Zientzia eta ezagutzaren munduko elitean kokatzeko bide orria

Miramongo Teknologia Parkean dauden arlo biosanitario eta automobilgintzako empresak bisitatu ditugu gaur, eta bertan, konpromisoa hartu dugu zientzia eta ezagutza hirien munduko elitean kokatzeko ibilbide bide orri bat egiteko.

Donostiak beharrezko osagaiak ditu zientziaren eta ezagutzaren hiri nagusien nazioarteko esparruan leku pribilegiatua izateko. Lau unibertsitateak, teknologia eta ikerketa zentroak, beren espezialitatean puntakoak diren enpresak eta jarduera horietan profesionalki aritzen diren 6.000 pertsona inguru, munduko mapan leku propioa izateko oinarri oso sendoa dira.

Eta nazioarteko proiekzio hori sendotzeko eta hiria erreferente izan dadin ikerketan, zientzian eta ezagutzan bide orria izatea ezinbestekoa da. Ibilbide horretan, dagoen errealitatearen, indarguneen eta ahulezien erradiografia zehatza egin behar da, baita jauzi kualitatibo bat egitera eraman gaitzaketen irizpideak objektibatu ere.

Diagnostikoa egin ondoren, estrategia bat abiaraztea planteatuko da, erakundeekin (Eusko Jaurlaritza eta Aldundia), hezkuntza eragileekin, eragile akademikoekin eta sektoreko eragileekin (publikoak zein pribatuak) lankidetzan, hurrengo urteetan garatu ahal izango den bide orri partekatu bat adosteko.

Argi dugu, estrategia horretan, Donostia nabarmentzen den jarduerak finkatu behar direla, hala nola biozientziak, osasuna, nanoinbestigazioa, materialen fisika, mugikortasun elektrikoa edo industriari aplikatutako komunikazio teknologiak.

Helburua da Donostia zientzia  eta ezagutza hiri gisa kokatzea nazioartean. Munduko elitean sartu behar dugu eta Boston, Berkeley, Munich, Copenhague edo Seul bezalako hiri erreferenteekin bat egin behar dugu.

Hori lortzeko, eragile asko batuko dituen prozesu bat gidatuko dugu, zientzian eta teknologian erreferente diren hirien artean dugun posizioan jauzi kualitatibo bat emateko.

Ziur nago, gauzak ondo egiten baditugu, hiriak berak bere buruaz duen pertzepzioa hobetu dezakegula, baita nazioarteko ranking nagusietako irudia eta posizionamendua ere. Eta hori guztia, Donostia Europan parerik izango ez duen hiria izatea; bizitzeko, lan egiteko eta elkarregin gozatzeko.

Bide Berdeak: hiriko parkeak lotuko dituen ibilbide berria

Altzako Larres parkean egon gara gaur goizean. Izan ere, parke hau hiriko gainerako eremu berde eta parkeekin batera balioan jartzeko eta hiritarrek disfrutatzeko proposatuko dugun ibilibde berriaren protagonista izango da.

Gune hauek eguneroko ajetik aldentzen laguntzen digute, atseden hartzeko, arnasa hartzeko eta ondo pasatzeko. Eta guztiak Bide Berdearen bidez lotzeko proiektua dugu.

14 kilometroko ibilbide berde handi bat sortuko dugu, hain zuzen ere, Cristina Enea, Ametzagaña, Ibai Parkea, Lau Haizeta, Larres, Harria, Arrobitxulo, Ulia eta Zurriola hondartza lotuko dituen ibilbidea, hiriko ondare naturalari balioa emanez.

Ibilbidea oinez zein bizikletaz egiteko pentsatuta dago. Gainera, hiriko datuak begiratzen baditugu, Donostiarren ia %70 kirola maiztasunez egiten du. Eta Korrika egitea, oinez ibiltzea eta bizikletan ibiltzea dira asko praktikatzen diren hiru jarduera.

Beraz, ekimen honek ibilbide berri bat izatea ahalbidetuko du kirola eta natura uztartzea atsegin duten donostiarrei hiria beste ikuspegi batetik bizitzeko eta disfrutatzeko izan dezaten.

Gure helburua argia da: Europan parerik ez duen hiria izatea; bizitzeko, lan egiteko eta elkarrekin gozatzeko. Eta Bide Berdeak bezalako ekimenek donostiarren gozamen osasuntsuari ekarpena egingo diote.

Donostia berria marrazten

Goizean Amarako Araba parkean egon gara etorkizunerako landuta ditugun hainbat proiektu aurkezten. Aspaldi lantzen ari garen Donostia berria osatzen lagunduko duten proiektu estrategiko batzuk dira.

