Hondalea

Duela urte batzuk hasitako abentura baten emaitza aurkeztu dugu gaur. Eta abentura horrek, donostiar batek, Cristina Iglesiasek, izandako amets batean du abiapuntua.

Cristinak, hain maite duen hirian, esku-hartze artistiko bat non eta nola egin irudikatzen hasi zenean, hiriko hainbat toki eta txoko aztertu zituen. Eta, halako batean, artista haundiek, jenioek soilik izaten duten inspirazio une bat izan zuen: bere lanak uhartean izango zuen kokalekua.

Aitortu behar dut abentura zoragarri honen uneren batean honakoa pentsatu dudala: “nork eskatu dit horrelako batean sartzeko?”. Izan ere, urte luze hauetan une zailak bizi izan ditugu. Baina une horien guztien gainetik, beti egon da proiektu hau berezia izango zelaren sentimendua, hain zuzen ere, hitzekin edo ohiko argudioekin zehazteko zaila den sentimendua.

HONDALEA gauza asko dira. Gure hiriak, Donostiak, kulturaren eta artearen alde egiten duen apustua da, gure izaeraren eta izan nahi dugunaren apustua. Eta era berean, sormen handiko unean artista batek egindako artelana da.

Une honetan oroimen une berezia izan nahiko nuke Haritz Galarragarekin. Proiektuan lan egin zuen, baina tamalez, egun ez dago gurekin emaitza ikusteko.

HONDALEAk lotura du ametsekin, pertzepzioekin, itsasoaren eta naturaren memoriarekin. Gure aurretik badiaren erdian dagoen uhartean bizi izan direnen memoriarekin: komentua ireki zuten mojek, hemen isolatzen zituzten lepradunek, eta nola ez, J1968.urtea arte etxe honetan bizi izan ziren Jose Manuel Andoin azken itsas-argi gizonaren eta bere ama Maria Torralboren memoriarekin.

HONDALEAk ere ahaztuta genuen hitz bat berpiztu du gure euskaran. Zentzu horretan ere memoria ariketa bat egin du, hizkuntzaren memorian hain zuzen.

Ziur nago, hemendik aurrerako Donostia ezin izango dugula irudikatu HONDALEAK eskaintzen duen esperientziarik gabe. Alde horretatik, hiria aberastuko du, eta honaino etortzen den oro ere aberatsago itzuliko da bueltako bidaian.

Cristina: brotzea, alabastroa, hutsunea, forma arrokatsuak, ura eta itsasoaren soinuaren bidez zerbait paregabea sortu duzu, hain zuzen ere, bakarrik hemen, Donostian, Santa Klara Uhartean, zure hirian, ikusi eta disfrutatu ahal izango dugun zerbait.

Argazki gehiago: https://flic.kr/s/aHsmVSqAQJ

Donostiak 188.000 biztanletik gora jarraitzen du

2019ko datuak eman genituenean adierazi genuen ziurrenik 2020an biztanleria kopurua gutxituko zela, beste krisi egoera batzuetan horrela izan delako gure hirian. Eta gertatu da, baino ez hainbeste. Biztanle kopuru txiki bat galdu du Donostiak, 141 biztanle, baina 188.000 biztanletik gora jarraitzen du.

Atentzioa ematen duen lehen datua da 2020an izan dugun heriotza tasa igo dela. 315 heriotz gehiago egon dira 2019.urtean baino. Horiek guztiak ez dira COVID19ak eragindakoak, baina egia da pandemiak eragina izan duela. Heriotza tasaren igoerak badu perspektiban luzeagoa den azalpen bat: gero eta adin gehiago duen hirian heriotza-tasa handiagoa izatea normala da. Eta 2020an bi fenomeno horiek bat egin dute.

Era berean, 2020an belaunaldien arteko aldaketak jarraipena izaten jarraitzen du, baina ez donostiarren arteko jaiotza-tasa handitu delako, baizik eta atzerritik datozen biztanleei esker. Eta horrek ahalbidetu du biztanleen kopurua bere horretan mantentzea.

Hiriaren batez-besteko adinak berdin jarraitzen du – 46 urte -. Emakumezkoek gehiengo izaten jarraitzen dute (%52). Lehenengo aldiz 100 urte baino gehiago duten pertsonen kopurua gutxitu da, eta guztira 102 pertsona daude hirian.

