Politika Orokorrari buruzko urteko adierazpena

2020ko martxoak muga bortitza markatu du. Egoerak hainbat proiektu moteldu ditu eta beste hainbat egoera bizkortu, baina hiriak dituen oinarriak ez dira aldatu. Martxoaren 11tik gaur arte, udalaren baliabide eta indarrak osasun krisiaren kudeaketara zuzendu dira. Akatsak egin dira, zalantzak egon dira, baina erantzuna ematen jakin izan dugu, pertsona askoren laguntzari esker.

Gauza asko egin dira azken hilabeteotan, baina bi aipatu nahiko nituzke: Lagunkate ekimena, adin nagusikoen inguruan komunitatea egiteko; eta kultura jarduera mantentzea.

Krisiaren ondorioak nabarmenak dira esparru guztietan, eta ondorioz, 2.000 langabetu gehiago daude Donostian. Ekonomia eta enplegua berreskuratzearen aldeko lana egiten jarraitzen dugu. Eta hori da hiritarren alde eta hiriaren gizarte kohesioaren alde egin dezakegun apusturik onena.

Arduraz jokatzea dagokigu. Eta azken hilabeteotan ikasitakoa etorkizunerako baliagarria izango da. Etorkizun horretan iraunkortasuna giltzarria izango da, bai soziala, baita ekonomikoan eta ingurumenaren arloan ere.

Eta horretarako, duela urtebete aurkeztu genuen gobernu programak inoiz baino garrantzi handiagoa du. Hori da Udalak jarraitu beharreko bide orria hiriaren etorkizunari heltzeko.

Kalitatezko enplegua sustatzea eta ekonomiaren garapena ildo nagusienetakoak izaten jarraituko dute. Berrikuntza, teknologia zientza eta formazioa sustatzearen aldeko konpromisoa erabatekoa izaten jarraitzen du.

Gizarte kohesioaren aldeko lanek garrantzi handiagoa hartzen dute egoera honetan. Gure lehentasuna da sortzen diren beharrei aurre egitea eta gizarte politikak lehenestea inor atzean ez gelditzeko.

Donostiako etxebizitza plana garatzen jarraituko dugu, bereziki, gazteek euren bizitza proiektua hirian egiteko helburuarekin. Hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzea eta kaleratzerik ez gertatzeko bitartekari lanak egiten jarraitzea izango da lan ildoetako bat.

Giza Eskubideak eta euren balioak sustatzeko lanean jarraituko dugu. Memoria Historikoa, hirian bortizkeriaren biktimen oroimena eta bizikidetzaren sustapena dira lantzen jarraituko ditugun ardatzak.

Oztopoak oztopo kultura egitasmo nagusienak aurrera jarraitzen dute. Haizearen Orrazia Gizateriaren Ondare izendatua izateko lehen pausoak eman ditugu.

Klima DSS2050 estrategiak hiri jasangarriago bat izateko ibilbide orria da. BEI-a martxan jartzea, topoaren igarobidea, abiadura handiaren iritsiera, eta Dbizi zerbitzu berriaren martxan jartzea abenduan estrategia horren parte dira.

Kontu publikoak kudeatzeko izandako zuhurtziari esker osasun- eta ekonomia-krisiari aurre egin izan diogu. Zuhurtzi horri esker laster 13 milioi euro bideratu ahal izango ditugu inbertsioak egitera.

Udalak gastu arruntari eutsi dio oinarrizko zerbitzuei eragin gabe, eta horrek 40 eta 45 milioi euroko defizitza utziko du. Esfortzuak egiteko prest gaude hiritarrek jasotzen dituzten zerbitzuen kalitatea ez gutxitzeko.

Hiriak oinarri sendoak ditu, eta ziur naiz egoera honi ere aurre egingo diogula. Guztion laguntzarekin egun dauden laino beltzak desagertzea lortuko dugu, eta Donostia donostiar guztiontzat hiri hobeago bat egiten jarraituko dugu.

Hitzaldia osorik: politika orokorreko plenoa 2020

Donostiak aztarna kultural handia du

Aurtengo apirilaren 29an, konfinamendu betean, hiriko kultur eragile nagusiak bildu ginen.

Topaketa honek bi helburu zituen. Alde batetik, eragileak programazioan jasaten ari diren ondorioekin zerikusia duten gai guztiak mahai gainean jartzea. Bereziki azpimarratuz sortzaileen, banatzaileen eta kulturaren zuzeneko erakusketa osoaren zerbitzu osagarrien balio-katea.

Eta, bestetik, hirian kultura-programa bat eskaini ahal izateko makinak prestatzea, segurtasun-neurrietara eta edukierara egokituta, eta, batez ere, tokiko ehuna babesteko.

5 hilabete igaro dira apirilaren 29 hartatik, eta gaur, 5 hilabeteren ondoren, segurtasun osoz esan dezakegu egun hartan hartutako erabakia zuzena izan zela.

Ekainean liburutegien sarea eta museoak ireki genituen, baita Victoria Eugenia Antzokia ere, Estatuan aitzindariak izan ginelarik oihala altxatzen eta argiak pizten.

Uztailean udako antzerki-denboraldiari ekin genion berriro, eta lehen jaialdia egin genuen hirian: 55. Donostiako Jazzaldia. Estatu osoan egin den bakarra da, eta ezin hobeto garatu da, kalitate musikal eta artistiko handiarekin.

Abuztuak, Musika Hamabostaldiaren 81. edizioa ekarri zigun, San Telmo Museoko klaustroa eta eliza musikaren gurtza leku nagusienetako bat bihurtuz. Eta Abuztua Donostian programak ere lagundu digu ezohiko uda hau eramangarriagoa egiten, aire zabaleko kultur eta kirol jarduerak eskainiz.

