Loiolako Erriberako aldageltokiari hurrengo legegintzaldian behin betiko bultzada emango diogu

Loiolako Erriberako aldageltokiaren eraikuntzari behin betiko bultzada emateko konpromisoa hartu dugu gaur Markel Olano Diputatu Nagusiak eta hautagaiak eta nik neronek, izan ere, Donostialdean mugikortasuna eta Gipuzkoako lurralde osoa eraldatzeko puzzleari zentzua emango dio.

 

ETSren Hendaia-Zumaia lineak eta Renferen aldirietako lineak fisikoki bat egiten duten puntuan izan gara Loiolako Erriberetan eta ekintzara pasatu eta trenbide-azpiegitura horren proiektua gauzatzeko proposamena aurkeztu dugu.

 

Horri esker, aldageltokiak bi trenbide-sareen arteko intermodalitatea biderkatuko du, eta erabiltzaileek geltoki horretan trenez aldatzeko aukera izango dute. Prestazioak askoz hobeak eta sistema benetan eraginkorra izango denez, geltoki berriak bultzada nabarmena emango dio garraiobide honi.

 

Mariano Rajoyren agintaldian EAJk Espainiako Gobernuarekin aurrekontu-konpromiso bat ziurtatzea lortu zuen, eraikuntza-proiektuaren idazketara 900.000 euro bideratzeko. Hau da Donostiarekin eta Gipuzkoarekin dugun konpromisoa: gure herrikideei bizi-kalitate hobea ekarriko dieten aurrerapenak egitea eta eragitea.

 

Aldageltokia Donostiak luzaroan desio izan duen proiektua da, horrek ekarriko baitu hiriak garraio publikoaren sistema eraldatzeko egindako apustuaren zirkulua ixtea.

 

Topoaren prestazioak eta zerbitzuak hobetzeko egiten ari garen apustua dago batetik; Abiadura Handiko Trenaren iritsierarena bestetik; hiriko bus-flotaren elektrifikazioa ere benetan garrantzitsua da; horiei guztiei Erriberako aldageltokia erantsiko diegu eta hori trena garraiobide gisa indartzeko faktore biderkatzailea izango da, askoz eraginkorragoa eta erabilgarriagoa izango baita milaka herritarrentzat.

 

Gainera Loiolako aldageltokiaren garrantzia hiriaren mugez harago doa. Izan ere, proiektua ezinbesteko bultzada izango da lurraldeko trenbidea egituratzeko. Trenak Gipuzkoa egituratzen du garraio publikoaren ikuspuntutik eta eskualdeen arteko konexioenetik. Azpiegitura horrek lurraldean tren bidezko garraioaren bi ardatz nagusiak lotuko ditu. Bide azpiegitura modernoak eta interkonektatuak izatea, Gipuzkoa osoa indartzen dute, gizartearen, ekonomiaren zein ingurumenaren ikuspuntutik.

 

Trena “edukiera handiko garraiobidea dela, jasangarria eta eraginkorra; eta 2018an gehien hazi den garraio mota da -%11,63-, eta Zumaia eta Hendaia artean 12,3 milioi joan-etorri egiten dira urtean.

 

27 poligonorako sarbidea

 

Bestalde, Donostiako 27 poligonorako sarrera-irteeren proiektuak aurrera jarraitzen du. Foru Aldundiak aste honetan bertan onartu du exekuzio-proiektua. Bigarren ingurabidearekin konektatutako beste sarrera-irteera puntu bat emango duenez, horrek Donostiako industrialde horretako trafikoa arintzen lagunduko du.

 

Lotune horrek nabarmen arinduko du puntako orduetan ibilgailuen fluxua, gaur egun Martuteneko biribilgunetik soilik baitute sarbidea.

 

Azkenik, Foru Aldundiak eta Udalak Intxaurrondoko Marrutxipiko lotune berriaren proiektua zehazten jarraitzen dugu,   Donostiarako sarrera-irteera berriak irekiko baititu hiriaren ekialdetik. Hau funtsezko proiektua da Donostiarentzat, ibaiaren inguruko trafikoa arindu egingo baitu, eta, aldi berean, Gros eta Intxaurrondorrekin lotune erosoa izango du, Irunerako zein Bilborako noranzkoan sarbide bikoitzarekin.