Jaiotza-tasak behera jarraitzen du. 2020an 6,42koa izan da, hau da, datuak jasotzen direnetik tasarik txikiena. Eta zahartze indizeak gora jarraitzen du, eta ondorioz, hirian 65 urtetik gorako 1,91 pertsona daude 15 urtetik beherako pertsona bakoitzeko.

Ikusi demografia-datu gehiago hemen:

Bejondeizuela!

Poza. Zoramena. Zirrara. Emozioa. Malkoa. Garrasia. Besarkada. Ilusioa. Harrotasuna. Sufrimendua. Indarra. Kemena. Fedea. Taldea. Reala.

Bart bizitako sentimenduak adierazten dituzten hitzak jasotzen luze segi nezakeen, asko bait dira. Hitz guztiek ezin dute bildu barruan daukagun poz guztia. Ikaragarria delako. Talde honek sekulakoa egin du. Hiri eta lurralde bati aspaldiko pozik haundiena eman dio. Bizitako urte malapartatu honetan, hain beharrezkoa genuen albistea etorri zaigu Imanolek maisuki zuzentzen duen taldearen eskutik.

Gure herrietako etxeetan berriz ere bandera txuri-urdinak ikusi ditugu azken asteotan. Hori izan da taldearen lehen garaipena: berriz ere realzaleon harrotasuna agerian jartzea. Jenerazio berriek badute iada aspaldiko izenak ordezkatzeko motiborik: Arconada, Zamora, Satrus, Lopez Ufarte etabarrek, Illara, Oyarzabal, Isak, Merino eta gainontzeko jokalari guztien izenei egin beharko diete lekua Realaren historian. El Molinon, Atotxa eta La Romadera futbol zelaiekin batera, La Cartuja ere aipatu beharko dugu aurrerantzean.

Azken bi urteotan Realak berpiztu egin bait du sugarra. Joko moderno, erakargarri eta ausarta izan da bere nortasun adierazlea. Imanolek burua eta bihotza txertatu ditu taldean, eta taldeak, zaleongan. Inoren konplexurik gabe, errespetuz beti, partida on eta ez hain onekin, baina beti ideia nagusiari tinko eutsiz.  Horrexegaitik merezi izan du askoren txaloa, baita gure mugetatik haratago ere.

Baina talde honek titulu bat behar zuen. Garaipen garrantzitsu bat merezi zuen. Eta hementxe daukagu. Hainbestetan amestutakoa iritsi da azkenean. Sufrituz, baina horrek are haundiago egiten du garaipena. Guztiok sentitu gara garaipen horren parte. Ez dakit jokalariak zenbaiteraino jabetuko diren zein garrantzitsua den garaipen hau milaka eta milaka pertsonentzat. Askori, azken urte ziztrin honetako bizipozik haundiena eman die.

Une berezi honetan, norbaiten aipamena egin nahiko nuke. Talde hau ez litzateke honaino iritsi izango azken hamar urteotan presidente izan duen Jokin Aperribayren lanagatik izan ez balitz. Gogoratu besterik ez dago zein egoera zailean hartu zuen taldea Jokinek. Eta gaur egun gutxi izango dira Realaren egoeran: etxeko jende gaztean oinarrituz, emakume zein mutilen futbol taldeek bi lorpen historiko lortu dituzte azken urteotan. Taldearen egoera ekonomikoa ere sendoa da, eta horrek etorkizun oparoa eskaintzen dio. Gogoan dut duela hiru urte, bilera batean, nola adierazten zuen Jokinek konbentzimendu osoz, jokalari jenerazio honek titulu bat eskuratuko zuela. Onartu beharra daukat orduan desio baten moduan entzuten nituela hitzok. Baina Jokinek benetan hitzegiten zuen, sinistitua zegoen, fedea zuen. Uste dut bakoitzari berea zor zaiola, eta lorpen honen meritu zati bat Jokini dagokiola.

Imanol izan da Jokinen fede hori gorpuztea eta gauzatzea lortu duen gizona. Bera izan da traineruaren lemazaina, patroia. Berak lortu du jokalari multzo bat talde egitea. Bakoitzaren trebeziak taldearen mesedetan jartzea. Beti lanaren bitartez, gosea eta anbizioa kutsatzea. Oriotar zintzo eta kementsu honen eskutik etorri zaigu realzaleoi berriz ere txuri-urdin sentitzearen harrotasuna.

