Hiru ardatz nagusi eta elkarlanerako konpromisoa

Iñigo Urkullu lehendakariarekin bilera egiteko aukera izan dugu gaur hautagai-zerrenda osatzen dugun gizon-emakumeok, eta bere konpromisoa adierazi digu elkarlanean hiriarentzat onak izango diren etorkizuneko proiektuak garatzen jarraitzeko, azkeneko legealdietan jarraitu dugun lan egiteko ereduari eutsiz.

Urte hauetan guztietan elkarren artean hainbat proiektu aurrera eraman ditugu, hain zuzen ere, Donostia bizitzeko, bizikidetzarako, lan egiteko eta disfrutatzeko Europak hiririk onena izateko ekarpena egin duten edo egingo duten proiektuak. Eta laster, proiektu gehiago garatzen jarraituko ditugu, besteak beste, Donostia ikerketa eta ezagutzaren munduko mapan jartzen lagunduko duen Basque Quantum proiektua.

Gainera, Lehendakariak bere konpromisoa adierazi du, Miramongo Teknologia Parkea handitzeko proiektua errealitate izateko ekarpena egiteko, baita Eskusaitzeta industrialdean enpresa eta proiektu berriak ezartzeko ere. Ziur nago eskutik helduta Donostia hiri modernoa, etorkizunerako prest dagoena eta donostiarren eskaerei erantzuten diona izateko pausoak ematen jarraituko dugula.

Izan ere, hori da EAJ-PNVren kudeaketa eredua: Ideia berritzaileak, anbizioa eta bermea duten proiektuak dituen eredua. Gure ereduaren aurrean, protestan, iraganean eta inoiz existitu ez den hiri baten nostalgian oinarritutako beste batzuen eredua dago. Hortaz, maiatzaren 28an aurrera egin edo iraganera begiratzearen artean aukeratu beharko dugu. Eta, horiek horrela, guk argi dugu, batera, aurrera.

Horregatik gure hauteskunde-egitasmoak hiru ardatz nagusi ditu: Donostiarra eta geure auzoak zaindu, Enplegua sortu eta hirian bizi eta gozatu. Hurrengo asteetan saiatuko gara ardatz bakoitzari buruzko xehetasunak ematen.

Argi dugu Donostiaren etorkizuna ezingo dugula eraiki donostiarrekin zein gainerako erakundeekin elkarlanean aritu gabe. Orain arte horrela egiten saiatu gara, eta hemendik aurrera ere horrela izaten jarraituko du, eta beti, helburu jakin batekin: Donostia bizitzeko, bizikidetzarako, lan egiteko eta disfrutatzeko Europako hiririk onena izatea.

Eskerrik asko Lehendakari gugan jarri duzun konfiantzagatik eta Donostiarekiko beti erakusten duzun konpromisoagatik.

Auzoz auzo donostiarren eskaerak erantzungo ditugu

Gaurkoan Donostiako EAJ-PNVren hautagai-zerrenda ostatzen dugun taldearen bilera egin dugu, hurrengo asteetan jarraituko ditugun lan-ildoak zehazteko.

 

Hurrengo asteetan, auzoz auzo ibiliko gara donostiarren eskaerak erantzuten. Eta horretarako, auzo guztietan egongo gara, modu zehatzean egindako esku-orriak banatzen. Eta esku-orri horietan azken hilabeteetan donostiarrek zuzenean zein sare sozialen bidez egin dizkiguten eskaerei erantzunak aurkituko dituzte.

 

Hala ere, hau ez da orain martxan jarri dugun zerbait. Legealdiaren hasieratik, 2015-2019 legealdian hasitako prozesuarekin jarraitu dugu, eta astero hitzordua eskatu duten ehun hiritar baino gehiagorekin egoteko aukera izan dut.