 

Eusko Jaurlaritzak lagunduko du Donostiako bigarren Talent House-aren finantzaketan

Donostia, ezagutzaren hiria da eta Talent House-ak ekarpen handia egiten du. Gaur, Eusko Jaurlaritzak Donostiako bigarren Talent House-aren finantzaketarako hartu duen konpromisoaren berri eman dugu. Izan ere, ekipamentu estrategikoa da, ikertzaile eta zientzialariak hirira erakartzen lagunduko duena.

Eta horren berri emateko Talent House-en agerraldia egin dugu, Donostia International Physics Center-eko lehendakari den Pedro Miguel Etxenike eta biok.

Proiektu honi laguntzeko Eusko Jaurlaritzak erakutsi duen borondatea albiste bikaina da datorren legealdian Donostiako talentuaren etxe berria egia bihurtu ahal izateko

Ikertzaileentzako bigarren egoitza bat bultzatzea ezinbestekoa da, ikusi baitugu pertsona gehiago hartzeko gaitasunari dagokionez lehenbizikoak sabaia jo duela.

Modu oneko egoitza eskainirik, nazioarteko talentua erakartzea da zerbitzu honen helburua. Ondo baino hobeto betetako xedea, lehenbizikoa 2011. urtean inauguratu zenetik 1.500 ikertzailek baino gehiagok erabili baitute udal instalazio honek eskaintzen duen ostatu-zerbitzua. Zenbait kasutan, ikertzaile eta zientzialariek bakarka erabiltzen dute, baina familiak ostatatzeko aukera ere eskaintzen du. Gaur egun, Talent Housek 80 apartamentu ditu, eta, guztira, 168 pertsonari eman diezaieke ostatu. Batez besteko okupazio-maila % 85 ingurukoa da. Eskaintzen dituen zerbitzuen artean daude administrazio-izapideak egiteko lehen laguntza presentziala, ostatu-zerbitzua eta bikotekideei beren garapen profesionalean laguntzekoa.

Eraikina ireki zenetik orain arte 68 nazionalitatetako bezeroak izan ditu. %77 mundu zabalekoak dira, eta %23 Espainiatik etorriak.

Ezagutzaren hiria, aberastasun iturri

Donostiak ezagutzaren hiria izan behar du, Gipuzkoaren izaera industrialarekin erabat lotuta.

Zientzia eta teknologia, zerbitzu aurreratuak eta sormenaren ekonomia dira gure indarguneak. Eta hor dugu lehiakorrak izaten jarraitzeko bide garbi bat, ikerketari, garapenari eta berrikuntzari lotutako ekonomia garatuz. Horrek ahalbidetuko digu gure gazteei euren hirian geratzeko aukera eskaini ahal izatea, baina kanpoko jendearentzat ere erakargarri izango gara.

EAJk lortu zuen Estatuko Aurrekontu Orokorretan bost milioi euroko konpromisoa sartzea Miramongo CIDETEC zentroan bateria elektrikoen karga hobetzeko proiektu bat garatzeko.

Hori da EAJk hirian egiten duen apustua garapenaren eta ikerketaren alde: gure zentro teknologikoentzat finantzaketa lortu eta Donostian aberastasuna sortzen lagundu.

Berrikuntza proposamenak

Horrekin batera, Donostiarako hauteskunde-programan jaso dugu zerbitzu zientifiko intentsiboak eskaintzea eta I+Gko establezimendu kopurua handitzea, Donostia zerbitzu aurreratuen gune integratu bihurtzea xede. Gainera, unibertsitatean eta Lanbide Heziketako goi zikloetan ekintzailetza sustatu nahi dugu, bereziki zerbitzu aurreratuen esparruan.

Horren harian, Biozientziak sustatzeko konpromisoa hartu dugu, Miramongo ikerketa zentroak eta ospitaleak bultzatuz, eta arreta berezia eskainita, besteak beste, terapia genikoari, robotika medikuari eta osasun-dispositiboei; Ikerketa aurreratua sustatuko dugu nazioartean bikaintasuna aitortua duten zentroak bultzatuz –Donostia International Physics Center, Tecnalia, Cidetec, Graphenea…-; Donostian Foru Aldundiaren laguntzaz eraikiko diren elektromugikortasun eta zibersegurtasun zentroak baliatuko dira ikerketa-poloak sortzeko, herrialdera enpresa berriak erakarriko dituztenak; eta lan berezi bat garatuko dugu Eskusaitzetako industriagunera etor daitezen energia berriztagarri eta eraginkorren arloan aritzen diren enpresak.