Azken hitzak zaletu guztientzat dira. Ehun urte luzeko historia duen talde honek gailur hau gainditu badu hori, hein haundi batean, atzean duen auspo eta bultzadari esker izan da. Talde batek atzean herri baten hatsik ez baldin badu, kirol club arrunt bat besterik ez da. Barrutik huts dagoen oskola. 

Sinistuta nago oraingo garaipenak jarraipena izango duela, eta oraintxe bizitzen ari garela Realaren beste urrezko garai bat. Neskek ireki zuten bidea, eta mutilek hartu dute lekukoa. 

Hori guztia bizitzea eta gozatzea egokitu zaigu. Horrexegatik, penak alde batera utzi eta bizi dezagun une hau gure poza eta zoriona ingurukoekin partekatuz. Errespetuz, tentuz eta arduraz jokatuz, beti ere.

Donostiar guztion izenean, sekulako harrotasunez, talde guztiari, eskerrik asko eta zorionak! Bejondeizuela!!

BAT, BI, HIRU, LAU, BOST, SEI, ZAZPI…REAL! TXAPELDUNAK!!

2021eko aurrekontua, adostasunaren aurrekontua

400 milioi euroko aurrekontua onartu berri dugu gaurko Udalbatzarran.

2020ean onartutakoa baino %8 txikiagoa da, osasun-larrialdiaren ondorioz diru-sarrerak gutxitu direlako. Baina inoiz baino adostasun gehien lortu duen aurrekontua da. Izan ere, Elkarrekin Donostia eta PP udal taldeekin batera lau milioi euroko zuzenketak onartu ditugu.

Zuzenketa horiek, alde batetik, COVID19a gehien jasaten ari diren saltoki txikierentzat zein ostalaritzarentzat aurreikusitako neurriak indartzen dituzte, eta bestetik, beste hainbat alorretako aurrekontu-sailak hobetzeko balioko dute – mugikortasuna, hiri-zerbitzuak, gizarte ekintza, berdintasuna…-.

Era berean, 2021eko aurrekontuak gizarte babeserako aurrekontu-sailak handitu ditu, eta beraz, behar gehien dutenei erantzun egokiak emateko eginda daude. Izan ere, nahiz eta aurrekontuak behera egin duen, gizarte babeserako aurrekontu-sailek gora egin dute, eta 2019ko aurrekontuarekin alderatuta – legealdiaren lehenengo aurrekontuarekin – %8,5 handitu dira, eta 2,6 milioi euro gehiago aurreikusi dira.

Gainera, aurrekontuak hiriko auzoetan inbertsioak egiteko 55 milioi euro ditu. Horri esker, hiriko auzoetan 80 bat inbertsio egin ahal izango dira.

Era berean, aurrekontutik harago doan akordioa sinatu dugu Elkarrekin Donostia taldearekin etxebizitzaren arazoari aurre egiteko neurriak hartzeko. Eta horrekin batera, Infernua, Illarra, Matia Fundazioko eremuak garatzeko konpromisoak jasotzen ditu, baita Loiolako Kuartelak erosteko negoziazioari ekiteko 15 milioi euro ere.

Hasieratik gure asmoa izan da ahalik eta akordio gehien lortzea aurrekontuak babes handiena izan dezan. Eta uste dut, lortu dugula. Beraz, eskerrik asko posible egin duzuen guztioi.

2021eko aurrekontu-proiektua: Hiria suspertzeko aurrekontu zuhurra

 

COVID-19k sortutako pandemiak eragindako ziurgabetasunak ez digu aukera eman 2021eko aurrekontua urtea hasi aurretik onartzeko, 2015etik egin dugun bezala.

 

Pandemiak eragindako ondorio desberdinei aurre egiteko 2020ko aurrekontuari hainbat doikuntza egin behar izan genizkion. Horiei esker,  urtea modu orekatuan itxi ahal izan dugu. Aldi berean, aurrekontu zuhur bat egin ahal izan dugu 2021erako, eta horrek aukera emango digu doikuntzak eta egokitzapenak egiteko, baldin eta bizi dugun egoera  denboran luzatzen bada.

Baina aurrekontuaren ezaugarri nagusia bere handinahia eta malgutasuna da. Eta helburua da, hiria berraktibaziorako prestatzea. Eta horretarako, inbertsio-kapitulu oso indartsua dugu – nahiz eta, aurrekontua %8 txikiagoa izango den, diru-sarrerak murriztu direlako eta Udalak bere mendeko sozietateei ekarpena handiagoa egin beharko dielako -. Guztira 80 milioi euro inguru kudeatu ahal izango ditugu (2021eko 39 milioi eta 2020ko gerakinari dagokion 40 milioi), zerbitzuak eta azpiegiturak hobetzen jarraitzeko.