Hiria hobetzen jarraitzeko proiektuak dira, hainbat gune berreskuratzeko, beste hainbat balioan jartzeko, besteak beste, hiri berdearen eta oinezkoak protagonista izango den hiriaren alde egiten dugun apustua, zientzia eta teknologian erreferente izatekoa…; hau da, aukeren hiria, abangoardiakoa, inor atzean utzi gabe aurrera egiten duen hiria.

Proiektuak hiriko hainbat gizarte-, kultura- eta ekonomia-eragilerekin landuta daude, eta gure helburua da herentzian jaso dugun Donostia mantentzea eta hobetzea, izan ere, gure konpromisoa da etorkizuneko belaunaldiei hiri hobeagoa uztea.

Irudikatzen dugun Donostia pertsonekin atseginagoa da, berdeagoa, jasangarriagoa. Etxebizitza gehiago eskaintzen dituen hiria, baita ekipamendu gehiago ere. Eta gainera hiri segurua, inklusiboa eta solidarioa, bizitza osorako proiektuak sustatzen dituena. Zientzia eta ezagutzaren hiria, ekintzailea, aurrera egiten duena, eta talentua eta aukerak sortzen dituena. Hiri erakargarria, sortzailea, kultura eta kirolarekin lotura zuzena duena, ilusioa pizten duena.

Azken finean, Europan parerik ez duen hiria; bizitzeko, lan egiteko eta elkarrekin gozatzeko.

info+: Donostia berria marrazten

Gizarte babesaren ekintza komunitarioa indartzearen aldeko apustua

Hauteskunde kanpainako lehenengo egunean Goyeneche Fundazioko Amarako Garagunea bisitatu dugu. Bertan, konpromisoa hartu dugu, Udaletik ematen diren zaintza eta arreta zerbitzuak hobetzen lagunduko duten politikak sustatzen jarraitzeko. Eta horretarako, gainerako erakundeekin eta hirugarren gizarte-sektorearen eragilerekin elkarlaneran jarraitu nahi dugu. Helburua da, inor atzean utziko ez duen sare komunitarioa indartzen jarraitzea.

Hori da azken zortzi urteetan egin duguna. Izan ere, gizarte ekintzako aurrekontua %40 handitu dugu, eta beraz, 2015ean 24,7 milioikoa izatetik 2022an 34,1 milioikoa izatera pasa da. Eta kopuru horretatik 9,2 milioi gizarteratze politiketara bideratu dira, hau da, 340 euro donostiar bakoitzeko.

Pertsonek Udalak zein gainerako erakundeek hartzen dituzten erabaki guztien erdigunean egon behar dute. Aurten Gizarte Ekonomiaren Hiriburu gara, eta aukera hori baliatu behar dugu Donostiak desgaitasuna duten pertsonen lan-inklusioan zein gizarteratzean duen erreferentzialtasuna sendotzeko. 

Donostia zaintzen duen hiria da, gure artean bizitzea erabakitzen duten pertsonei harrera ona egiten die, eta solidarioa da, izan ere, beti prest dago behar gehien dutenei laguntzeko .

Hortaz, bizikidetza, gizarteratze eta elkartasun politikak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa berresten dut. Izan ere, politika horiek gazteenak babesteko, babesgabetasun egoerak ekiditeko behar den detekzio goiztiarra hobetzeko, edo adineko pertsonei zein etxerik gabeko pertsonei ematen zaizkien zerbitzuak hobetzeko aukera emango digute.

Udalaren hainbat departamentuk lan handia egiten dute donostiarrek bizitza oso bat bermatzeko behar diren osasun eta zaintza prebentzio politikak garatzeko. Eta politika horien helburua da, besteak beste, adineko pertsonak hiriaren eguneroko bizitzan integratzea eta parte hartzea, mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako baliabideak egokitzea, eta adineko pertsonei etxean zein udalak dituen baliabide ezberdinetan eskaintzen zaizkien etxez etxeko arreta hobetzea. Horiek indartzeko lanean jarraituko dugu.

Eta era berean, etorkizunari begira, familien eta gazteen bizi-kalitatea hobetuko duten politikak bultzatzen jarraituko dugu, besteak beste, amatasun eta aitatasun lehen urteetan laguntza zerbitzua eskainiz, kontziliazioa hobetuko duten ekintzak sustatuz edo haurtxokoetan 5 urtetik beherako haurrentzako zerbitzuak handituz.

Donostiarrok egiten dugu egunero Donostia. Eta horretarako bide orri argia dugu eta lan-talde sendoa, hain zuzen ere, ilusio handia eta donostiarrekin zein gizarte-eragileekin elkarlanean aritzeko gogo handia duen lan-taldea. Eta horiei guztiei eskua luzatu nahi diegu elkarrekin Donostiak aurrera egiten jarrai dezan.