Eta hori guztia alor ugari hartuko dituen garapen jasangarriaren bidez lortzeko gai izan behar dugu. Giza-garapen iraunkorraz ari gara, garapen ekonomiko jasangarriaz, ingurumen jasangarriaz.

Aldi berean, beharrezkoa dela unibertsitate-eskaintzaren eta bikaintasunaren esparruan zentro berrien sorrera sustatzea. Atal honetan, kirolari aplikatutako goi-errendimenduko zentro teknologikoa sortzea bultzatuko dugu, kirol mailako ezagutzaren erdigune eta elkargune bihurtuko dena.

Horrekin batera, ezagutzaren transferentzia ekoizpen-ehundurara bideratzeko, BIC-Gipuzkoaren bio-inkubagailua bultzatzea proposatu dugu start up-ak garatu daitezen. Inbertsio publikoa indartzeaz gain, Udalak finantzaketa eta bazkide pribatuak erakartzeko estrategia eraginkorra bultzatuko dugu.

Bestalde, garrantzitsua da hirian ezagutza zientifikoaren hedapena bultzatu eta zientzia eta kulturaren arteko harremana bideratzea, eta horretarako Passion for Knowlege Festibala bultzatzen jarraituko dugu.

Berrikuntza eta ezagutza zabaldu daitezke Donostian hazteko baldintza egokiak dituzten beste alor batzuetara, hala nola hirugarren sektorea edo zaintzarena, ikus-entzunezkoei lotutako ekonomia, gastronomiaren arloko berrikuntza, diseinua eta kirola.

Badugu egitura, baditugu ekimenak, alor horietan ikerketa eta garapen berezituari loturiko jarduera kualifikatua eragiten lagun dezaketenak”.

Hiri-ituna egitea proposatu dugu 2021ean Donostia plastikozko poltsarik gabeko hiria izateko

Donostiak izan behar du saltokietatik plastikozko poltsak erabat kenduko dituen   lehenengo euskal hiriburua, haien ordez poltsa berrerabilgarriak, birziklagarriak edo biodegradagarriak erabiltzeko. Hori da gure konpromisoa, eta bi urteko epea ezarri dugu helburu hori lortzeko.

 

Ildo horretan, datorren legegintzaldiko lehentasunetako bat izango da hiriko merkataritzan plastikozko poltsak guztiz desagerraraztea, ingurumenarekin konprometituriko hiri jasangarria izateko ekarpen zehatz gisa.

 

Gure inertzia eta ohiturekin, urtero milaka plastikozko poltsa erabiltzen ditugu, desegiteko hainbat hamarkada behar dituztenak, eta gure itsasoetan kutsadura handia eragiten dutenak. Uste dut donostiarren kontzientzia gero eta handiagoak bideragarri egiten duela horrelako erronka bat. Denon konpromisoarekin, saltoki eta kontsumitzaile, epe laburrean lortzeko modukoa iruditzen zaigu.

 

Kontsumo-ohiturak aldatu dira, eta uste dugu aipatutako ekimena Udalak gidatu behar duela. Horretarako, bide-orri bat zehaztu beharko da, eta merkataritzaren sektorearekin elkarlanean aritu, Donostia 2021ean plastikozko poltsarik gabeko hiria izan dadin. Helburu hori lortzeko, ekimen publiko-pribatuaren estrategia definitzea, herritarren kontzientziaziorako kanpainak egitea eta merkataritzaren sektorearekin -handizkako zein txikizkako- akordioak lortzea proposatu dugu, bi urte baino lehen Donostia plastikozko poltsarik gabeko lehen euskal hiriburua izatea lortzeko.

 

Gogoratu behar da, Udalak zabor-poltsa biokonpostagarriak diruz laguntzen ditu, eta gero eta jende gehiagok erabiltzen ditu, baina ez da nahikoa. Beharrezkoa da estrategia global bat zehaztea eta beste eragile batzuk inplikatzea, herritarrak bereziki.

 

Ildo horretan, Donostiak Klima 2050 Ekintza Planak ondo definitutako estrategia bat du, 2050. urterako berotegi-efektuko gasen isuriak % 80 murrizteko.

 

Donostiak oinarri ona du, eta abiapuntu sendoa da aldaketa klimatikoaren aurkako borrokaren lehen lerroan aritzeko. Hiri egokia, konprometitua eta ezagutza handiko sektore bat dugu, estrategia definituarekin aktiboki lagunduko dutenak.