Era berean, behin osasun-larrialdiaren konfinamendua amaituta, auzo mahaiak antolatzeko ekimenarekin jarraitu dugu, Amara Berrin eta Loiolako Erriberatan, auzo horiekin lotura zuzena duten gaiei heltzeko. Eta gainera, auzo elkarte ezberdinekin izandako harremana, etengabekoa, arina eta oso emankorra izan da. Horri esker, besteak beste, honako proiektuak martxan jarri ditugu: Bidebietako plazaren berrantolaketa – laster hasiko dira lanak – Sorleku parkea Dbusen kotxeren ondoan sortzeko proiektua, edo Antiguako frontoiaren harmaila berritzea.

 

Halaber, arlo ezberdinetako 200 pertsonarekin – gazte, adineko pertsona edota gizarte-, ekonomia- eta kultura-eragileak – bilerak egiteko aukera izan dut. Horiekin guztiekin, zuzenean eta modu zintzoan, hitz egin eta eztabaidatu ahal izan dugu martxan dauden proiektuei zein Donostiako etorkizuna guztion artean eraikitzen jarraitzeko hainbat proposamenari buruz.

Argazki hauetan ikusten duzuen lan-taldea ilusioa eta bide-orri argia duen lan-taldea da. Eta entzute aktiboan oinarritutako politika egiten jarraitu nahi du, enpatiatik eta hiritarrek eskatzen duten atentzioa emanez.

 

Laster aurkeztuko dugu gure hauteskunde-egitasmoa. Ehunka donostiarren ekarpenetik egindako programa da, Donostiatik eta Donostiarentzat egindakoa. Eta programak helburu nagusi bat izango du: Donostia bizitzeko, bizikidetzarako, lan egiteko eta disfrutatzeko Europako hiri onena egitea.

Miramongo Teknologia Parkearen handitzea sustatuko dugu

Donostiak bere posizionamendua indartu du zientzia eta ezagutzaren hiria bezala. Eta horri esker, I+G+Bn balio handiko jarduerak jartzeko lur eskaerak jasotzen jarraitzen du.

 

Enpresa aurreratu horiek hartzeko Miramonen dagoen lekua txikia da, beraz, ezinbestekoa da Teknologia Parkearen handitzea sustatzea, alde betetik, Galarreta / Hernanirantz, eta bestetik, Illunbe Tenkologia Parkera gehituz.

 

Egun teknologian eta ezagutzan erreferente izateko hainbat aktibo ditugu, beste askoren artean, BioDonostia, Viralgen, Ikerbasque edo DIPC. Eta horiek guztiek inbertsio publiko eta pribatu handiak erakarri dituzte, baita ehunka lanposturen sorrera ere.

Horri esker, Donostiak talentua erakartzeko gaitsuna du. Eta Miramongo Teknologia Parkearen handitzearekin talentu berria erakartzeko, baina batez ere, bertakoa mantentzeko gaitasun gehiago izango dugu.

 

Donostiak egitura eta edukia du Europan zientzia, teknologia eta ezagutzan erreferente izateko. Ekosistema sendo bat dugu. Ikerketa, zientzia eta teknologian inbertsioak egiten dituen ekosistema; erakartzeko gaitasuna duena, eta 6.000 ikertzaile baino gehiagori lana ematen diona.

 

Donostia zientzia, teknologia eta ezagutzaren hiria bezala kontsolidatzen lagunduko du segidako ezaugarriak izatea: lehen mailako unibertsitateekin eta ikerketa erakundeekin ikerketa eta garapena egiten jarraitzeko azpiegitura izatea; Gipuzkoan dugun enpresa-ekosistema izaten jarraitzea; teknologia-azpiegitura aurreratuak izatea; eta proiektu berriak erakartzeko gaitasuna izango duen gobernu-politika.

Beraz, erronka handia dugu aurrean, hain zuzen ere, ilusio eta asmo handiko erronka; etorkizunari begiratzen diona. Eta horri aurre egiteko ezinbestekoa izango dugu arlo publiko eta pribatuaren arteko elkarlana sendotzen jarraitzea.

 

Parkea handitzeak, zalantzarik gabe, merezi duen apustu estrategikoa da, hiriaren ekonomia-jarduera indartuko duelako eta, finean, horren onuradun nagusienak donostiarrak izango direlako.