Gutuna lehendabiziko aldiz bozkatzera joango diren gazteei

Lehendabiziko aldiz bozkatzera joango diren gazte donostiarrei zuzendu natzaie gutun baten bidez. Lehenik eta behin neure burua aurkezteko, eta jarraian nire pentsamenduak eta hiriari buruz dudan ikuspegia azaltzeko.

 

Donostiarra naiz, amaratarra, 51 urte ditut, ezkonduta nago eta lau seme alaba ditugu. Gazte nintzela interesa azaldu nuen politikagatik. Uste dut gure adinekoek hiri oparoa utzi zigutela, eta horregatik, beraiek utzitako legatuarekin jarraitzeko eta gazteekin elkarlanean etorkizuneko hiria eraikitzeko konpromisoa adierazi nahi diet.

Izan ere, gazte donostiarrek funtsezko papera dute hiriaren etorkizuna definitzeko eta eraikitzeko. Jakin badakit konpromiso handiko hiritarrak direla eta, beraz, Donotia hiri inklusiboago, jasangarriago eta oparoa izateko ekarpenak egingo dituztela. Horretagik, konpromiso horri heltzeko eskatu nahi diet, hain zuzen ere, hiri aktibo, oparo, humano, berdinzale eta dibertigarria eraikitzeko konpromisoari heltzeko.

 

Donostiak aurrera egiten jarraitu behar du eta, beraz, ezin du etorkizuneko trena galdu. Egun gazten donostiarrentzat giltzarri dira hiri-jasangarritasuna eta berrikuntza, hortaz, bi ardatz horiek lehenetsiko ditugu Donostiak aurrera egiteko proiektuak eta proposamenak egiterakoan.

Guk argi dugu hiri hori lortzeko bide-orria, eta horretarako, talde sendoa osatu dugu eta ilusioa eta gogo handiak ditugu etorkizuneko erronka horiei guztiei aurre egiteko. Benetan sinetsita nago hiriaren historiaren garairik ederrenetako bat bizitzeko aukera izango dugula, eta guztion artean Europan parerik izango ez duen Donostia egingo dugula; bizitzeko, lan egiteko eta elkarrekin gozatzeko hiria.

Hiru ardatz nagusi eta elkarlanerako konpromisoa

Iñigo Urkullu lehendakariarekin bilera egiteko aukera izan dugu gaur hautagai-zerrenda osatzen dugun gizon-emakumeok, eta bere konpromisoa adierazi digu elkarlanean hiriarentzat onak izango diren etorkizuneko proiektuak garatzen jarraitzeko, azkeneko legealdietan jarraitu dugun lan egiteko ereduari eutsiz.

Urte hauetan guztietan elkarren artean hainbat proiektu aurrera eraman ditugu, hain zuzen ere, Donostia bizitzeko, bizikidetzarako, lan egiteko eta disfrutatzeko Europak hiririk onena izateko ekarpena egin duten edo egingo duten proiektuak. Eta laster, proiektu gehiago garatzen jarraituko ditugu, besteak beste, Donostia ikerketa eta ezagutzaren munduko mapan jartzen lagunduko duen Basque Quantum proiektua.

Gainera, Lehendakariak bere konpromisoa adierazi du, Miramongo Teknologia Parkea handitzeko proiektua errealitate izateko ekarpena egiteko, baita Eskusaitzeta industrialdean enpresa eta proiektu berriak ezartzeko ere. Ziur nago eskutik helduta Donostia hiri modernoa, etorkizunerako prest dagoena eta donostiarren eskaerei erantzuten diona izateko pausoak ematen jarraituko dugula.

Izan ere, hori da EAJ-PNVren kudeaketa eredua: Ideia berritzaileak, anbizioa eta bermea duten proiektuak dituen eredua. Gure ereduaren aurrean, protestan, iraganean eta inoiz existitu ez den hiri baten nostalgian oinarritutako beste batzuen eredua dago. Hortaz, maiatzaren 28an aurrera egin edo iraganera begiratzearen artean aukeratu beharko dugu. Eta, horiek horrela, guk argi dugu, batera, aurrera.

Horregatik gure hauteskunde-egitasmoak hiru ardatz nagusi ditu: Donostiarra eta geure auzoak zaindu, Enplegua sortu eta hirian bizi eta gozatu. Hurrengo asteetan saiatuko gara ardatz bakoitzari buruzko xehetasunak ematen.

Argi dugu Donostiaren etorkizuna ezingo dugula eraiki donostiarrekin zein gainerako erakundeekin elkarlanean aritu gabe. Orain arte horrela egiten saiatu gara, eta hemendik aurrera ere horrela izaten jarraituko du, eta beti, helburu jakin batekin: Donostia bizitzeko, bizikidetzarako, lan egiteko eta disfrutatzeko Europako hiririk onena izatea.

Eskerrik asko Lehendakari gugan jarri duzun konfiantzagatik eta Donostiarekiko beti erakusten duzun konpromisoagatik.