Nazioarteko lehiaketa egitea proposatzen dugu Sagueseko urbanizazioa diseinatzeko

Sagues berrantolatzeko proposamena aurkeztu dugu kanpainako lehen igande honetan. Nazioarteko lehiaketa egitea proposatzen dugu auzoaren urbanizazio berria diseinatzeko. Izan ere, Sagues hiriaren gune oso berezia da eta irtenbide egokia behar du, hain zuzen ere, gunea biziberrituko duen eta hirian integratuko duen kalitatezko irtenbidea. Helburua, soluzio integrala eta kalitatezkoa ematea litzateke, hirigintzaren ikuspuntutik hiriarentzat garrantzi haundia duen espazio hau osatzeko.

 

Eta horretarako, hiru ardatz hartu behar dira kontuan: Sagüesek duen auzo izaera; erabilera anitzeko hiri gune aparta, aisialdirako asko erabiltzen dena; eta natura eta hiriaren batasun egokia.

 

Sagüesen donostiarrok hamaika gauza egiten dugu: paseatu, kirola egin, patinatu, surfa egin, kontzertuetara joan, terraza edo horman arratsaldea pasa edo, soil soilik, hiriak duen bista ederraz gozatu. Gainera, bertan bizi den jendea badugu, eta beste batzuk ikastetxera ere joaten dira.

 

Sagüesen azken urteotan eman diren soluzioak modu soltean hartu dira, inungo irizpie bateraturik eman gabe, eta horrek zati askoz osaturiko multzoa utzi du. Uste dugu ordua dela ikuspuntu orokor eta oso batetik soluzio integral bat mahai gainean jartzeko espazio hau eraldatzeko asmoz.

 

Horrenbestez, nazioarteko lehiaketa antolatzearen alde egin du, auzoaren erabateko biziberritzea egiteko, eta horretarako hirigintzan zein arkitekturan adituak diren taldeak deitzearen alde egin du. Horren harian, EHU/UPVko Arkitektura Eskolako ikasleek legealdi honetan egindako lana, auzoan hartu beharreko neurrien inguruan hamar irizpide utzi dituztelarik, eta jarraitu beharreko bidea erakutsi digutelarik.

 

Aldi berean, bertako bizilagunekin prozesu partehartzailea egitea beharrezkoa ikusten dugu, eurek esan dezaten zeintzuk diren auzoaren beharrak eta proposamenak.

 

Hortaz, argi gelditu da irtenbidea ez dela eraikinak egitea, baizik eta gunea auzoan eta hirian orokorrean modu egokienean integratzea. Horrenbestez, auzoaren beharrei erantzungo dien gune funtzional baten alde egiten dugu, baita hiriak dituen erabilera ezberdinei erantzuna emango dien diseinu baten alde ere.

 

Helburua da bertan bizi direnak gustura bizitzea eta euren auzoko bizi baldintzak hobetzea; baina baita Donostiatik zein kanpotik hurbiltzen direnei ere aukera ezberdinak eta hobeak eskaintzea ere.

 

Lur azpiko aparkalekua haunditzea

 

Horiek horrela, proposatu dugu, lur-azpiko aparkaleku handiago bat egitea, kalean dauden ibilgailuak kentzeko eta, beraz, donostiarrak disfrutatzeko gune handiago bat izateko. Eta gune hori auzoarentzat funtzionala izango litzateke, eta hiriak ere aisialdirako eta kultur zein kirol erabileretarako gunea irabaziko luke.

 

Neurri horrekin ibilgailuak kenduko ditugu kanpoaldetik, eta bertako pertsonen joan-etorria erraztuko dugu, baita bertako terraza eta ostalarien jarduna biziberritu ere.

 

Gure iritziz, irtenbideak auzoa eta hiria lotu behar ditu, gunearen erabileraz baliatuz, eta beti natura eta hiria integratuz eta auzoaren beharrei erantzunez.

Anoetako kirol-hiriaren kudeaketa partzuergo baten bidez egitea proposatzen dugu

Kirol arloko proposamenak aurkeztu ditugu gaur. Eta ildo nagusiak dira hiriko kirol instalazioak hobetzea eta modernizatzea. Hortaz, proposatu dugu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera partzuergo bat sortzea Anoetako kirol-hiriaren kudeaketa egiteko, eta hiriko kirol instalazioak berritzeko.