 

Egin dezagun elkarrekin Donostia bizitzeko, bizikidetzarako, lan egiteko eta disfrutatzeko Europako hiri onena.

Ilusio eta motibazio handiko 200 boluntario gure egitasmoaren berri emateko

Hurrengo asteetan 200 boluntario Donostiako auzo eta kaleetan ibiliko dira donostiarrei etorkizuneko zein martxan dauden proiektuei buruzko informazioa ematen, eta entzutera eta partehartzera irekita dagoen gure hauteskunde-egitasmoa osatzeko ekimenak jasotzen.

Boluntarioek zapatila bat marraztuta duten kamiseta urdinak eta txuriak jantziko dituzte hurrengo asteetan egingo diren ekitaldi zein ekintzetan. Kamisetak Donostia biziaren, osasuntsuaren eta parte hartzailearen ikur dira, geldi egon eta atzera begira nahiago duten sedentarismoa proposatzen dutenei  aurre egiteko.

Guztion artean donostiarrak izateaz harro gauden pertsonaz osatutako olatua egin nahi dugu, hain zuzen ere, hiriari modu positiboan ekarpenak egin nahi dizkion olatua. Altzan hasi, eta gainerako auzo guztietara, Ekialdetik Mendebaldera, hedatuko den olatua izatea nahi dugu. Eta olatu horretara batu nahi ditugu hiria hazten jarraitzeko eta erreferente izateko gogoa duten donostiar guztiak.

Bide hori urrats sendo eta erabakiorrez egiten jarraitu nahi dugu. Horretarako, Spotify plataforman “Donostia On” musika zerrenda osatu dugu (Donostia ON 💙), bidea musikak jartzen gaituen erritmo onean egiteko.

Argi dugu gure bide-orria zein den, parte hartzean eta entzutean oinarritutako bide orria. Eta horri heldu nahi diogu auzo guztietatik kilometroak egiten jarraituz, Donostiak erritmo onean aurrera egiten jarrai dezan.

Hiriaren alde gauza bereziak egin nahi dituzten pertsona arruntak gara, eta guztioi bezala, Donostiak batzen gaitu. Elkarrekin bide hau egitera animatzen zaituztet; izan ere, donostiarrok indarrak batzen ditugunean gauza handiak egiten ditugu

Entzuteko, elkarrizketarako eta Donostian barrena kilometro asko egiten jarraitzeko prest!

Azken hilabeteotan ehun bat donostiarrekin bilerak egiteko aukera izan dut. Fokoetatik kanpo egindako bilerak izan dira, eta bertan, zintzotasunez eta argi hitz egin dugu, hiria nolakoa izan behar duen, gustuko dituzten gauzei eta ez dituztenei buruz.

 

Eta hori izango da ere hemendik aurrera jarraituko dugun ibilbide-orria: entzute, elkarrizketa eta kilometro askotako kanpaina egingo dugu Donostia bizitzeko, bizikidetzarako, lan egiteko eta disfrutatzeko Europako hiri onena izateko behar diren ekarpen guztiak jasotzeko.

Donostia hiri dinamikoa, exijentea eta bizi-kalitate handikoa da, eta gehiago izan nahi du. Horregatik, hiriak aurrera egiten jarraitu behar du, proiektu zehatzekin, garatu ezin daitezkeen proposamen demagogiko eta populistetatik aldenduz.

 

Horregatik, Maiatzaren 28an donostiarrok bi ereduren artean erabaki beharko dugu: hiria aurrera egiten lagunduko duen ilusio handiko eredua, hau da, lidergo sendoa eta egonkortasun politiko eta instituzionalean oinarria duen EAJ-PNVren erdua; ala beste hainbatek proposatzen duten eredu zaharakitu bat, hain zuzen ere, hiri itxi batetara itzuli eta etengabeko eztabaidan murgilduta dagoen asmo handirik eta Europan erreferente izan nahi ez duen hiri geldituaren eredua.

