Konfiantza eta partehartzea aurrera egiten duen Donostiarentzat

Spread the love

Gaurkoan hiri-ereduei buruz hitz egiteko aukera izan dugu, kalean gelditu gaituzten hainbat hiritarrekin. Guk argi esan diegu nolako Donostian bizi nahi dugun: hiritarren beharrak, nortasuna eta ikuspegia hartzen duen hiri jasangarri, atsegin, seguru, adimentsu eta inklusiboan. Hain zuzen ere, inor atzean utzi gabe aurrera egiten duen Donostian erakargarri batean.

Egun Donostia eboluzio eta eraldaketa prozesuan dago Europan parerik izango ez duen hiria izateko; bizitzeko, lan egiteko eta elkarrekin gozatzeko. Baina aitzitik, badago atzera egin nahi duenik, aurrerapauso guztiei oztopoak jartzen duenik. Eta, beraz, argi gelditzen da donostiarrok bi ereduren artean hautua egin behar dugula maiatzaren 28an.

Alde batetik, guk proposatzen dugun eredua: Anoeta berriaren hiria, konputazio kuantikoarena, Bayer enpresaren iritsiera posible egin duena, Topo berriarena, abiadura handikoarena, auzoetan hobekuntzak egiten dituena, Altzako kiroldegia egin duena, Eskusaitzea industrialdearena, Tabakalerarena edo nazioarte mailako proiekzioa duen hiria.

Eta bestetik, EH Bilduk proposatzen duena: eztabaida amaitezinen eta endredoen hiria, iraungita dauden proposamenak eta iraganeko blokeo egoerara itzularazi nahi duena, guztiari ezetz esaten diona, eta okerrena, hiria hobetzeko erabakiak hartzen direnean hiriarekin zerikusirik ez duten beste lehentasun batzuei begira dagoena. Eta hori egun hauetan agerian gelditu da. Izan ere, iraganean izan zuten estrategia anker eta okerraren ondorioaz sortutako beste lehentasun batzuk kudeatzen ari dira.

Horregatik, gaur komunitatea egiteko deia luzatu diegu kalean topo egin ditugun donostiar guztiei, hiritarren ziurgabetasunak eta beldurrak erabili nahi dituzten populismoei aurre egiteko.

Donostia dagoen tokira iritsi da donostiarrok azken hamarkadetan erabaki estrategikoetan asmatu dugulako, eta betikoen pankartei eta oztopoei aurre egin diegulako. Egia da hainbat arazo daudela, eta hainbat hobekuntza martxan jarri behar direla, baina egun hiria ez dago geldi, hobetzeko lanean ari da, eta laster egindako inbertsio horiekin disfrutatzeko moduan egongo gara.

Gaur itxaropenari heltzen dion ereduaren alde egiteko deia egiten dugu, EAJ-PNVren eredua, konfiantzari, ausardiari eta lanari lotuta dagoena. Konbentzituta gaude maiatzaren 28an donostiarrek aurrera egiteko hautua egingo dutela, eta ez ordea, geldi egon ginen urteetara itzultzekoa.