Eta irailean, Donostia Kulturak eta Festakek duten gaitasun onak aukera eman digu Kontxako estropadak egiteko. Gainera, Zinemaldiaren 68. edizioa ere eredugarria izan da, eta aurreko edizioetan metatu duen jakintza erakutsi du beste behin ere.

Jarduera horrek guztiak agerian utzi du antolatzaileek eta publikoak gaitasun handia dutela egungo egoerara egokitzeko, eta kultura-sare osoak distira handia egin duela, eta ingurune seguruak eskaintzen dituela, izan ere, ez da gertakari nabarmenik edo kutsatze-agerraldirik erregistratu.

Donostiak aztarna kultural handia du. Europan hiri gutxik eutsi ahal izan diote eskaintzari hemen egin dugun bezala. Harrotasunez esan dezakegu hiriak berezko argiarekin distiratu duela kultur arloan. Askorentzat erreferente eta eredu izan gara. Eta gure borondatea da bide hau eta posizionamendu estrategiko hau finkatzea.

Eskerrik asko apustu honek aurrera egitea ahalbidetu duten zuzendaritza-talde guztiei. Baina baita donostiarrei ere. Bere erantzuna eredugarria izan da, arauak betez, eta irizpideak eta antolatzaileak errespetatuz.

 

San Joan bezpera

Udaburuan gaude, udako solstizioan. Argia iluntasunari gailendu zaio. Luzeagoa da eguna gaua baino. Horrek bizitza hobearen itxaropena dakarkigu, eta arbola hau horren ikurra da.

 

Ez da erraza garai hauetan horrelakorik sinestea. Zenbat sufrimendu ezagutu den azken hilabeteetan gure artean. Gure pertsona maiteak gaisotu, hil, ezin era egokian agurtu… Ez genuen uste halakorik gerta zitekeenik. Baina gertatu da. Miraria ere zertu da: borondate oneko zenbat pertsona lanean jardun diren gogor eta sutsu, euren osasuna ere arriksuan jarririk, besteei laguntzeko. Guztiak gogoratu nahi ditugu, joan direnak eta geratu direnak. Arbola honek denak ordezkatzen ditu.

 

Etorkizunean zuekin, arbolarekin bat etorri nahi dugu, denok naturaren atala garela sentitu. Elkar zaintzen saiatuko garela zin egiten dugu. Eta horren adierazgarri biziaren ura zabaltzen dugu, dantzatuko dugu guztien oroimenez eta su garbitzailearen sinboloa ere piztuko dugu.

 

Gure herrian ohitura izan denez, esperantzaren arbolaren inguruan dantzatuko gara. Bizitza bera dantza baita. Donostiarrak: uda on izan dezagula

COVID-19aren ondorioz Donostiako Ekonomia Suspertzeko Plana

 

Badirudi laster garai berri bati ekingo diogula, eta garai berri horretara egokitzeko mezu argia luzatu nahi dizuet. Egoera ez da erraza izango. Eta Donostiako Udalak hiria berriro suspertzeko baliabide guztiak jarriko ditu.

Baina baliabide horiek guztiak ez dira nahikoak izango, baldin eta gutako bakoitzak gure hiriarekiko konpromisoa ez badugu hartzen. Erabateko inplikazioa erakusteko garaia da; hiriko saltokietan, tabernetan eta jatetxeetan kontsumitzeko garaia, eta hiriaren motore izateko garaia.

Eta hori guztia gure esku dago, gure ardura da, eta beharrezkoa da guztiok batera egoerari heltzea eta konpromisoa adieraztea. Eta hori da, hain zuzen ere, eskatu nahi dizuedana: guztion ekarpena egoerari aurre egiteko, eta hori hala izango da guztion inplikazioarekin.

Egoera zail honi aurre egiteko ekitzetako bat da Donostiako Udalak prestatu duen Ekonomia Suspertzeko Plana. Bertan, hainbat premiazko neurri hartu dira hiriko ekonomia suspertzeko eta, beraz, osasun-larrialdiaren eraginari aurre egiteko.

Eta helburua da, beste hainbat erakunde eta entitaterekin batera plangintza bat garatzea, krisiaren eragina gutxitzeko eta konfiantza sortzeko.

Guztion artean lortuko dugu!

Informazio gehiago: https://labur.eus/pZMQj

Keinu erraz batek pertsona ugariri lagundu diezaieke

Udala 65 urtetik gorako 30.000 donostiar baino gehiagorekin jarri da harremanetan. Ekintza honetatik informazio baliagarri asko jaso da. Horietako bat, hirian egun dauden laguntza baliabideak identifikatzeko eta ordenatzeko beharra izan da.

Konfinamenduaren ondorioz, administrazioa, elkarteak, erakunde profesionalak, enpresak zein herritarren sareak baliabide berriak martxan jarri edo lehendik zeudenak indartzen ari dira, beharra duten pertsonei laguntza eskaintezeko

Beraz, ekintza honekin helburu bikoitza dugu:
1. Herritarrei informazio sinple eta ordenatua ematea.
2. Kohesioa eta komunitatea indartzeko baliabide guztiek egiten duten lana ikusaraztea eta aitortzea.

Horretarako, dokumentu bat sortu da, konfinamendu-egun hauetan ohikoenak diren egoerei aurre egiteko eskura dituzun baliabide guztiak biltzen dituena.

Zabaltzen lagunduko diguzu?

– Sar zaitez donostia.eus/covid19 -en.
– Deskargatu zerrenda.
– Inprimatu zure etxean.
– Ipini ezazu etxeko atarian ikusgai egon dadin.

Keinu errazek pertsona ugariri lagundu diezaieke.