 

Nik argi daukat. Erakundeekin eta hiriko eragile guztiekin elkarlanaren alde egiten duen ereduaren hautua egiten dut. Ehun ekonomiko lehiakorra duen hirian bizi nahi dut. Euskadiko Langabezia-tasa txikiena duen hirian. Ikerketa, zientzia eta ezagutzan Europako erreferente izan nahi duen hirian. Donostiarrek euren bizitza proiektuak hirian garatzeko etxebizitza publikoaren eskaintza hobetzen jarraitzen duen hirian. Puntako kirol instalazioak dituen hirian. Eta, batez ere, donostiarren ongizatea lehenesten duen hirian, inor atzean utzi gabe.

Eta horiek guztiak eta beste hainbat gehiago lortzeko lanean aritu gara azken urteetan, gure indarguneak indartuz, ahuldadeei aurre eginez, eta beti, elkarlana sustatuz, hain zuzen ere, arlo publiko eta pribatuaren arteko elkarlana. Eta horri esker, etorkizunari baikortasunez begiratzeko aukera dugu.

 

Baina etorkizuneko Donostia hori ezin dugu eraiki donostiarren partehartzea gabe. Horregatik, hainbat komunikazio kanal ireki ditugu proposamenak, ideiak, proiektuak, kezkak edo zalantzak partekatzeko. Donostiar guztion partehartzea gabe ezingo dugulako aurrera eraman guztiok amesten dugun Donostia.

Donostia 💙 Txirrindularitza

99 egun gelditzen dira Frantziako Tourra Donostiara iristeko. Ez da, ordea, lehenengo aldia izango, baizik eta hirugarrena.

 

1949.urtean iritsi zen lehendabiziko aldiz Frantziako Tourra Donostiara. Uztailaren 9a zen eta Bordelen hasi zen 228 kilometrotako etapa iritsi zen Donostiara. Louis Caput frantziarrak irabazi zuen etapa hura. Hurrengo egunean, uztailaren 10ean, Tourra Donostiatik abiatu zen Paue-rantz. Fausto Coppi txirrindulari italiarrak irabazi zuen urte hartako Tourra.

1992.urtea arte itxaron behar izan genuen berriro ere Tourrari harrera egiteko. Baina nolako harrera! Uztailaren 4tik 6ra eman zuen Frantziako Tourrak gure artean. 8 kilometrotako erlojuaren kontrako etapa, Donostia – Donostia 194,5 kilometrotako bigarren etapa, eta Paue-rantz abiatu zen hirugarrena hartu genituen.

 

Orduan izan ziren gurean Miguel Indurain txapeldun handia – lehenengo etapako garaile -, Dominique Arnould – bigarren etapako garaile -, Alex Zulle – bigarren etaparen ostean maillot horia jantzi zuen -, Claudio Chiappucci, Laurent Jalabert, Stephen Roche, Laurent Fignon, eta beste hainbat izar. Udaletxeko albo batean dagoen plaka batek gogoratzen digu egunero irteera hura.

 

Uztailaren 2an Tourrak hirugarren aldiz bisitatuko du Donostia. Hirugarren aldiz zuzenean kirol munduan dagoen ikuskizun handienetako batekin gozatu ahal izango dugu. Baina ez da bakarra izango, aurretik Emakumeen Itzulia, eta ondoren, Donostiako Klasikoa ere izango ditugulako, Donostiak Txirrindularitzarekiko duen pasioa erakutsiz.

Donostia txirrindularitza gabe ez litzatekeelako berdina izango. Egunero ikusten ditugu dozenaka txirrindulari entrenatzen. Eta lan handia egiten duten hainbat talde zikloturista ditugu, baita txirrindularitza eskola bat ere – Donostialdea Bizilketan –, harrobia lantzen duen txirrindularitza eskola.

 

Euskadik 2023ko Grand Depart-a hartuko du, hortaz, Euskadi osoak, baita Donostiak ere, mundu osoan isla izango du. Gure Herria, Hiria eta nortasuna erakusteko aukera paregabea izango dugu. Eta nortasun horren adibide txirrindularitzarekiko dugun maitasuna dago.

 

Beraz, OngieTOURri eta goza dezagun ikuskizunaz!