 

Behin Anoetako Estadioa eta Belodromoaren atletismo pista berrituta, ordua da beste instalazioak berritzeari ekiteko. Estadio Txikia – hilabeteak daramate lanean -, Illunbe, Atano III.a edo Josean Gasca kiroldegia berritzeak Donostian zein Gipuzkoan onurak izango ditu, izan ere, klub eta kirolari asko dira instalazio horiek erabiltzen dituztenak. Horregatik, uste dugu, kirol-hiri moderno bat egiteko irtenbiderik onena baliabideak modu partekatuan kudeatzea dela, betiere, instalazioak kluben eta Kirol Txartelaren erabiltzaileen eskura jarriz.

 

Kirolaren gune teknologikoa

 

Ildo beretik, proposatu dugu kirolaren gaineko teknologia berritzaileen gunea sustatzea, hirian zein lurraldean dagoen ezagutzaz baliatuz. Hortaz, proposatu dugu Donostiak sustatzea erakundeek (Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta Udalak), kirol entitateek (Reala bazkide nagusi delarik, eta beste hainbat kluben parte hartzearekin) eta bazkide teknologikoek (Tecnalia, IK4, Unibertsitateak, osasun ikerketzaileek…) osatuko luketen gunea. Eta helburua da hiriarentzat enpresa-sektore estrategiko berri bat sortzea eta kontsolidatzea.

 

Bertan, dibulgazio, sentsibilizazio eta formazio ekintzak egingo lirateke, baita sektoreak dituen beharrei aurre egiteko ikerketa-proiektuak (osasuna, kirolari aplikatutako teknologia berezia) zein hazteko aukera handiak dituen sektorean enpresa-ekimen berrien sustapena ere.

 

Altzako kiroldegia eta kirol instalazio berriak

 

Anoeta kirol-hiriaren hobetzearekin eta berritzearekin batera, hurrengo legealdian ere segidako proiektuak amaituko dira: Altzako kiroldegia, atletismoa eta errugbia egiteko Anoetako estadio txikia, belar hockey zelaia edota Herrerako futbol zelai zaharra ordezkatuko duen Merkear-eko zelaia.

 

Beharrezkoa da, halaber, Kirol Txartelaren zerbitzuak hobetzea eta handitzea. Eta helburua da bazkide-kopurua handitzea eta 52.000 bazkide izatera iristea. Horretarako, proposatu dugu instalazio berriak egitea Loiolako Erriberetan edo Txominenean, eta Bidebietako kiroldegia berritzea. Izan ere, horrenbestez, zerbitzuak indartuko dira, betiere, berrikuntza sustatuz eta kalitatea hobetuz.

 

Era berean, beharrezkoa da hirian kirola aire librean egitea bultzatzen jarraitzea. Eta horretarako EAJ-PNVk hauteskunde programan segidako ekimenak jaso ditu: aire librean hiri-gimnasio sarea sortzea, skate gune berriak egitea, kirol anitzetarako aisialdi pista gehiago jartzea, eta Loiolako Erriberetan piraguismo zentro berria egitea Urumea ibaiak ematen dituen aukerez baliatuz.

 

Emakumeen kirola sustatu

 

Emakumeen kirolak atal berezia du gure programan, eta laguntzea, garatzea eta sustatzea dira atalaren ildo nagusiak. Gogoratu, Donostia emakumeen kirolean erreferente dela, eta hiriko emakumen kirolak arrakasta handiak izan dituela ospe handiko garaipenekin.

 

Ezin dugu ahaztu ere, legealdian zehar Udalak Kontxako banderaren emakumeen eta gizonen sariak berdindu dituela, berdintasunaren aldeko aurrerapauso garrantzitsua eginez.

 

Horren harian, Emakumeen kirola laguntzen jarraituko dugu eta, horretarako, laguntza ekonomiko bereziak bideratuko ditugu, eta sustapen zein ikusgarritasun kanpainak egingo ditugu. Eta horren guztiaren helburua da lizentzia federatiboak hazten jarraitzea eta egungo %33tik %40ra pasatzea.

 

Kirola osasuna eta gizarte kohesioa hobetzeko tresna

 

Kirola egitea garrantzitsua da gizarte aktibo, osasuntsu eta bizi-kalitate hobea izateko. Gainera, kirolak batu egiten ditu adin, sexu eta jatorri ezberdinetako pertsonak. Eta era berean, gizarteratze tresna da. Hortaz, Gizarte Kirol Txartela edo Gurasobakarren Kirol Txartela modalitateak sustatzen jarraituko dugu, baita arlo ezberdinetako elkarte zein kirol egokituaren federazioarekin elkarlana sustatzen ere.

