San Sebastian 2023: zirrara eta harrotasuna

Spread the love

Azkeneko bi urteetan ezin izan dugu gure jai kutunenaz gozatu. Aurtengoa, beraz, San Sebastian egun oso berezia izan da, hasieratik amaiera arte; festak eztanda egin aurreko orduetatik, bandera jaitsi eta azken danborradak euren egoitzetara iritsi arte.

Hiritar Merezimenduaren dominak

Hunkigarria izan da urtarrilaren 19an Udalbatza aretoa beteta ikustea, hiriko bi elkarte eta hiru hiritarri merezimenduaren domina emateko. Musuko gabe, guztiok elkartuta hiriaren alde hainbeste urtetan egindakoak eskertzeko. Lola Horcajok, Maite Sabadellek, Gurutz Linazasorok, Agifesek eta Easo Abesbatzak jaso dituzte hiritar merezimenduaren dominak, emozio handiko ekitaldian. Urtetik urtera zenbat hautagaitza aurkezten diren ikusteak argi erakusten du Donostia hiri bizia dela.

Banderaren igoera

Hiru urte igaro ondoren Konstituzio plaza guztiz bete da. Igoera baino ordubete lehenago ehunka hiritar plazan zain zeuden gaueko hamabiak iritsi eta Gaztelubideren eskutik Sarriegiren Donostiako Martxaren lehen doinuekin festari ekiteko. Hiru urte ondoren Udaletxe zaharreko erdiko balkoira atera eta bandera igotzea oso hunkigarria izan da, baina batez ere, gehien hunkitzen duena plazan zein Udaletxe zaharran zeuden pertsonen aurpegi alaiak ikustea da. Donostiarra izatearen horratasuna.

Danborrada jotzea

Donostiar askorentzat bezala danborrada jotzea urteko gauza handienetako bat da. Eta aurten oso berezia izan da. Besarkadak, algarak, alaitasun aurpegiak. Danborradako kide eta lagunak, handia izan da zuek besarkatu eta ibilbidean zehar ditugun hainbat momentu berezirekin disfrutatzea.

Haur danborrada

Astearen hasieran eguraldiaren iragarpena ikusita, inork ez genuen pentsatuko eguzkia aterako zenik. San Sebastian-ek miraria egin zuen eta, horri esker, Alderdiederren urteko irudi politena ikusteko aukera izan dugu. Kolore eztanda. Danbor eta upelen burrunba. San Sebastian egunak eta danborradak etorkizuna du. Harrobia ziurtatuta dago. Gora Haur Danborrada!

Urrezko danborra

Zer esan aurtengo Urrezko Danborrari buruz. Plazer handia izan da Javier GarcĂ­a Cogorrori hiriak duen sari maitatuenetako bat ematea. Urrezko Danborrak zientzia eta ezagutza saritu ditu. Donostiak arlo horretan onenen artean egotea da gure helburua, eta hori ez litzateke posible izango, Javier bezalako pertsonak gabe. Hunkigarria izan da hainbat testigantza entzutea. Uste dut aurten Urrezko Danborrak bere hasierako izaera berreskuratu duela. Zorionak Javier!

Danborradak hiri osoan zehar

158 danborrada ditugu hirian auzo guztietan banatuta. Jaiak duen osasunaren seinale. Festa hasi zenetik 425 urte bete direnean, hainbat danborradek euren 25. 50. eta 75.urteurrenak ospatu dituzte. Zorionak Intxaurra, CD Lagun Artea, Jatorra, Argazkilari Elkartea, CD Donosti eta CD Vasconia. Eskerrik asko zuei eta gainerako guztiei hiriko txoko guztietan danbor hotsak iristeko egiten duzuen lanagatik. San Sebastian eguna zuek egiten duzue.

Bandera jeitsiera

Eta nola ez, ohi bezala bandera jaitsieraren unea ere berezia izan da. Plaza beteta jaia hasi eta 24 orduren ondoren, kolorez beteta, festa gogoarekin, eta Union Artesanak, hiriko danborradarik zaharrenak, gogo horiek asetzeko oholtzan ikuskizun polita eman zuen.

Dagoeneko bandera ez dago Konstituzio plazako eraikinean jarrita. Laster Artzak Ortzeok-eko egoitzan egongo da. Dagoeneko hurrengo urteko San Sebastian egunaren ospakizunean hasi gara pentsatzen. Aurretik 365 egun ditugu, baina bitartean, bizitako emozioek, emandako besarkadek eta hiri osoaren alaitasunak gogoratuko ditugu. Horiek guztiek eguneroko lana egiten jarraitzeko indarra emango digute.

Eskerrik asko Donostia, egun handia izan da!