan hainbat berritze-lan egin beharko ditu ibilgailu berri horietara egokitzeko.

 

Gainera, dBizi zerbitzuak hirian zabaltzen jarraituko du, geltoki eta bizikleta berriekin; eta Taxiaren sektorearekin elkarlanean jarraituko dugu zerbitzua hobetzeko.

Ekitaldien hiria eta hiri-erreferente

 

2023an Donostiak erreferente izaten jarraituko du kirol, kultur eta gizarte-ekitaldiak direla eta. Agendaren parte garrantsitzua izango dira eta gure nortasuna munduan zehar zabaltzen lagunduko dute.

 

Horrenbestez, ohiko kirol  eta kultur-ekitaldiez gain, Donostiak nazioarte mailako bi kirol ekitaldi hartuko ditu: Frantziako Tourraren bigarren etaparen amaiera, eta Errugbiko Top14ko bi final erdiak.

Era berean, Donostia Gizarte Ekonomiaren hiriburu izango da, hiria sektore horretan lan egiten duten enpresa eta erakundeentzako erreferente gisa sendotuz, eta babes handia suposatuko du Donostiak gizarte- eta ekonomia-arlotan izan dezakeen zereginean.

 

Azkenik, 2024an Eduardo Chillida eskultore handiaren jaiotzaren mendeurrena ospatuko da, eta beraz, 2023a ospakizun hori behar bezala antolatzeko urtea izango da.

Intxaurrondo: lagunkoia eta irisgarria

80 urte atzera egingo bagenu, ziurrenik ez genuke ezagutuko egun Intxaurrondo osatzen duen eremua. XX.mendearen bigarren erdian une ezberdinetan bizitoki eta milaka familien bizileku bihurtu ziren baserriek, baratzek eta basoek osatzen zuten Intxaurrondo. Agian denboran ez hain urrutiko jatorri horrek, eta pixkanaka izan duen denborari egokitutako hazkundeak, Intxaurrondoko nortasuna marraztu dute.

 

Egun Donostiako 5.auzo jendetsuena da; 15.000 donostiar baino gehiago bizi gara. Kultur-etxe moderno batek; barruko eta kanpoko igerilekua duen kiroldegiak; hiriko beste hainbat auzorekin eta Gipuzkoako beste hainbat herrirekin lotzeko Topoaren geltokiak; eta Ametzagaina edo Txaparrene bezalako aisialdirako eremu berde garrantzitsuek, egin dute Intxaurrondo auzo lagunkoiagoa, bizitzeko egokiagoa eta irisgarriagoa.

 

Baina ez gara konformatzen. Bizi kalitate hobeagoa duten auzoak behar ditugu; etorkizuneko proiektuak eskaintzeko aukera emango diguten jarduera eta aberastasuna; hazkunde kohesionatu eta orekatua; eta ingurumen eta iraunkortasun hobekuntzak. Erronka zailak dira, ez bakarrik Intxaurrondorentzat, baita hiri osoarentzat ere. Eta erronka horiek erabakitasunez eta baikortasunez hartzen ditugu, izan ere, gure historian zehar une kritiko eta erabakiorrak elkarrekin gaindituko ditugu. Eta auzoak, guztiak, etorkizun horren eraikuntzaren protagonista nagusiak izango dira. Aurrera doan auzoa, hobetzen doan hiria delako.

Deskargatu aldizkaria hemen: Intxaurrondo_Aldizkaria

Urumea berreskuratzeko, hiri hobea lortzeko

Azken urteotan, Donostiak itsasoari bakarrik begiratzeari utzi dio. Ibaira begiratu du, Urumeara, bere lurrak zeharkatzen dituen ibaira, eta hiriaren egungo hazkundearen ardatz bihurtu da.

 

Loiolak, Txomineneak eta Martutenek beti begiratu, sentitu eta bizi izan dute Urumea.  Baserriek ibai ertzak aprobetxatzen zituzten baratzeetarako; ontziralekuek sagardoz edo egurrez betetako gabarrak hartzen zituzten; latsariek ibaiko urak familiaren ekonomian laguntzeko erabiltzen zituzten, eta, geroago, Donostiako industria-garapenaren parte izan ziren fabrika, lantegi eta ontziolak.

 

Orain Donostia ibaiaren ibarraren ondoan hazten ari da. Loiolako Kuartelen salerosketa da aro berri hau markatzen duen mugarri historikoa. Aukera paregabea hiria hazten lagunduko duen eremu neuralgikoa sortzeko, hain zuzen ere, hiria batzen eta kohesionatzen lagunduko duen eremua. Eta era berean, Urumeako ardatzari gune lagunkoiagoak, bizitzeko egokiagoak eta jasangarriagoak emango dizkio, baita auzotarren bizi kalitatea hobetuko duten ekipamenduak ere.

 

Erronka zailak dira, ez bakarrik Loiola, Txominenea eta Martutenerantzat, baita hiri osoarentzat ere. Eta erronka horiei erabakitasunez eta baikortasunez heldu nahi diegu, izan ere gure historian zehar elkarrekin une kritiko eta erabakigarriak gainditu ditugu. Eta auzoak, guztiak, etorkizuneko eraikuntza horren protagonistak izango dira. Aurrera doan auzoa, hobetzen den hiria delako.

 

Deskargatu aldizkaria hemen: URUMEA_Aldizkaria