Nire konpromiso pertsonala Donostiako herritarrekin

Spread the love

Alkate batek kudeaketa onaren konpromisoa baino askoz irmoagoa hartu behar du.   Udal politika beste edozein baino gertuago dago kaletik, eta uste dut nire betekizunetako bat dela herritarrak ilusioa eragiteko moduko proiektu batean inplikatzea. Lau urte hauetan, nire diskurtsoa eta kudeaketa gure hiriaren esparrura egokitu ditut, horrela bakarrik elkartu ahal izango baititugu talentua eta ahalegina, Donostia hobea eraikitzeko erronkan.

Politikariekiko konfiantza gutxiko une batean iritsi gara Maiatzaren 26ra. Estatuko azken kanpainako ikamikek edo populismoak politikatik aldentzen dute jendea. Horregatik, nire lehen helburua udaletxeko ateak ireki eta herritarrekin distantziak apurtzea da, fisiko zein emozionalak.

Konfiantza, zuen konfiantza eskuratzeko, kudeaketa arduratsua baino zerbait gehiago behar da. Kanpaina ixtea erabaki dut Donostiako herritarrekin 5 konpromiso pertsonal hartuz. Hauteskundeen aurreko egun hauetan partekatzen dut, eta hauxe izango da aginduko dudan lehen gauza alkate izaten jarraitzeko zoria izaten badut.

  1. Donostiaren interesak defendatzen jarraituko dut beste helburu politiko edo pertsonal guztien gainetik. Udal proiektu orok lehentasuna emango dio herritarren ongizateari.
  2. Zintzotasunez, gardentasunez eta justiziaren zentzuz gobernatzen jarraituko dut. Eta gure hiria, mundu osoaren aurrean, merezi duen duintasunez ordezkatzen.
  3. Ideia guztiei irekia dagoen hiria eraikitzen jarraituko dut. Donostiar guztientzako lan egin eta haien ordezkari politikoekin hitz egingo dut.
  4. Herritarrei emango diet lehentasuna, orain arte bezala. Jendea enpatiaz eta hurbiltasunez tratatuko dut. Herritarrekiko harremana eurek aukeratzen duten bidetik eta hizkuntzan izateko konpromisoa hartzen dut. Den-denak errespetatuko ditut, jatorriaren, generoaren, iritzien edo sinesmenen artean bereizketarik egin gabe.
  5. Aurrera egiten jarraituko dut, Donostiak aurrerapen, errespetu eta bizikidetza-eredu izaten jarrai dezan.

Eneko Goia

Donostiar guztien alkategaia