Hiriak aktibo jarraitzen du, eta asko dira hiri gisa ditugun erronkak, hain zuzen ere, gauzatzen jarraituko ditugun erronkak. Baina horien artean garrantzitsuena, zalantzarik gabe, jarduera suspertzea da. Eta erronka horretan eragile aktiboa izango gara, eta ez dugu inor atzean utziko. Horiek horrela, aurrekontu-proiektuak % 4,9 handitzen ditu gastu sozialera bideratutako aurrekontu-sailak, 33,4 milioi eurora iritsi arte, eta era berean, Ekonomia Suspertzeko Plan berri bat jasotzen du, hiriaren muskulu ekonomikoa berreskuratzeko eta indartzeko, batez ere pandemiaren ondorioz krisia lehen pertsonan pairatzen ari diren sektoreei laguntzeko.

Horrela, 2021eko udal aurrekontua onartzeko prozesua abiatu da, eta martxoaren 31n amaituko da. Proposamenak egiteko, elkarbanatzeko eta negoziatzeko unea da. Horretarako, udal talde guztiei luzatzen diegu eskua. Ziurgabetasun handiko une zailak bizi ditugu, baina hitz egiteko prest gaude hiria hobetzen lagunduko duten proposamenak gehitzeko.

 

Informazio gehiago: 2021AurrekontuProiektua

Donostiak 1.036 milioi euroko eskaera egingo dio Europar Batasunari 78 proiektu egiteko

 

Covid-aren eraginez eta ondorioz sorturiko krisialdiari aurre egiteko, Europar Batasunak NEXT GENERATION programa martxan jarri du. Bertan, arlo jakin batzuetako egitasmoak bultzatu nahi dira. Horretarako, funtsak bideratuko dira, nahiz eta oraindik diru hori nola banatuko den argi ez dagoen. Hori bai, diru iturri hori ez da amaitezina izango, eta irizpide eta baldintza oso argi eta zorrotz batzuekin banatuko dira.

 

Ekonomiaren arlo zehatz eta jakinetan jarri du fokoa Europar Batasunak: transizio enerjetikoa, teknolojikoa, dijitala, ekolojikoa, mugikortasuna eta hirigintza azpiegiturak. Eta euskal erakundeek egitasmo horiek prestatzeko konpromisoa hartu dugu.

 

Donostian ere etxekolanak egin ditugu eta txosten  mardul bat prestatu dugu, Donostiako Sustapenak koordinatuta. Bertan, 78 proiektu identifikatzen dira, Europar Batasunak jarri dituen irizpideekin bat datozenak, eta guztira 1.036 milioi euro batzen dituzten proiektuak.

Hiriaren proiektuak dira. Donostiak egun begiz jota, identifikatuta, martxan dituen edo jarriko dituen proiektuak dira, eta 7.500 lanpostu sortzea suposatu lezakete.

 

Lankidetza publiko-pribatuaren arteko proiektuak dira, hau da, Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Aldundiak edo bestelako eragile batzuek (BIODonostia, CIDETEC, Tecnun, Adegi eta beste hainbat….) landutakoak. Eta Donostiaren Plan Estrategikoa osatzen duten proiektuak dira.

 

Besteak beste, honako proiektuak dira:

 

  • Bigarren Talent House-a

 

  • Tenbide ezberdinei loturiko azpiegiturak

 

  • Hriko transformazio proiektuak (peatonalizazioak, tarteko)

 

  • Etxebizitzen reabilitazio energetikoarekin lotutako proiektuak

 

  • Osasunaren arloan bultzatzen ari garen egitasmoak, Miramongo parkean kokaturikoak

 

  • Mugikortasun elektrikoarekin zerikusia duten proiektuak

 

  • Hiriaren garraioa elektrifikatzeko proiektuak

 

Funtsak jasotzeko hautagai asko izango dira, eta oraindik ez dago argi zenbat diru izango den, eta zein irizpideen arabera banatuko den. Beraz, oraindik badugu lana egiteko, eta horri ekingo diogu hurrengo hilabeteetan. Helburua da, Donostia eraldatuko duten proiektuak egiteko finantzaketa lortzea.