 

Egun, donostiarren %70 baino gehiagok kirola egiten dute. Hori kontuan hartuta, gure erronka da bataz besteko hori %75era iristea, eta horretarako ezinbestekoa da elkarlanean aritzea hiriko kirol-eragileekin. Halaber, jarduera fisikoa egiteak osasuntsu egotearekin lotura du eta hori indartzeko ekimenak bultzatzea ezinbestekoa da, eta besteak beste, PIZTU programa auzo guztietara hedatzea proposatu dugu. Programa horretan Osakidetzako medikuek kirola agindu egiten diete paziente askori.

Haizearen Orrazia Gizateariaren Ondare izendatzeko talde-bultzatzailea sortuko dugu

Kanpainaren lehen egunean, Haizearen Orrazira gerturatu gara, izan ere, gure asmoa da lehenbailehen sortzea Haizearen Orrazia UNESCO-ren Gizateriaren Ondare izateko hautagaitzaren talde-bultzatzaile bat. Eta helburua da Monumentu Multzoa nazioarteko sari hori lortzea.

 

Asmoa da erakunde- eta kultura-eragile ezberdinez osatutako talde-bultzatzailea sortzea, Peña Gancheguik eta Eduardo Chillidak sortu zuten gunea nazioarteko kategoria hori lortzeko. Egun sari hori lortzea posible den ametsa da.

 

Duela gutxi Eusko Jaurlaritzak bide horretan funtsezko aurrerapausoa egin zuen, Kultura Ondare izendatuz, eta horrenbestez, elementu artistiko edo arkitektoniko batek izan dezakeen babes-maila altuena emanaz.

 

Behin Eusko Jaurlaritzaren babes-maila nagusiena lortuta, beste pauso bat emateko unea da, eta Haizearen Orrazia Gizateriaren Ondare izateko lan egingo dugu.

 

Haizearen Orrazia Donostiaren eta Euskadiren kultura ondarea da, eta badu ere UNESCOren Gizateriaren Ondarearen parte izateko behar duen maila.

 

Helburu hori lortzeko, beharrezkoa dela indarrak batzea, eta horregatik talde-bultzatzaile bat sortu nahi dugu, eta bertan, kultura- eta erakunde-eragile ezberdinen partehartzea lortzea. Eta eragile horien guztien lana izango da hautagaitza-proposamena prestatzea UNESCOri aurkeztu ahal izateko.

 

Donostiarrok oso harro gaude Peña Gancheguik eta Chillidak duela 40 urte sortu zuten lanaz. Eta konsziente izan behar dugu, lan horren balioa gure donostiar izatearen parte dela, eta balio horrek unibertsala izan behar duela mundu guztiarekin partekatu ahal izateko.

 

Proposamena aurkezteko Kultura sailburu Bingen Zupiriaren babesa izan dugu. Sailburuaren ustez, “datozen urteotan Donostiak aukera paregabea izango du artearen arloan pisua irabazteko eta munduaren aurrean leku garrantzitsu batean kokatzeko. Chillida Leku, Tabakalera edota Kontxako Badiaren inguruan aurki ditzakegun arte-lanak (Oteiza, Cristina Iglesias, Chillida…) giltzarri izango dira horretarako. Haizearen Orraziari daukan balio unibertsala aitortzeko egiten ari den lana ere funtsezkoa izango da bide horretan.

 

Eduardo Chillida paealekua oinezkoentzat

 

Era berean, Eduardo Chillida Pasealekua oinezkoentzat egitearen alde egiten dugu, Ondarretako hondartzarako arrapalatik aurrera. Horri esker, pasealekua eta eskultura-multzoa balioan jarriko dira, eta oinezkoek gune natural zoragarriaz goza ahal izango dute.

 

Egun, Udala gune osoaren segurtasuna bermatzeko, magalean sarea jartzeko proiektua idazten ari da, eta beti, egun dagoen behin behineko segurtasun horma kentzeko. Gogoan izan, horma hori jarri zela pertsonek paretara ez gerturatzeko, lur-jauziak zirela eta.

 

Proiektua Peña Gancheguie eta Chillida familien adostuta dago, eta gunearen estetika eta segurtasuna kontuan hartzen ditu. Gainera, Udalaren proiektuak gunean beste hainbat konponketa egitea aurreikusten du, eta besteak beste, irisgarritasuna ere hobetzeko helburua du.